'Hemen ez dago zorionik'; esaldia gordina da benetan. Eta gordina da ere Xabi Agirrek ni izenpean ondu duen diskoa. Bost abesti ditu lanak, eta hauek dira abestien izenburuak: 'Miña', 'Agur', 'Bakarrik', 'Busti' eta 'Normalidadearen prozesua'.
Abadetxe Sorlekuan eta San Jose komentuan grabatu du Agirrek euskarazko bere bigarren lana. Intimista, minimalista, eta, oso, oso pertsonala. «Doluaren errepresentazioa da diskoa» aitortu digu. Horregatik, isiluneekin jolastu du, «minimalismoa da abiapuntua, gutxirekin asko esan nahi dut». Minimalismo horren adibide dira diskoaren azala eta bost abestiekin osatutako bideoa.
«Bizi ditudan gauzekin egiten dut artea». Zauriei abesten die Agirrek, ezin diolako errealitateari ihes egin, baina dena ez da tristea. «Musika akustikoa tristurarekin erlazionatzen dugu, baina ez du ezertan horrela izan» esan digu.
Barrenkoia da lana, baina kolaboratzaile bat baino gehiago izan ditu: Harkaitz Bastarrika, Israel Santamaria, Oriol Flores, Gartxo Unsain, Jon Horma eta Jon Barkin.
Xabi Agirrerekin solasteko plazerra izan dugu hurrengo minutuetan Bigarren Kafean.