Meteorito ehiztariak, urre koloreko ametsa Marokoko basamortuan
Txindurri lana da, baina saria ez da nola halakoa. Maroko hegoaldeko basamortuan makina bat lagun aritzen dira meteorito zatiak topatu nahian. Urrea baino garestiago ordaintzera ere iritsi dira. Aberastu egin dira batzuk; miseriatik irteteko saialdian jarraitzen dute beste askok.
Hara eta hona dabiltza oinez edota errepidetik irten eta autoan zerutik eroritako harriak aurkitzeko itxaropenarekin. Meteorito zatiak topatu nahi dituzte, ikertzaileen eta bildumagileen artean estima handia dutenak. «Zorte kontua da, loterian jokatzearen parekoa da», dio, barrez, Abderrahmanek. 48 urte ditu eta sarritan joaten da meteorito bila. «Urreak baino gehiago balio dezake!», nabarmendu du Mohamed Bouzgarinek. Zagoran bizi da, ia desertu den hirian, Rabatetik 700 kilometrora. 59 urteko gizona orain lau urte hasi zen meteoritoak topatu nahian. Txapela buruan ondo lotuta eta kirola egiteko arroparekin, dunak eta lautadak zeharkatzen ditu bere autoarekin. Bere aurkikuntzak ezagutzeko lupa bat eta iman indartsu bat erabiltzen ditu.
Itogarria den beroarekin, erabat lehortutako eremu baten parean jarri da M‘Hamid El Ghizlane herrian. Eremuak indiar eta cowboyen filmetan agertzen diren paisaietako bat dirudi. Sakonune bat duen eremuaren aurrean egiten du geldialdia. «Honek orain denbora asko talka bat izan zela adierazten du: lehenengo aztarna da», esan du.
Bera bezala, hainbat pertsonak ematen dituzte orduak Erfoud, Tata o Zagorako desertu eremuetan meteorito zatien bila; eta haiekin batera atzerritik etorritako aditu hainbatek ere bai. Izan ere, Maroko hegoaldea mundu mailan da ezaguna meteoritoengatik. «Gutxienez gai honetaz argitaratzen diren zientzia artikuluen erdiak baino gehiago Marokon jasotakoetan oinarritzen dira», azaldu du Hasnaa Chennaoui Aoudjehane geokimikariak. «Eremu hauek oso egokiak dira meteoritoak pilatzeko, ez dago-eta landaredi askorik eta kalte egiteko aukerak murritzagoak dira», zehaztu du Casablancan dagoen Hassan II.a Unibertsitateko irakasle honek.
Meteorito zatiak urre koloreko harean bereiztea ez da batere zaila, baina, noski, leku egokian begiratu behar da. «Zientzialariek ez dute euren laborategiak utzi eta meteoritoak bilatzeko astirik izaten», aipatu du Bouzgarinek. Berak orain nahi adina du, garaia baino lehen hartu zuelako erretiroa.
Informazio garrantzitsua gordeta
Zientzialarientzako harri hauek informazio garrantzitsua gordetzen dute munduaren sorreraren inguruan, planeten bilakaeraren gainean eta baita euren osaketaren inguruan ere. Estatistikoki, topatzen diren bost meteoritotik bat da erabilgarri eta baliotsua.
Zientzialarien eta harri hauek pilatu nahi dituzten bildumagileen interesak meteorito zatien prezioa handitu du eta horrekin batera, baita «ehiztarien» kodizia ere. Legea edota haren gabezia ere alde dute. Marokon ez da meteoritoen jabetzaren inguruan lege zehatzik eta horregatik, haien jabetza aurkitzen dituen pertsonarena da. Beste leku batzuetan, ordea, Estatuarena izan ohi da.
«Prezioa harriaren berezitasunaren, formaren... araberakoa da», aipatu du Bouzgarinek. «Marteko harriak –jarraitu du– garestiak dira, zenbait kasutan 10.000 dirham (900 euro) ordaindu izan da gramoko».
Bilatzen eta topatzen jarraitzeko moduan izango dira aurrerantzean ere; izan ere, azken urteetan hainbat meteorito erori dira eta horrek, noski, bilatzaile gehiago erakarri ditu. 2011n, esaterako Tata eremuan meteorito batek talka egin zuen eta ordu gutxiren buruan dozenaka eta dozenaka pertsona gerturatu ziren zatiren bat topatuko ote zuten. Tratu ona egin zuten, izan ere, sasoi hartan 500 eta 1.000 dolar arteko prezioan saldu zen harri gramo bakoitza. Orotara zazpi bat kilo saldu ziren. Abderrahmanek hogei egun eman zituen hara eta hona bila, baina ez zuen zorterik izan. «Beste batzuek diru asko egin dute», dio bolo-bolo dabilen istorioetako bat kontatzen duen bitartean: «Meteorito ehiztari batek 600 gramo topatu eta saldu ditu, bakoitza 7.500 dirhamen (660 euro) truke».
Aberasteko ametsa
Bere esanetan, 2000. urtetik aurrera jende asko hasi zen harriak bilatzen eta askok aberastea lortu zuten. «Meteorito zatien salmenta zuhurki egiten da», adierazi du, bere harriak ikusteko interesa agertzen duten pertsonengan ez duela konfiantza handirik aipatzen duen bitartean. «Azoketan topatzen dena txantxa» bat dela onartu du, baliorik ez dutela bertan saltzen diren harriek. Inork ikusi gabe saltzen dira, bere esanetan, alerik eder eta baliotsuenak.
Salerosketak sarean ere egiten dira, foro espezializatuetan eta baita sailkatutako publizitate eremuetan ere. Harririk ederrenak Parisen edota New Yorken ospatzen diren enkanteetan eskaintzen dira.
M’hamideko azoka bateko kanpin denda batean eserita, bezeroak noiz iritsiko, Slimanek zaku zahar batetik zenbait harri atera ditu erakusteko. Aitortu du berak dituenak ez direla balio handikoak. «Zorte txarra izan nuen», aipatu du atsekabetuta. Adineko gizonak, bizar zuria du eta turbante urdin bat darama buruan lotuta: «Ezin izan dut harriekin miseria atzean utzi».