Agurtzane Belaunzaran Saizar (Pedram Yazdani Hejazi)

Tbilisi, Kaukaso bohemioa

Ur termalak, museoak, inperio ezberdinen arrastoa jaso duen arkitektura, lorategi botanikoa, hiriaren ikur diren balkoiak eta kafetegi eta jatetxe diseinuzkoak. Georgiako hiriburuak kale kantoi bakoitzean sorpresa bat du gordea.

Georgiako hiriburuak kale kantoi bakoitzean sorpresa bat du gordea.
Georgiako hiriburuak kale kantoi bakoitzean sorpresa bat du gordea.

Bi kontinenteen arteko mugan dago herrialdea eta Europako eta Asiako kulturen ukituak jaso ditu. Georgiako hiriburuko txokoek historia zati bat gordea dute beren arkitekturan. Hein handi batean, Tbilisi kultura eta erlijio ezberdinen koktel aberats baten emaitza da. Hiriak ondo baino hobeto jakin du garai modernoetara egokitzen eta horren lekuko dira birmoldatu diren eraikinak; hiri aktibo, kultural, moderno, tradizional, bohemio, atsegin, frenetiko zein lasaia da Tbilisi. Edonorentzako gustuko platera.

Alde zahar labirintikoan hasiko dugu bisita. Narikala gotorlekua dagoen mendi kaxkoaren eta Mtkvari ibaiaren arteko lur eremuan sortu zen duela 1.500 urte hiria. Kondairak dioenez, Iberiako erregea ehizan zebilela errekak ur beroa zeramala ohartu eta orduz geroztik giza asentamenduari eman zitzaion jatorri. Tbilisi izenak berak «ur beroen tokia» esan nahi du. Izena eta izana, egun hiriari jatorria eman zioten erreka hartako urei ere ur beroa baitarie eta Abanotubani zonaldea bainuetxez josia dago. Garai haietako plazerak ere, oraindik plazer, eta estetika persiarreko bainuetxeek ateak zabalik dituzte bisitarien hezur, azal eta arima zaintzeko. Ur sufretsuetan bainua hartu ostean biziberritua gelditzen baita edozein, bai lehen eta bai orain.

Bainuetxeen inguruan, errekatxoari jarraituz ibilbide motz baina atsegina egiteko aukera ere bada, eta harkaitz gainean dauden etxeak zintzilik daudela dirudite, paisaia naturala eta arkitektonikoa, argazki kamerari etengabeko klis-klisk eragitekoak dira. Alde zaharrak eskaintzen dituen irudi edo postal politenen artean, balkoiak daude. Kale kantoietan pastel kolore anitzetako balkoiak baitira protagonista eta alde zaharreko ikur nagusi. Otomandarren egurrezko taillazko zursareak, irudi geometrikoekin batzuk, mahatsondoen edo landareen taillekin besteak edota Georgiako alfabetoko letrekin, marrazki ezberdinak baina emaitza ederrak. Balkoirik zaharrenak XVIII. mendean eraikiak dira, gehienak XIX. mendekoak badira ere. Zaharkiturik daude oraindik, eraberritzeko premiarekin, baina egoera dekandenteak batzuetan sortzen duen xarma ezin eragotzi.

Sinagoga, meskita eta eliza ortodoxoen bedeinkapena jasotzen du alde zaharrak, bizikidetza erlijiosoaren adierazle. Zetaren ibilbidean geralekua zen hiria, kultura ezberdinen bidegurutzean egon da eta sinesmen ezberdinak elkartu zituen. Gaur egun, herrialdean kristau ortodoxoek osatzen dute gehiengoa eta hiri honetan ere badute non gozatu arte erlijiosoaren maitaleek.

Hiri zaharraren erdigunean, esaterako, bisita merezi duen VI. mendeko Anchiskhati basilika dago. 1992an eraberritu zuten azkenengoz, independentzia ondorengo urteetan eta sobietar garaian galdu zuen izate erlijiosoa eman zitzaion, komunismoan erlijio zeremoniek ez baitzuten tokirik izan. Basilikako freskoak oso ederra dira. Alde zaharreko ikuspegi polita Narikala gotorleku ingurutik jasoko dugu. Hiriaren zabalera eta alderdirik berrienetako auzoak periferian, lorategi botanikoa ere bistaratzen da, lasaitasunarekin eta naturarekin harremana edukitzeko gune zabala eta interesgarria bera.

Ardoaren maitaleak

Georgiarrek une oro gogoraraziko dizute ardoaren jatorriaren herrialdean zaudela. Esanak badu izana kasu honetan, indusketa arkeologikoetan aurkitutako VII. mendeko brontzezko eskulturak (gaur egun, Museo Nazionalean ikusgai daudenak) gizon bat ardoz betetako behi adarra eskuan duela irudikatzen baitu. Garai haietan ere, plazer gozoen maitale zirela baieztatzen du eskulturak. Tamada maisua da bera, ezkontzetako topagileen maisua. Georgian festak eta familiako ospakizunak mahai inguruaren bueltan ospatzen dira eta ardoarekin topa egitea garrantzitsua da oso. Tamadagileak hizlari ona eta plaza gizona behar du izan, mahai inguruan daudenek topa egitea baita helburua. Tamada maisuaren eskulturaren erreplika handiagoa alde zaharrean dago, georgiarrek ardoarekin duten loturaren adierazle.

Txotxongiloek ere badute egoitza Tbilisin, erloju dorre batean kokatua, diseinu oso infantilezkoa bera. Bertatik, arratsaldero txotxongilo emanaldiak eskaintzen dira. Kale horretan aurrera egin eta art noveau estiloko etxe elegante eta dotoreen artean paseatuz, Askatasunaren plazaraino iritsiko gara, San Jorgeren estatuak zaindua.

Rustaveli poetaren kale iraultzailea

Shota Rustaveli Erdi Aroko poetaren izena hartzen du hiriko kale nagusiak. Independentzia plazan hasten den etorbide amaiezin hau, eraikin ofizial guztien gunea eta protesta guztien bilgunea, Georgiaren eta Errusiaren arteko harreman tirabiratsuaren isla da. Opera, antzerkia, museoak, Parlamentuak... denak demaseko eraikinetan. Georgiako historia ezin hobeto biltzen duen eta guztiz gomendagarria den Museo Nazionala ere hortxe dago. Hiru solairuko eraikinean, pieza arkeologiko bitxiak daude erakusgai. Azken solairuko iluntasunean, berriz, Sobietar Batasunaren okupazio garaiak irudikatzen dira, garai bortitzak izan zirela gogoratuz.

Museotik oso gertu, Galeria Nazionala dago eta oso bisita interesgarria da hori ere. Gure Mendebaldeak sekula aipatzen ez dituen artisten lanak daude erakusgai. Niko Pirosmaniren naif estiloko koadroek areto oso bat betetzen dute eta bertan, margolan batean, mahai inguruan gizonezkoak ageri dira garaiko jantziekin eta esku artean behi adarra dute, ardoarekin topa egiteko prest. Artista esanguratsuenen artean Shalva Kikodezeren espresionista aipa daiteke, 1920ko kafetegi bat irudikatzen duen obra ederrarekin, edota Giorgi Gabashvili artistaren lan errealistak, Samarkandako bazarrak eta Ekialdeko bizimodua islatzen dituzten artelanak.

Arteaz eta kulturaz blaitu ostean, bigarren eskuko piezen merkaturako bidea hartu dugu. Zubi Lehorraren inguruan bigarren eskuko edozein eratako gailu, material, pieza, artisautza, antigoaleko piezak... saltzen dituzten saltzaileen postuetan “altxor” txikiak eta ederrak aurki daitezke. Egunero errepikatzen den irudia da. Zubiaren bestaldean, Aghmasheneveli kale dotorean, joanetorri bat egiteko ere badaude sobera motibo, art noveau estiloko etxe dotoreen etorbide luzea da. Boutique eta modako jatetxe eta tabernaz josia dago.

Berrikuntza, aisialdia eta berrasmatzea

Sobietar garaiko arkitektura industrialak ere badu presentzia hirian. Atzean geratu dira garai haiek, garai ilun bezala gogoratzen direnak herrialdean, maitasun gutxirekin. Bada, ordea, eraikin, fabrika edota lantegi haiei bestelako erabilera emateko prest dagoenik ere eta Tbilisin pixkanaka berrasmatzearen poderioz, aisialdiko gune eta hotel eder bilakatu dira.

Aipatzekoa da Stamba hotela. Jatorrian, sobietar garaian, egunkariak inprimatzen zituzten bertan. Egun, irudi industrial eta modernoa duen hotel dotorea da. Inprimategiko errailak oraindik zintzilik daude eta liburutegi eder bat jarri dute  sarreran.

Bestalde, Fabrika izeneko hotela lehen josteko lantegia zen eta egun hotela, jatetxea eta sormena zein ideiak elkartrukatzeko gune atsegin bat da. Kristalezko leiho handietatik sartzen den argitasunak eta patio barruko dekorazioak atsegin egiten dute eraikin barruan zein kanpoan egotea. Ardoaren herrialdea dela aipatu badugu ere, pixkanaka garagardo artisaua bere tokia hartzen ari da eta Fabrika bera leku ezin hobea da garagardo gozo bat dastatzeko. Fabrikako giro alternatibo, kultural eta bohemioak, 1.500 urte dituen Tbilisi hiria gaztetu egiten du, zalantzarik gabe.