Zifren bueltan bizi ditugu azken asteak. Goranzko joera dute gehienetan eta egoera ez da samurra hainbat tokitan. Ez eta Hernanin ere, eremu gorrian sartzeko arriskuan baita gaur gaurkoz. Administrazioak har ditzakeen neurriek ere zorroztasunerako joera izango dutela antzeman daiteke. Pandemiak dakarren marea biziaren baitan, zurrunbiloan sartuta gabiltza datuek diotenaren arabera eta, egoera horren aurrean, arduraz jokatzea ezinbestekoa da. Horregatik, NAIZ Kontzertuak aurrerago egitea erabaki du antolakuntzak. Noiz? Pandemiaren egoerak hobera egin bezain laster.
Izan zitekeen beste alternatibarik. Egin zitezkeen kontzertu horiek Hernaniko kiroldegian, publikorik gabe, ateak itxita. Baina kontzertuon helburua musika taldeei hauspoa ematea da eta, jakina denez, zailagoa litzateke zuzeneko kontzertu bat ematea zuzeneko ikusle presentzialik gabe. Zuzenekoak mantentzea ezinbestekoa izan da bai talde, zaletu zein antolatzaileentzat. Eta, ibilbide pandemiko honetan guztian kultura segurua dela demostratu bada ere, zuhurtzia eta ardura gainetik jarri dira kasu honetan. Eremu gorrian egoteko aukerak beste herrietatik etorritako ikusleen mugikortasuna mugatuko luke, halaber.
Itsasaldi gogorren ondoren beti dator barealdia, ordea. Eta egoera horren iritsiera baliatuko da Hernaniko NAIZ Kontzertuei data berri bat jartzeko. Skakeitan, Brigade Loco, Des-Kontrol, Zea Mays, itzuliko dira NAIZeko agertokira.
Bien bitartean, sarrerak gorde. Bai fisikoak, bai streaming bidez ikusteko erositakoak ere. Guztiek balio berbera izango dute data berriak ezartzen direnean.
Musikariekiko elkartasunarentzat oztopoak aurkitu ditugu bidean, baina honek ez du etenik izango.