Ioar Aizpurua

Urteko azken 'Beste Bat' saioetako txanda badator

Hilabetero-hilabetero laukote berri batek astindu ditu 2021ko bazkalosteak, eta abendua ez da atzean geratuko. Urteko azken txandan aituko dira Mugan, Martin de Marte, Brigade Loco eta Supercremalleras.

Audio_placeholder

Urteko azken 'Beste Bat' saioetako txanda badator

Loading player...
Abenduko 'Beste Bat' saioak | Brigade Loco, Martin de Marte, Mugan, Supercremalleras
Abenduko 'Beste Bat' saioak | Brigade Loco, Martin de Marte, Mugan, Supercremalleras

Denetarik topatu izan dugu urte honetan 'Beste Bat' saioetan, aukera zabaleko musikari, abeslari eta artistak igaro dira eta hala izango da urteko azken labekadan ere.  Mugan talde donostiarraren txanda izango dira astelehenak, Martin de Marte zarauztarrek hartuko dute lekukoa astearteetan. Asteazkenetan, Brigade Loco taldea arituko da eta ostegunetan Supercremarellas talde gernikarraren txanda izango da.

2017.urtean sortu ziren Mugan musika talde donostiarren lehen haziak Pablo Zurutuzari esker. Uda hartan ekin baitzion abestiak sortzeari gitarra eta ahotsa lagun zituela. Joseba Pastor lagunari erakutsi zizkion lehen lan horiek, eta honek baxuarekin busti zituen hazi horiek, sustraiak eman eta taldea gorputza hartzen joan zedin. Urtebete geroago iritsi zen taldearen sorkuntza: Enara Rodriguez pianoan, Markos Murua tronboian, Eneritz Genua biolinean, Garazi Aranburu ahotsean eta Ander Murua perkusioan. Ibilbide berezi bezain ederra izan dute ordutik gaur egun arte, eta orain, 'Beste Bat' saioko bidelagun izateko asmotan datoz NAIZ irratira.

 

Abenduko astearteei  Martin Muruak gehituko dizkie doinuak. Martin de Marte izen artistikoarekin osatu zuen musika taldea eta 2019.urtean eman zuten ezagutzera beraien lehen diskoa. Urtebeteren ondoren iritsi zen bigarrena, eta batean zein bestean rock, jazz, indie eta psychodelia doinuak nahastu zituzten. Interneteko plataformetan soilik eskura daitezke beraien lanak, auto-editatuak direlako kantu guztiak entsegu-lokalean grabatu ondoren. Osasun egoeraren ondorioz, beraiek ere ezin izan dute emanaldirik eskaini, baina entseatzen jarraitzeko gogoz dauden moduan, gurera ere kantu-zerrenda bikainak osatzera gerturatuko da Murua.

 

Bergara, Hernani eta Deba herrietako bost musikarik osatzen dute Brigade Loco musika taldea. 2017.urtean sortu zuten punk-rock estiloa jorratu ahal izateko, eta ordutik harribitxi ugari utzi dizkigute. Oier (baxua), Mikel (gitarra), Alex (gitarra), Manex (bateria) eta Lander (abeslaria) dira kideak. Zerbait berria egiteko asmotan ordea, Oier baxu jotzailearen ideia izan zen taldea sortzea. Ordutik gaur egun arte, hainbat gaztetxe, txosna-gune zein jaialdietako agertoki ugaritan topatu izan ditugu. Taldekide bakoitzak saio bana egingo du abenduan, asteazkenetan.

 

Asteari Gernikatik emango diogu bukaeran. Talde gaztea da 'Supercremalleras',  2019an sortu zen rock musika banda hau. Gorka Etxeberria, Daniel West, Unai Markina eta Julen Alberdi dira taldekideak, eta gitarra-soinuaren nahiz melodia itsaskorren eraginez, urte horretan bertan kaleratu zituzten beraien lehen hiru kantuak 'Querer Sin Querer' EPan. Etxeberria izango da Naiz irratiaren uhinak sutan jarriko dizkigun taldekidea, ostegunero gurekin bat egingo du. 

Astelehenetik-ostegunerako hitzorduak beraz, bere horretan jarraituko du 15:00etatik 16:00etara bitarte zuzenean. Baina behin amaituta, entzungai izango dira saio guztiak irratia.naiz.eus webgunean edota podcast plataformetan ere. Urtea ere, gure musikarien azukre koskorrak entzunaz amaituko baitugu!