2003an ezagutu genuen Mikel Moreno, Kautak Gaztearen maketa lehiaketako zaleen onespena jaso zuenean. Garaian bolo-bolo zegoen rock gogorra jorratzen zuten andoaindarrek, baina gitarren artean nabarmentzen zen jada Morenoren ahotsa. Hain zuzen ere, ahots melodiko hori zen Kautaren bereizgarri nagusietako bat. Apurka, diskoak argitaratu ahala, pop-rock doinuetarako bilakaera izan zuen taldeak, melodiei gero eta protagonismo handiago emanez. 2014An ibilbidea eten zuten arte.
Zazpi urte igaro dira ordutik, eta Mikel Morenok bakarkako lehen diskoa argitaratu berri du hilabete honetan: 'Esnatu baino lehen'. Zazpi urte hauetan ez du musika alde batera utzi. «Sortzen eta gozatzen ibili naiz, esperientziak bizitzen zer kontatua izateko» esan digu.
Diskoak zortzi abesti ditu, ordu erdi luze, eta kantu bakoitza pertsona bati eskeinia dago. «Abesti bakoitza elkarrizketa bat da».
Estiloari begira, pop rock alai eta dantzagarria dela esan daiteke; «aniztasun horretan mugitzen saiatu naiz», aitortu digu. Bakarkako lana da, pertsonala, baina lagun eta konplizez inguratuta.
Bigarren Kafearen estudiora gerturatu da hitz egin eta abestera.