NAIZ

‘Betirarte’ aurrerapen kantua aurkeztu du Ilargi abeslariak

Ilargi abeslariak bere lehen diskoko lehen singlea aurkeztu du, ‘Betirarte’. «Artifizialtasuna eta kapitalismoa nagusi diren mundu honetan, benetan maitatzeaz» mintzatu nahi izan du Lezoko sortzaile gazteak.

‘Betirarte’, bere lehen diskoko aurrerapen kantua sareratu berri du Ilargi abeslari lezotar gazteak. Ilargik berak NAIZi azaldu dionez, zazpi urte dituenetik dabil arte eszenikoen eta musikaren munduan eta Dantzertin burutu zituen arte dramatikoko ikasketak. «Bertan, hainbat arlori buruz ikasten nenbilela, abestiak sortzeari ekin nion, antzerkia buruz ikasitakoa abestietan aplikatuz». Musika sortzen, baina, lehenagotik hasia zen: «Txikitatik sortu izan ditut abestiak, baina denak erdi bidean edo galdurik geratzen ziren. Instagram (@ilargi_a) eta halako sare sozialetara abestien bertsioak igotzen hasi nintzen, baita bakarkako kontzertuak ematen ere, eta nire kantek harrera ona zutela ikusita disko bat grabatzea pentsatu nuen», azaldu du.

Diskoa Mutrikuko MAE estudioan grabatu du, Iker eta Haritz Laurobarekin. Konponketak lehenak, Iker Laurobak, egin dizkio. «Pandemiak grabaketaren erdian harrapatu ninduenez, etxean nituen baliabideekin, plataforma digitaletan eskuragarri dagoen ‘Utopian galdurik’ abestia grabatu eta kaleratu nuen. Ahal izan nuenean, grabazioarekin jarraitu nuen, eta azkenean, amaiturik dago nire lehen diskoa», azaldu du.

Zortzi abestik osatuko du diskoa, horietatik zazpi euskaraz kantatuak. Hogei urteko musikariak gustuko dituen pop, pop-rock eta indie estiloak jorratu ditu eta horiek bidez arlo ezberdinak jorratu nahi izan ditu: «Abesti batzuek sentimenduei buruz hitz egiten duten bitartean, beste batzuek injustizia ezberdinak salatzen dituzte. Ni bezalako edozein gazte identifika daiteke jorratzen diren gaiekin, era batera edo bestera guztiok bizitzen baititugu halako egoerak», ziurtatu du.

‘Betirarte’ lehen singlearen eta aurrerago aurkeztuko dituen beste biren bidez maitasun istorio bat osatu nahi duela ere aurreratu du, eta lehen kantuaren mamia xehatu du: «‘Betirarte’-n bikote bat ageri da, eta maitasuna dela saltzen diguten hori baztertuz (San Valentin, printzesen pelikulak...) benetan maitatzea lortzen dute. Horretarako, beste lagun batzuekin elkartuz, etxean dituzten halako gauza artifizial guztiak jaso eta bota egiten dituzte. Hori da helarazi nahi dudan mezua lehen singlearekin, benetan maitatzea posible dela artifizialtasuna eta kapitalismoa nagusi diren mundu honetan».