NAIZ

«Kulturaren pindarra bizitzeko» EHZ festibalaren 25. edizioa abiatuko da gaur

Ostiral honetan abiatu eta igandea bitartean bere 25. urteurrena ospatuko du EHZk Irisarrin. Programazio oparoaren bitartez, hausnarketa eta trukaketei esker, baita hitzordu sahiestezin bilakatu den EHLGko zikiroa dastatuz «kulturaren pindarra bizitzera» gonbidatzen dituzte festalariak.

Prestaketa lanak bukatzear eta jaia hastear Irisarrin. (Guillaume FAUVEAU)
Prestaketa lanak bukatzear eta jaia hastear Irisarrin. (Guillaume FAUVEAU)

1996ean Arrosan abiatu zen Euskal Herria Zuzenean festibalak, ekaitzari aurre eginez, covid-19aren trabak gaindituz mende laurdena ospatuko du uztailaren 2, 3 eta 4ean Irisarrin. Musika, antzerkia, zirkoa, hitzaldi eta mahainguruez gozatzeko parada emango du programazio osatuak. Gastronomiak ere badu bere tokia, eta Euskal Herriko Laborantza Ganbarak egindako zikiroak ere izango du aurten bere tokia. Hiru egunetan izanen den programazio aberatsari esker, «kulturaren pindarra bizitzera» gonbidatu nahi dute jende guztia.

Izenak dioen bezala Euskal Herri osoko jendea biltzea du xede jaialdiak, eta bide horretan NAIZekin sinatu duen akordioa du laguntzaile. Azken berriak zabaltzearekin batera, hiru egunetan biziko den giroaren berri jaso ahal izanen da bertan.

Urteurrenaren karietara ekimen bereziak izanen dira, nahiz eta zeintzuk izanen diren ez dute jakitera eman. «Nostalgiaz betetako hitzordua izanen da, baina era berean belaunaldiz belaunaldi garai desberdinen problematikei egokituz egonkortu den ekitaldi garrantzitsu baten erakusgarria» dela nabarmendu dute antolatzaileek.

Osasun neurriak

Xoko guztietatik Nafarroa Behereko herrira hurbildu ahal izateko pandemia garai honetan bete behar diren baldiintzak zeintzuk diren azaldu dute, bertara helduta arazorik izan ez dadin, jaialdian bertan ezin izanen baita testik egin.  

Sartu ahal izateko, froga agiri bat izan beharko da, paperez edo mugikorrean 2D-DOC kode batekin, 48 ordu baino gutxiago dituen PCR edo antigeno test bat. Bi txertoak jaso izan den momentutik bederen 14 egun pasatuak izatea, edo azken 6 hilabeteetan Covid-19a pasatu izana.

Zikiroa hitzordu arrakastatsua

Euskal  Herriko  Laborantza  Ganbarak  igandeko  zikiro  herri bazkaria antolatuko du Airoski kirol gelan, ohi bezala, etxe ekoizpenak eta tokiko kalitatezko mozkinak erabiliko ditu.

Arrakasta handia bildu duen bazkari honetarako tokiak bukatu ohi dira, horregatik fite erreserbatzera deitzen dute, igandean 10.30etik goiti egin daiteke Airoski gelan, edo bestela, EHLGren egoitzan Ainiza Monjolosen.

Zikirora Airoski gelan eginen da, eta bertara joateko, ez da zertan jaialdiaren eremutik pasatu beharko, eta beraz sarrera ordaintzea.