NAIZ

Astelehenean hasiko dira Janssen txertoaren errefortzu dosia jartzeko hitzorduak EAEn

EAEn Janssen txertoa hartuta duten 99.000 pertsonek errefortzuko dosia jartzeko hitzordua eskatu ahalko dute Osakidetzan astelehenetik, azaroaren 8tik, aurrera. Gabonetarako kutsatzeen egoera hobetzen ez bada neurriak hartu beharko dituztela ohartarazi du.

Osakidetzako profesional bat covid-19aren aurkako txertoarekin xiringa bat prestatzen. (Gorka RUBIO/FOKU)
Osakidetzako profesional bat covid-19aren aurkako txertoarekin xiringa bat prestatzen. (Gorka RUBIO/FOKU)

EAEko Osasun Sailburuak, Gotzone Sagarduik, igande honetan iragarri du astelehen honetan Osakidetzak Janssen txertoaren errefortzuko dosia, bigarrena, jasotzeko kanpaina jarriko duela martxan. Hori horrela, jada txerto hau jaso duten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 99.000 bizilagunak daude deituta kanpainian parte hartzeko. «Astelehenean hasiko gara hitzorduak hartzeko deiak eta baliabideak martxan ipintzen», azaldu du Sagarduik.

Horretaz gain, sailburuak esan du, oraingoz, EAEko egoera «hobeto» dagoela baina ez dela nahi izango luketen bezain ona, positiboen langa eguneko 200 kasu berriren gainetik baitago. Ospitaleratzeei dagokienez, sailburuak jakinarazi du 72 pertsona inguru daudela ospitaleratuta eta beste 27 ZIUetan.

Neurriak Gabonetarako egoera hobetzen ez bada

Hori horrela, Sagarduik ohartarazi du aipatutakoa ez dela «datu ona». Beraz, Gabonetarako EAEko osasun egoera «ez bada hobetzen» abisatu du ez dutela «baztertzen» neurri murritzaileak berrezartzea: «Egoerak gorantza egiten badu, neurriak beste modu batekoak izan beharko dira. Gogorragoak izan beharko dira».

Lehen arretako kontsultei dagokienez, Osasun sailburuak ez du hitzordu presentzialen erabateko normaltasuna berreskuratzeko datarik iragarri: «Hori gizartean egiten ari garen ibilbidearekin batera joango da. Bide horretan gaude eta lortuko dugu».

Eskolen kasuan, ostera, Sagarduik 5 eta 12 urte bitarteko umeen txertaketa kanpaina hasten denean eskoletako kutsakortasunean «aldaketa nabaria» egongo dela baieztatu du. Une honetan 25 gela daude itxita covid-19agatik EAEn; iazko data berean, aldiz, 150 ziren.

Ildo beretik, txertatzearen garrantzian jarri du indarra sailburuak: «Gogoratu dezagun pandemian jarraitzen dugula. Txertatu ez bazara, lau aldiz aukera gehiago dituzu ospiraleratua izateko».