Ganboa, belaze berde bigunen erresuma
Aralar mendigune erraldoia da. Gipuzkoako hego-ekialdeko eta Nafarroako ipar-mendebaldeko lur eremu handia bereganatzen du. Erpin zorrotz ezagunak ditu, Txindoki kasu. Amildegi ikusgarriak, Malloak mendigunetik Araitz bailarakoa, kasu. Baina Aralarrek ezaugarri berezi bat badu, belazeak dira.
1.000 eta 1.300 metro artean alfonbra berde bigun erraldoi bat dauka bere bihotzean, azienda aberatsaren bizigune udan. Mendizalearentzat pagotxa da, Alotza parajea bezalako belar sail mugagabe eta suabeetan barrena ibiltzea. Harriak, noski, egon badaude, baina gailurrera igotzeko azken tartean baino ez. Ganboan, adibidez. Aralarko bigarren mendi garaienean, Gipuzkoako zatiko garaiena, 1.413 metrorekin.
Aralarrek bi ikur ditu, mutur bakoitzean: Txindoki Gipuzkoa aldean, eta Intzako Dorrea Nafarroakoan. Jendea trumilka hurbiltzen da bi mendi horietara, Larraitzeko gainetik edota Guardetxea zegoen tokitik. Bi horiek urrunetik ikusten dira. Txindoki (Larrunarri ere esaten diote, bertakoek, eta ÑañIntzako Dorrea (Irumugarrieta esaten zaio, baina ez da izen zuzena) Malloak mendikate ikusgarriko gandorra da, Araitz bailara baino 1.200 metro gorago, eta A-15 autobideko behatoki pribilegiatutik ezinbesteko argazkia.
Aralar, baina, bi tontor horiek baino askoz gehiago da. 208 kilometro koadroko eremua da, eta bere bihotzean 1.100-1.200 metrotik gora dagoen goi lautada belartsu zoragarria gordetzen duena. Mugarik gabeko alfonbra berdea, maiatzetik urrira milaka abereko aziendak erakartzen dituena, eta mendizalearen ibilera asko goxatzen duena. Negu betean ere posible da belaze berde bigun horietan barrena ibiltzea. Udazken bukaeran metro pasa elur bota dezake Aralarren, baina hego haize epelak ere elur gehiena eraman dezake egun gutxi batzuetan. Epela, ipar haizearekin alderatuz, abenduan Gaztela aldetik datorren haizea ez baita inoiz epela izaten Euskal Herriko mediterraneo isurialdean, Kantauri isurian bezala.
Zer esanik ez 1.400 metrotik gorako eremuetan. Han haizeteak garbi esaten dio mendizaleari, «joan zaitez hemendik lehenbailehen». Egitea komeni, Alotzako paraje lasaietan haize babesa bilatu eta gorputza apur bat berotzeko. Ganboa da Aralarreko bihotzeko ikurra, mendi garaiena. Intzako Dorrea eta Txindoki gailurren arteko erdibidean, gutxi gorabehera, eta 360 graduko panorama ederra eskaintzen duena mendigune osora.
1.300 metrotik gorako hainbat mendi ditu inguruan, eta Alotzako belazeetan dezente ibili behar da bere silueta ikusteko. Ganboa Aralar mendikateko bigarren gailur garaiena da, 1.413 metrorekin, eta Gipuzkoako eremuan dagoen Aralarreko gailur garaiena, Txindoki famatua baino nabarmen garaiagoa (1.341 metro ditu Txindokik). Baina Ganboa ikusteko bide luze samarra egin behar da, bi ordu pasakoa, eta ia hiru gailurrera iristeko. Horrek nahiko mendi bakartu eta ez masifikatua bilakatu du, Txindokirekin alderatuta.
Txindoki, baina, oso presente ageri da irteera honetan une oro. Ganboara iristeko bi bide erabiltzen dira: Larraitzen hasten dena, Abaltzisketan, eta Guardetxean hasten dena. Guardetxea zegoen parajea, Lekunberritik San Migel santutegira doan errepide ertzean. Pandemia garaiek irteera Gipuzkoatik egitera behartzen dutenez, Larraitz hartuko dugu abiapuntu. Txindokira joango bagina bezalaxe, alegia. Bidea berbera da lehen orduan, gutxi gorabehera. Oria iturria eta Tximista malda ezaguna atzean utzi eta Zirigarateko bidegurutzera iritsi bitarte (1.005 metro). Han dagoen kanadar pasabidea zeharkatzerako aurrez aurre agertuko zaigu Txindokiren silueta ikusgarria, baina ohikoa den piramide itxurarik ez duena.
Zirigarate gainetik minutu pare batera arretaz jokatu behar da. Txindokira doan bidea utzi behar da, eta Alotza belaze zabalera daramana hartu, eskuinerantz. Igoera tentean hamar bat minutuz, eta bide eroso eta goxoa ondoren. Ardiak batzeko eskortak nonahi, uraska bete-beteak, eta harritzeko moduko paisaia aberatsa. Larreak handiak dira Alotzan, eta babesgune ezin aproposagoa da, ipar eta hego 1.300 metrotik gorako mendiek babesten duten bailara dotorea baita. Gozamena da halako gune basatian hain ibilera gozoaz gozatu ahal izatea, hezetuta eta bustita dagoen belar leunaren gainean plisti-plasta ibiltzea, malda handirik gabeko tokian.
Irazustako lepoa
Ganbo Txiki agertzen da aurrena, eta beste tartetxo bat ibili ondoren, Ganboa. Magaletik ez dirudi inguruko garaiena denik. Are gehiago, alboko hainbat sakonune eta mendietan Ganboan baino elur gehiago dagoela aintzat hartuta. Haize tokia da Ganboako gailur biluzia, eta babesean irauten duen elurra haizeak eraman du azken egunetan gailurrean. Ganboara igotzeko bi aukera daude: Irazustako lepoa da logikoena, hura zeharkatu, eta handik, ipar-ekialderantz, Ganboara. Bide bera ez errepikatzeko, Ganbo Txiki ingura daiteke, iparretik, eta nahiko bide harritsuan barrena, Ganboako magalera igo, gailurrera aise iristeko.
1.413 metrotik ederra da ikuspegia: Txindoki, Pardarri, Aldaon, Intzako Dorrea, Uarrain... eta Sakanako behe laino harrotua, eguzkiak hezetasuna lapurtzen dion neurrian. Horiei guztiei behin begiratu eta martxa egin behar da Ganboatik, haizeak ez baitu han luze egoteko batere baimenik ematen. Beherako bidea Irazusta leporantz egin behar da, hego-mendebalderantz. 1.268 metrora dago lepo hori, eta goi gailurretan baino elur pilaketa handiagoa dauka. Hainbesteraino, bidea bera ere estaltzen duela elurrak.
Egindako bidea desegitea tentazio handia da, belaze bigunak horretarako bide ematen duelako, eta gorputza nekea sumatzen hasten delako, hiru ordu pasako bidearen ondoren, baina ez da aukera txarra Egurral leporaino joatea, Txindokira daraman lepora joatea Ganbo Txiki atzean utzi eta Arrubi-gaña inguratuz. Baina Egurraletik Zirigaratera derrigor joan behar da, eta handik Larraitzeko aparkalekura, beraz, norberaren esku, itzulera egiteko zer aukera lehenetsi. Larraitzeko aparkalekura iristerako ordulariak ez du gezurrik esaten: bost ordu pasako irteera, eta mila metroko desnibel positiboa.