Maider Iantzi Goienetxe

Gorka Gaztanbidek bere abestiak plazaratu ditu Txikizio Kuadrillarekin

Gorka Gaztanbide musikari iruindarra «poz-pozik» dago bere abestiak konposatu eta disko batean kaleratzeko pausoa eman duelako, urteetan besteen proiektuetan ibili ondotik. ‘Gorka Gaztanbide & Txikizio Kuadrilla’ izena jarri dio lanari, 1960 eta 1970eko AEBetako The Wrecking Crew taldearen omenez.

Gorka Gaztanbide musikaria bere lehen lan pertsonala aurkezten, Donostian. (Jon URBE/FOKU)
Gorka Gaztanbide musikaria bere lehen lan pertsonala aurkezten, Donostian. (Jon URBE/FOKU)

Bere kabuz bateria jotzen hasi zenetik ibilbide oparoa egiten ari da Gorka Gaztanbide iruindarra. Orain arte, ordea, ez du bere abestiekin diskorik osatu. «Gustatzen zait konposatzea», aitortu dio NAIZ-i. «Meloia ireki dugu, eta horretan jarraituko dugu».

1997an Iruñeko Desoreka taldearekin disko bat atera zuen. Urteekin jazza maitatzen hasi zen, jazz zikloa egin zuen kontserbatorioan eta mundu horretan ibili da luze. Broken Brothers Brass Band da parte hartu duen proiekturik ezagunena, baina Adrian Royo Trio, Ennio Pinillos Quintet, Javier Garayalde y los Sultanes del Swing eta beste hainbat ekimenetan ere ekarpen fina egin du.

Orain, grabaketa eta kontzertu horien guztien tarteetan, ikasitakoa baliatuz konposatzen joan den abestiak `Gorka Gaztanbide & Txikizio Kuadrilla´ (Gaztelupeko Hotsak) diskoan plazaratu ditu.

Kontatu digunez, pauso hori ematea «behar bat» zen. «Kontserbatorioan hainbat proiektutan sartuta nengoen, baina gero eta gutxiago deitzen zidaten eta nik neuk neurea egiteko garaia heldu zela pentsatu nuen. Bestalde, bateria-jolea izan arren, baxua eta pianoa ere jotzen ditut eta beti gustatu izan zait abestea. Nire abestiak egiten joan naiz eta 50 nituenean, hamar gustukoenak hartu eta estudio batean grabatzea erabaki nuen».

Gustuko dituen «musikari finak» aukeratu ditu horretarako, beste proiektuetan lagun izan dituenak. David Burguiren gitarrak, Kike Arzaren baxuak, Ramon Garciaren pianoak eta Gaztanbideren ahotsak eta bateriak osatu dute oinarrizko laukotea. Gainera, abesti batzuetan Haizea Gaztanbide ilobak egin ditu koruak eta Alberto Arteta eta Raul Arizaleta izan ditu kide, lehena saxo tenorrean eta bigarrena gitarran.

Lan freskoa, entsegurik gabe eta denek batera joz

«Ez genuen entsegurik egin, freskotasuna bilatu nuelako eta konfiantza neukalako haiengan. Banekien nik aurkeztutako kantuak hobetuko zituztela beren ukituekin. Pistaka grabatu beharrean, denek elkarrekin jotzeko nahia ere banuen», azaldu du.

Urtarrilaren 2an eta 3an grabatu zuten diskoa, Javier de Mabel lagunaren Sartagudako estudio inauguratu berrian. «Nire lehendabiziko proiektu pertsonala izan da, eta Javierren estudioan grabatutako lehena».

The Breaking Crew taldearen omenez

«Poz-pozik nago pausoa eman dudalako», nabarmendu du musikariak. Diskoaren izenari buruz, agertu du Txikizio Kuadrillak omenaldia egiten diola 70eko hamarkadako New Yorkeko ezkutuko talde bati: The Breaking Crew-ri. «Denek elkarrekin joz grabatzen zuten eta ni gauza bera egiten saiatu naiz».

AEBetako Top 40-ra iritsitako hainbat abesti arrakastatsu (Jan&Dean, Sonny&Cher, Nancy Sinatra, The Byrds, Beach Boys, Mamas and the Papas, Phil Spector…) eta beste milaka estudio grabaketen atzean talde misteriotsu hori zegoen. Urte aunitzen buruan eta dokumental bati esker jakin zen zeintzuk ziren disko haietan benetan jotzen zuten musikariak. Garai haietako musikari zaharrek talde honek musika industriaren «hondamendia» ekarriko zuela zioten eta hortik dator The Breaking Crew izena.

Eguneroko batean bezala biluztu da

`Gorka Gaztanbide & Txikizio Kuadrilla´ diskoan euskarazko pop musika adituko du entzuleak, musika urbanoaren kutsuekin, jazz pixka batekin eta flamenko estiloko poema batzuekin.

Lehen kantua, single gisa erabili duena, Amaia Lasa izebaren olerki musikatu bat da. Bigarrenean, frantsesez kantatzen du nola garai batean hagitz bestazalea zen, baina etapa horri bukaera eman zion eta kontent dago eguzkia hartu duelako behingoz eta gaua baztertu.

Angel Erroren olerkiak ere musikatu ditu. «Asko begiratzen dut Erro». Zortzigarren kanta, `Hermano´, duela urte batzuk minbiziak eraman zuen anaiari konposatua da. Amari oparitu dio abesti bat, Gustavo Adolfo Becquerren olerki bat erabiliz, eta Nora neska-lagunari bertze bat. Julio Anguitaren diskurtso bat ere agertzen da diskoan. «Beti mirestu izan dut. Abesti bat egin nion, handik gutxira hil zen eta pena eman zidan. Berak esaten zuen heldu dela une bat `kapitala edo gu´ aukeratu behar duguna. Sofatik altxatu behar dugu eta beste mundu bat posible egiten saiatu».

Aitortu duenez, diskoa «eguneroko bat» bezala da. «Biluztu egin naiz».

Kontzertuak, aurrerago; bitartean, diskoa entzungai

Pandemia egoera honetan itxaroten ari da ea txertaketek aurrera egiten duten, diskoa abuztuan edo irailean aurkezteko. Bitartean, nahi duenarentzat entzungai dago Spotifyn, Youtuben edo Apple music-en. «Kontzertuak egiteko asmoa daukat, printzipioz diskoa grabatu dugun formatuan, boskote-seikotean», azaldu du orain Donostian bizi den iruindarrak.