NAIZ

55 urtetik gorakoek gaurtik aurrera hartu ahalko dute errefortzu dosia jasotzeko hitzordua EAEn

Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko 55 eta 59 urte arteko pertsonek astearte arratsaldetik aurrera hartu ahalko dute hitzordua Osakidetzan koronabirusaren aurkako txertoaren errefortzu dosia jasotzeko.

Emakume bat, covid-19aren aurkako txertoa jasotzen, Iruñean. (Eduardo SANZ/EUROPA PRESS)
Emakume bat, covid-19aren aurkako txertoa jasotzen, Iruñean. (Eduardo SANZ/EUROPA PRESS)

Araba, Bizkaia eta Gipuizkoan bizi diren 55 eta 59 urte arteko pertsonek astearte honetatik aurrera hartu ahalko dute koronabirusaren aurkako txertoaren errefortzu dosia jasotzeko hitzordua Osakidetzaren webgunean, Gotzone Sagardui Lakuako Gobernuko Osasun sailburuak Gasteizko Legebiltzarrean egin duen agerraldian jakinarazi duenez.

Osasun Saila AstraZenecaren txertoa jaso zuten pertsonei errefortzu dosia jartzeko antolaketa lanetan ere ari dela gaineratu du Sagarduik.

Eman dituen datuen Arabera, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban 60 urtetik gorako pertsonen %79,6k dagoeneko jaso du errefortzu dosia. 

6 eta 11 urte arteko haurrei dagokienez, 15.269k jaso dute txertoa dagoeneko; horien artean 1.644ri dosi bakarra ezarri diete, koronabirusa pasa dutelako jada. Jasotako txerto guztien %25,4a ezarri dira. Joan zen asteazkenean hasi zen adin horretako umeen immunizazioa.

Sagarduik nabarmendu duenez, txertaketa martxa onean doa EAEn eta «eguneko albiste on bakarra da planifikatu bezala egiten ari dela», egunero mila positibo berritik gora zenbatzen ari direla kontuan hartuta.

«Ez dago aitzakiarik ez txertatzeko, kutsatzeak ekiditeko ezarritako neurriak ez betetzeko eta esperientziak eta ebidentzia zientifikoek aholkatzen dituzten gomendioak ez jarraitzeko», defendatu du Osasun Sailburuak.