El Cinquè Llac, Pirinio ezezaguna
Elurretako kirolekin, gailur altuenekin edo bisitari ugari erakartzen dituzten haranekin lotutako turismo eskaintzetan lekurik ez duen Kataluniako Pirinio bat ere badago. Lleidako bihotzean zehar oinez egiteko bost eguneko ibilbide eder baten eskutik, El Cinquè Llac izenekoa.
Izen bereko baina abizen ezberdineko bi eskualderen artean, Pallars Jussa eta Pallars Sobira, eta mugakide duten Alta Ribagorça eskualdearen artean mugituko gara bost eguneko ibilaldian, mendez mende abere taldeek, artzainek eta mandazainek ibilitako bideetan barna Pla de Corts, Vall Fosca eta Vall de Manyanet igaroz. Ez da prestakuntza tekniko berezirik behar ibilbidea egiteko, baina, noski, gomendagarria da fisikoki ondo prestatuta egotea, bost etapako zeharkaldian 100 kilometrotik gora egingo baititugu, 6.000 metroko desnibel metatuarekin (positiboa eta negatiboa kontuan hartuta). Hori bai, ez dugu bizkar gainean motxila pisutsurik eraman beharrik izango: etapa bakoitzean janaria prestatuko digute, eta, beraz, nahikoa izango dugu ura eta mendian izan dezakegun edozein ezustekori aurre egiteko beharrezko gutxieneko gauzak eramatearekin.
Zeharkaldia La Pobla de Segur herrian hasiko dugu. Trenetik jaitsi bezain laster, lehen etapa gogor bati egin beharko diogu aurre –trenbidea La Pobla de Segurren amaitzen da, iparralderagoko geografia gogorrari aurre egin ezinda–. Teknikoki zailtasun berezi gabeko etapa bada ere, 20 kilometro malkartsu egin beharko ditugu Serra de Peracalç mendilerrora heldu arte; bertatik Pla de Corts goi-ordokia izango dugu ikusgai, benetako paradisua.
Munduko txoko honetan arnasten den lasaitasunak bat egiten du zeharo inguruotako ikuspegi ederrekin. Egindako ahaleginak merezi izan duela sentituko dugu. Peramea herrixkan –vila closa bat da, hau da, irtengune karetsu batean «bere baitan itxitako» herrixka bat–, Jaume izango dugu zain, lehen gaua igaroko dugun Casa Parramon ostatuko anfitrioia. Bertan tokiko produktuekin prestatutako afari eder batekin berreskuratuko ditugu indarrak; besteak beste, Tros de Sort gaztandegiko produktuak dastatzeko aukera paregabea izango dugu. Gaztandegiak eskualdeotako behi-azienda ustiategiak biltzen ditu eta Jaume bera ere bertako partaide da.
Ibilbidean zehar, behin baino gehiago itzuliko gara Lleidako eskualdeotako gastronomiara. Izan ere, iraganean oso erabiliak ziren bideetan barna ibiltzen garen bitartean –horietako asko berreskuratu dituzte azken urteotan–, tokiko gastronomiako produktuekin indarrak berreskuratzeko aukera bat baino gehiago izango dugu.
Iragan landatar eta industriala
Udazkena da, eta, noski, inguruotako basoetako kolore eztanda izugarria da. Azken hamarkadotan nekazaritza indarra galtzen joan den heinean, basoak eta sastrakak nagusitzen joan direla agerikoa da, batik bat Vall Fosca haranean. Antist herria, zeharkaldiko hirugarren etapan helduko gara bertara, haraneko aletegi gisa ezagutzen zuten inguruotan XX. mendearen bigarren zatira arte. Ordutik aurrera, baina, bizimodua aldatzen hasi zen erritmo berean hasi zen paisaia bera ere aldatzen, uzta jasotzearekin, «el segar i el batre» inguruotan esaten duten bezala, lotutako lanbideak desagertzen joan ziren erritmo berean zehazki.
Inguruotako harizti eta artadi oparoen babesean, garai batean ikazkintza ere jarduera oso garrantzitsua izan zen lurrotan, batik bat Estavill herrian. Bertatik gertu, Pont del Diable ikusgarria, eta zorabiagarria, igaroko dugu hirugarren etapan. Vall Fosca haranean bertan eraiki zen, XX. mendearen hasieran, Estatu espainoleko lehen zentral hidroelektrikoa, 1911tik 1914ra bitartean zehazki. 3.000 langile heldu ziren eraikuntza lanetan aritzeko, eta, bidez batez, bizitzeko modu baten eta ekonomia baten amaiera ekarri zuten ia aldi berean; aurrerantzean, hirugarren sektorea izugarri indartuko zen.
Denbora tarte oso laburrean, haraneko bizimodua goitik behar aldatu zen. Pentsa, La Pobla de Segur eta zentral hidroelektrikoa eraikitzeko hautatutako Capdella herrixka lotu zituen errepidea hiru hilabete eskasetan eraiki zen. Ostean, beste bi zentral hidroelektriko gehiago eraiki zituzten. Helburua argia zen: Bartzelonan eta Kataluniako hiriburuaren inguruan indartzen ari zen industriak gero eta gehiago eskatzen zuen energia eskaintzea. Soilik mende erdi geroago, lanera etorritako langileak iristearekin bat guztiz eraldatutako harana ia erabat hustu zen, migrazioa kontrako norabidean eman baitzen: esku lana hirietan bihurtu zen beharrezkoa, eta, inguruotan, berriz, gero eta zailagoa bilakatu zen bizimodua aurrera eramatea.
Pirinioen bihotzean egonda batzuei harrigarria egingo bazaie ere, bideotan oinez gabiltzala Kataluniako iragan industrialarekin egingo dugu bat, egun jada guztiz abandonatuta dauden azpiegiturekin bat egitean. Xerallo herrian, Vall de Manyanet haranaren sarreran, porlan fabrika oparoa izandakoaren hondakinak aurkituko ditugu hirugarren etaparen amaieran, elefante zahar eta pisutsu baten hezurdura izango balira bezala. Uneotan, zorionez, lekukoa abeltzaintza estentsiboak eta gero eta jasangarriagoa den garapen turistikoak hartu dutela dirudi.
Gure bidean Pla de Serraspina bezalako igarolekuak ere pasatuko ditugu, XVI. mendean akelarre leku enblematikoa izandakoa. Hori bai, gaur egun bertan satanikoa irudituko zaigun bakarra igoeraren gogortasuna da. Behin goian, Flamisell ibaiak bustitako harana izango dugu gure oinetan, eta, iparraldean, Montsent de Pallars (2.883 m) eta Aigüestortes eta San Maurizioko Parke Naturaleko gailurrak. Ez dugu leku hoberik aurkituko prestatu diguten piknik oparoaz gozatzeko; bitartean, gure ekipajea Beranui herrixkan zain dugun hurrengo ostatura bidean izango da.
Ezinbestean nabarmentzeko beste gune bat Comillini mendilerroa da; bertan, gure buru gainean hegan ari den ugatz ikusgarri baten itzala larreetatik «paseoan» ikusi dugu Etxe Sorgindua trikuharrira heltzear ginela. Legendaz betetako lekua da Etxe Sorgindua, eta, kondairok ezagutzeko interesa izenez gero, hona hemen gomendio bat: Pallars herriko Pep Coll idazlearen ‘Quan Judes era fadrí i sa mare festejava’ (Llibre del Mall, 1986) liburu ederra.
Moncortes lakua
Ez dago amaiera liluragarririk gabeko istorio erakargarririk. Bada, Casa Leonardo ostatuan gaua igaro ondoren, Mireiak hurritz egurrarekin egindako makila ederrean azken-aurreko seinalea jarriko digu suaren laguntzarekin; El Pont de Claverol herrira heldu eta bertako ostatuan makila dotorean azken marka egiten digutenean, harro frogatu ahal izango dugu ibilbidea oso-osorik egin dugula.
Baina ibilbidearen helmugara heldu aurretik, oraindik ere Moncortes lakuan gure buruaren isla ikusteko aukera ere izango dugu. Lurrotan, El Cinquè Llac edo «bosgarren lakua» bezala ezagutzen dute, eta horrela dela egiaztatzeko aukera izango dugu guk geuk Lleida eta La Pobla de Segur arteko ibilbidea trenez egitean, bidean Sant Llorenç de Montgai, Camarasa, Cellers eta Sant Antoni lakuak ikusteko aukera izango baitugu.
Legendak esaten duenez, Moncortes aintzirako ur sakonetan dago Pallars herri zaharra. Jainkoak berak hondoratu omen zuen Pallars, herritarren elkartasun eza egiaztatu ondoren herria eskale gisa bisitatu zuenean. Kondaira egia izan ala ez, zalantzarik ez dago inguruotako edertasunak mila eta bat legenda sortzeko parada ematen duela. Oraindik ere 16 kilometro geratzen zaizkigu helmugara heltzeko, eta, beraz, bidean ikasitakoaz hausnartzeko azken aukera dugu. Nork daki milaka urtez ibilitako bideetatik barne egindako bidaia berezi honen amaierara heldutakoan ere egingo dugun, ibilitako paisaia basatiak, bai piriniotarrak bai mediterraneoak, ezagututako ondare industriala, igarotako lakuak... gogoan.