NAIZ

Sarkomak dituzten haurren biziraupena areagotzeko ikerketa bultzatuko du Juneren Hegoak taldeak

Juneren Hegoak elkarteak Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutuaren proiektu bat bultzatuko du, sarkomak dituzten haur onkologikoen biziraupena areagotzera bideratua.

Ezkerrean, Itziar Astigarraga, Gurutzetako Ospitaleko Pediatriako burua eta Biocruces Institutuko haurren minbiziari buruzko ikerketa-taldearen arduraduna, June Sanchez Tolaretxipi III. Beka jasotzen. (JUNEREN HEGOAK)
Ezkerrean, Itziar Astigarraga, Gurutzetako Ospitaleko Pediatriako burua eta Biocruces Institutuko haurren minbiziari buruzko ikerketa-taldearen arduraduna, June Sanchez Tolaretxipi III. Beka jasotzen. (JUNEREN HEGOAK) (JUNEREN HEGOAK)

Juneren Hegoak Elkarteak eta Euskal Herriko Pediatria Elkarteak June Sanchez Tolaretxipi III. Beka eman diote Itziar Astigarragari, Gurutzetako Ospitaleko Pediatriako burua eta Biocruces Institutuko haurren minbiziari buruzko ikerketa-taldearen arduraduna. Beka honen helburua haur minbiziaren ikerketa bultzatzea da, eta oraingo honetan sarkomak dituzten haurren biziraupena areagotzea bideratuta dago.

Hezur, gihar eta zati bigunei erasaten dieten tumore oso agresiboen diagnostikoa, tratamendua eta pronostikoa hobetzea da proiektuaren xedea, Juneren Hegoak ohar baten bidez aditzera eman duenez.

Azaldu dutenez, Astigarragak aurkeztu zuen proiektuak «sarkoma pediatrikoen diagnostikoa, pronostikoa eta tratamendua hobetzeko balio duen erantzun immune antitumoralaren aldaerak eta ligando erregulatzaileak aztertzen» ditu.

June Sanchez Tolaretxipi II Bekaren irabazlea ere izan zen eta horri esker duela bi urte minbizia duten haur eta nerabeetan infekzio larriak diagnostikatzeko markatzaileen inguruko ikerketa egin zuen.

Mediku eta ikertzailearen hitzetan, «sarkomak oso tumore oldarkorrak dira, eta haien biziraupena ez da ia hobetu azken urteotan. Horregatik, beharrezkoa da tresna berrien bilaketa ikertzea, hezur, muskulu eta zati bigunei erasaten dieten tumore mota horren diagnostikoa, tratamendua eta pronostikoa hobetzeko. Onkologia pediatrikoko taldean, hezurretako sarkomen karakterizazio molekularra ikertzen ari gara, baina ikerketa beste sarkoma mota batzuetara zabaldu nahi dugu, eta emaitza berritzaile batzuen interpretazioan aurrera egin».

«Panel genikoen azterketetan (NGS) oraindik esanahi ezezaguna duten aldaerak detektatzen dira, eta, beraz, beharrezkoa da ikertzea ea garrantzitsuak izan daitezkeen sarkoma motak hobeto bereizteko, ea pronostiko gisa funtzionatzen duten edo farmako berrien garapena errazten duten dianak izan daitezkeen. Era berean, erantzun immunean duten papera aztertuko da, sarkomen garapena geldiaraztea lortzen ez duten defentsen mekanismoetako akatsak ezagutzeko. Beraz, doitasunezko medikuntzako proiektu bat da, paziente horien diagnostikoa eta tratamendua hobetzeko tresna berriak garatu nahi dituena», gaineratu du.

Euskal Herriko Pediatria Elkarteak eta Juneren Hegoak ikerketaren garrantzia nabarmendu dute. «Egungo egoera hain zaila izanik ere, ahalegin bat egin nahi izan dugu, ekimen honen hirugarren edizio bat bultzatuz, aurreko edizioekin bat datorren ekarpen ekonomiko batekin. Pandemiak ikerketa-proiektuak abian jartzeko eta garatzeko sortzen dituen zailtasunak kontuan hartuta, beharrezko ekintza dela uste dugu. Uste dugu ikerketarik gabe ez dagoela itxaropenik, eta itxaropenik gabe ez dagoela etorkizunik», azpimarratu du Junean Hegoak. 3.000 euroko ekarpena egin du 2013an «June txikia»ren omenez sortutako gobernuz kanpoko erakundeak.