Alamut, asasinoen bailara abegikorra
Alamut kondairetako bailara bisitatu nahi duten gehienentzako abiapuntua da Quazvin, Teheranetik iparraldera 200 kilometro eskasera. Eskualde mailako hirigunea da, eta baditu zenbait interesgune: Erdi Aroko uharkak, meskita xiitak eta «caravasar» zaharberritu bat.
Herrigune historikoan nonahi haizatzen dira ikurrin beltzak, Mahomaren suhi Ali xiismoaren sortzailearen Husein seme martiriarekiko fede konpromisoaren lekuko. Esan behar da Quazvineko espezialitatea dirudiela martirioak. Erdialdean bertan, motorren burrunbak eta etengabeko trafikoaren marrumak inguratuta, kalerako leihoa daukan udal bulego txiki batek ikusgai ditu Basijenak izandako koranak, koadernoak, musuzapiak eta bestelako gauza batzuk.
Irakeko gatazkan (1980-88), nerabez osatutako milizia honek oinez, duda-mudatan ibili gabe, aurrera jo zuen lehergailu eta minaz jositako lursailetan, Jomeini aiatolaren armadari bidea irekitzeko. Mina horietako batzuk bulegoaren erakusleihoan ikusgai daude, eta eskala txikian egindakoak ere badaude salgai, giltzetako gisa... Zuri-beltzeko martirien argazkiak, duela gutxiko eta ofizialki behintzat gurtua den gutxiengo horren testigantza dira.
Quazvinera gerturatzen diren atzerritar bisitarietatik gutxi batzuk goi mendiak erakarrita bertaratzen dira; bakan batzuk baino ez dira beste gutxiengo gogoangarri baten urratsei segika gerturatzen direnak, hau da, handik gertu den Alamuteko bailarari entzutea eman dion gutxiengo hari segika: asasinoen sekta X. eta XII. mendeen artean gotortu zen bailaran, Alamut eta Lamisar gazteluen izena lau haizetara zabalduz.
Mendian gora
Quazvin inguratzen duen giro hautseztatua arinduz doa errepideak bailararantz gora egin ahala. Udaberriaren hasieran den-denean zabaltzen da ura, eta oraindik Elburz mendilerroaren gailurreria bistaratzerik ez dagoen arren (tontor garaiena, Damavand, 5.604 metrora iristen da), mesetako giroa atzean geratu da, argi eta garbi. Aurreneko mendi adar hauetan, uraren oparotasunak hein handi batean basamortu eitekoa den herrialde honetan egonda exotiko diruditen laboreen agerpena ahalbidetzen du, hala nola arroza. Aldi berean, ordea, malariaren mehatxua ere indarrean jartzen du. Osasun baldintzak asko hobetu dira Indiako erregeorde Curzon lordak (1859-1925) zera adierazi zuenetik: «Mundu zabalean latitudeko paralelo berean denik eta tarte osasungaitzena da hauxe».
Bailarara doan errepidea gero eta altitude handiagoetara iristen ari da, Chala herrixkara heldu arte. Izen bereko mendatea 2.485 metrora dago. Hortik aurrera, ikusi eta miretsi ahal izango ditugu jada mendilerroa osatzen duten gailur ezin ugariagoetako batzuk, betiere eguratsa garden badago.
Asko itxaron beharrik gabe, errepide meharraren bihurgune baten ostean ostertzean haitz puska harroak agertuko zaizkigu, elurrez estaliak: Shah Alborz (4.125 m) eta Alam Kuh (4.850 m). Bidearen bi aldeetara, goi mendiko belardiak zabaltzen dira, artzain txakur zorrotzek gidatutako artaldeak eta artzain kanpamentuen ondoko saroiek osatzen dute pasaia uhin leunetan hedatuz. Ezker-eskuin errekastoak eta ur lasterrak iristen dira ur ibilgu nagusira.
Gune honetan bailararen izena hartzen du, Alamut, eta aurrerago bere ur emaria bikoiztu egiten da Taliqan ibaiko urekin batzean, korronte bakar eta oldartsua osatuz: Shah. Ibaia gurutzatzean, ohikoa da zubiaren inguruetan hormigoizko orpo zahar eta biaduktuen beste aztarna batzuk aurkitzea. Lurmentze garaian urak handitzean ez da harritzekoa korronteak errotik ateratzea azpiegitura osoa, eta bailara inkomunikatuta geratzen da, batzuetan hainbat asteetan. Gauza batzuk badirudi ez direla asko aldatu, Erdi Aroan Mendiko Agureak eta bere asasino sektak Alamuteko gotorlekuan gordetzea erabaki zutenetik. Haitz pilo baten gainean dago, ikuspegi gaindiezinekin, negu osoan elurragatik isoluta.
Daga pozoituak eta haxixa
Beren etsaiek hashshasin deitzen zieten, mespretxuz edo. Hortik dator egungo asasino hitza. Berez, doktrina islamikoa bat izan zen, xiismoaren barne zatiketa ugariren emaitza. Hasieran ismaeldar izenarekin ezagutzen zituzten, gero nizari izenarekin, kutsu esoteriko bat hartuta, eta X. mendean boterea eskuratu zuten egungo Iranen iparraldean eta Siriaren ekialdean. Alamut bailara itxi eta urrunekoa beraien kuartel nagusia izan zen.
Dinastia ahaltsuz inguratuta zeuden –seleuziarrak, mamelukoak eta gurutzatuak–, haien jazarpena zela-eta Mendiko Agurearen jarraitzaileek hilketa selektiboen bidea hartu zuten, negoziaziorako eta biziraupenerako metodo gisa. Operazio berezietan aitzindariak izan ziren nolabait eta tenplarioekin ere alderatu izan dituzte, bertsio islamikoan. Martiriorako hautatutako gazteak haxixarekin drogatzen zituzten eta iturriz jositako lorategi eder batera eraman; han ardo fina, janari gutiziatsuak eta haragiaren plazerak disfrutatzeko aukera ematen zieten. Gero, beren onera etorritakoan, paradisuan egon zirela esaten zieten, eta hara itzultzeko aukera izango zutela, baina behin betiko, agindutako misioa ondo betez gero.
Halako motibazioarekin, ez da harritzekoa begiradarik zorrotzenaren pean babestutako agintari sunitak nahiz printze gurutzaturen bat ere hashshasin haien dagak sastatuta azkentzea. Mendiko Agurearen titulua oinordetzan jasotzen zen eta sektaren unean uneko buruzagia izendatzen zuen.
Sinanen agintearen pean, Saladino sultana, Islamaren heroia Jerusalementzat ilargi erdia birkonkistatu zuelako, uko egin zion Masyafeko (Siria) asasinoen gotorlekua setiatzeari. Goiz batean esnatu zenean burukoaren ondoan zera aurkitu zuen: bizkotxo labetik atera berriak, daga pozoitu bat eta poema bat. Sektarekin gaizki konpontzea arriskutsuegia zen lider ororentzat eta asasinoek jakin zuten beren aura horri etekina ateratzen Islamaren adar desberdinekin negoziatzeko, baita gurutzatuekin ere. Beraien abantaila bukatu egin zen eskualdeko oreka tradizionalean indar arrotz bat tupustean sartzearekin batera. 1256an, Gengis Kanen iloba Hulaguren mogolen hordak iritsi ziren Alamut bailarara eta sektaren gotorlekuak lurrarekin berdindu zituzten.
Alamuteko haitza
Gazor Khan herrixkatik, aldapa txiki baina fundamentu handiko bat oinez igo ondoren, Alamuteko gaztelura iritsi gara, asasinoen gotorleku nagusira. Bertan indusketa arkeologikoak egiten ari dira, eta horretarako aldamioz eta metalezko plantxaz estali dituzte hondarrak, ikusgarritasunaren kaltetan.
Espezialistek hemen oso bestelako trazuz zirriborratzen dute sektaren erretratua, ez dauka inolako zerikusirik Steven Runciman gisako idazle eta historialarien eskutik Mendebaldean nagusitu den irudiarekin. Baieztapen horiek sostengatzeko lantzen ari diren hormen hondarren artean diotenez meskita eta liburutegi bat izan zena erakusten dute.
Interpretazioak interpretazio ukaezina da inguruko paisaiaren edertasuna erdiragarria dela. Ikusmenak egokitzapen ahalegina egin behar du parez pare zabaltzen den parajearen handitasunagatik. Gazor Khan herrixkak ñimiñoa dirudi gotorlekutik, oasi moduko bat lertxunez, akaziaz, mertxikondoz, intxaurrondoz eta gereziondoz mugatua. Ostertza Shah Alborz eta Alam Kuh erraldoiek ixten dute, beraiei erantsitako konta ezin ahala gailurrekin.
Honaino igotzen diren soinu bakarrak hegazti harrapariren baten karranka eta almenetan uluka ari den haizearena dira. Ondoko bailara batean puntu lauso batzuk gero eta argiago marraztuz doaz, pixkaka: mando ilara bat, mendi bidexka batean gora gotorlekurantz. Mendi lepo batean, igoeraren azken metroei ekin aurretik, gotorlekua zaharberritzeko lanetan ari diren langileen ondoan gelditu dira. Hortxe bertan kartel bat dago, persieraz eta ingelesez azaltzeko gazteluaren biztanleen historia. Bertan aipatzen da Freya Stark esploratzailearen izena, 30eko hamarkadan bailara goitik behera miatu zuena, ‘The Valley of the Assassins’ (asasinoen bailara) lana idatzi aurretik. Hamarretakoa egiteko ordua da, eta mandazaina eta langileak irribarretsu otordua partekatzeko prestatzen dira. Gazta zuri gazia eta te beltz oso kargatua. Asasino haiek fama makurra omen zuten, baina guk horren aztarrenik txikiena ere ez dugu aurkitu.