Ebroren delta, eremu aberatsa lurraren eta itsasoaren artean
Iberiar penintsulan zehar 908 kilometroko bidea egin ondoren –tarte luze samar bat Euskal Herrian–, Mediterraneo itsasoaren ur gazietara iristen da Ebro ibaia, biosfera-erreserba izateko ohorea eta erronka emanez inguruari. Eremu aberatsa da oso, bai naturaren bai giza-ondarearen ikuspegitik.
Bisitariak maitemintzen dituen lurraldea da Ebroren delta eta hamaika aukera eskaintzen ditu arrantza, arroza eta gatza aberastasun iturri izan dituen eskualde emankor eta ikusgarri honek.
Flamenko bat arroz-zelaien gainean hegaldatzen dabil. Lumadi arrosa baino gehiago, bere silueta luzanga du bereizgarri. Bide estu batetik geratu gatzaizkio begira. Izan ere, ehunka bidexka daude inguruotan; lerro zuzenekoak, udako lehen asteetako berde bizi bereizgarria eskaintzen hasi zaizkigun zelaien artean.
Ebroren deltan gaude, Herrialde Katalanetako hezegunerik handienean. 320 kilometro karratu dira, Montsià eskualdearen –ibaiaren hegoaldeko ertzean– eta Baix Ebreko eskualdearen –iparraldeko ertzean– artean zabaltzen direnak. Flamenko hori bagina, goitik ikusi ahal izango genuke deltaren forma berezia. Baina Google Mapsekin konformatu beharko dugu, edo, zorte pixka batekin, beste norabait goazela hegazkin batetik ikustearekin.
Ezkerraldean, Fangar badia daukagu, hondarrezko mihiaren muturrean itsasargi dotorea duela. Mihi hori pixka bat luzeagoa balitz, L'Ampolla herriraino iritsiko litzateke, badia aintzira bihurtuz. Eskuinaldean, Punta de la Banya eta Trabucador hondartzak daude. Ibaiak mendez mende ekarritako eta itsas korronteak bertan utzitako sedimentuetatik sortuak dira biak, eta Alfacs badia inguratzen dute. Izugarrizko portu naturala bilakatu da, eta bertan da Sant Carles de la Ràpitako arrantza-ontzidia. Bi aldeetan, haztegi artifizial asko daude, eta muskuilu-haztegiak ilara ia milimetrikoetan daude jarrita, laranja koloredun moluskua eta, 1970. urtetik aurrera, arrissada ostra preziatua emateko.
Artisau-arrantza
Ur horietan bertan, Ramon Machino eta Paco Rosales al rosegall eta a batre izeneko arteak baliatuz aritzen dira arrantzan. Baita Mariano Saragossa ere, ezizenez Mayan. Artisau-eran arrantzatzen dute; era artistikoan, ia. Arbasoengandik ikasi zuten horrela arrantzatzen: pazientziarekin, trebeziarekin, eta egunerokotasunak eta lanarekiko maitasunak ondutako teknikarekin. Eta, hori guztia, inguruneari begirune handia diotela. Mayan, bere txalupa gune ez oso sakonetara eramanda, sarea uretara botatzen ari da, itsas kurkuilu bat marrazten arituko balitz bezala.
Jarraian, ontzitik jaitsi, eta ura belaunetaraino duela, lanean hasi da. Bizkor, hondarretan ezkutatuta dauden arrainak lokalizatzen ditu, eta, mugimendu azkar baina leun batekin, eskuarekin hartu eta cabàs-ean sartzen ditu. Paupa erako arrantza da hori, itsas hondoa eskuekin ukitzean datzana. Guk ere, haren azalpenei eta laguntzari esker, egingo dugu arrantza mota hori, inguruko jarduera turistikoetako bat izango balitz bezala. Bertakoen lurraldera eta zereginetara hurbiltzeko beste modu bat da.
Deltako aberastasun-iturri nagusia arrantza da, arrozarekin eta gatzarekin batera. Lurrak eta itsasoak bat egiten dute, 1983an ekosistema aberats baina ahula babestearren sortutako Parke Naturalarekin orekari eutsiz, itsasoa eta kontinentea elkartzen diren gune honetan. Bertan, 360 hegazti-espezie baino gehiago daude: kaioen, ardeidoen, lezkadi-paseriformeen eta anatidoen familiako hegaztiak. Habia egiteko eta hazteko tokia da hegazti askorentzat (munduko kaio korsikarraren populazioaren erdiak deltan hazten dira, baita kaio mokozorrotzak, flamenkoak, txenada mokobeltzak, txenada arruntak...), eta espezie askorentzat migrazioetan atseden hartzeko gunea da; horregatik, toki bikaina da ornitologiazaleentzat ere.
Aberastasun handiko txoko babestuak ezkutatzen ditu deltak, sarbide mugatukoak; Illa de Buda, adibidez: titulartasun publikoa eta pribatua du, eta arroza lantzen dute bertan. Ibaiaren eta Migjorn ubidearen arteko zati horretan deltan dauden giro guztien erakusgarriak topa ditzakegu: ibaia, urmaelak (edo calaixos, hemen dioten moduan, itsasoarekin etengabe komunikatuta daudenak), gatz-lurrak, arroz-zelaiak, hondartzak eta ibarbasoak.
Hala delta nola ibaia bizia dira; «Es vida» diote Madrilen taxututako Plan Hidrologiko Nazionalak mehatxatu duen paisaia salbatu nahi dutenek, hain baita eremu aberatsa naturaren eta giza ondarearen aldetik. Bizi horrek arlo ugari besarkatzen ditu: natura basatia, arkitektura –desagertzear dagoen barraca tradizionala– eta arrantza zein nekazaritza, besteak beste. Lurralde honek bisitari guztiak maitemintzen ditu, Ebreko jotaren erritmoan –bertako abesti inprobisatua–, eta, antzina arrossaires-ek egiten zuten moduan, oinutsik ikustera gonbidatzen du, zentzumen guztiak erne izanik eta bizi-egarriarekin.