Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Entrevue
Anne Lukin
Musikaria

«Emakumeak ahizpa gisa ikusten ditut; hortik ulertzen dut musika»

Kantu berria kaleratu du Anne Lukin (Iruñea, 2001) abeslariak, ‘Ay, pequeña’, musikagintzaren industrian topatu duen paternalismoari kritika eginez. Iruindarra bide argitsu eta naifetik aldendu eta melodia ilunagoen aldera igaro da.

Audio_placeholder

«Emakumeak ahizpa gisa ikusten ditut; hortik ulertzen dut musika»

Loading player...
Anne Lukin abeslaria.
Anne Lukin abeslaria. (Cesar MESTRE)

Oso urduri zen kantua kaleratzeko orduan, aspalditik gordeta zeukalako eta jendaurrean aurkezteko gogoz zegoelako: «Iazko apirilean idatzi nuen, bideoklipa abuztuan egin eta ekoizpena irailean; hortaz, bazen ordua hau kaleratzeko. Gauzak isilpean edukitzearena oso gaizki daramat, baina, gainera, abestia momentu jakin batean idatzita dago eta denbora gehiegi pasatzen bada, beste modu batean sentitzera iristen zara abesti hori bera. Hortaz, hori gertatu aurretik kaleratu dut», kontatu digu Anne Lukinek.

Diskoaren aurkezpen biran buru-belarri ibili da; izan ere, 2021ean kaleratu zuen bere debuteko lana, ‘Al dia siguiente’. «Beti gauza bera gertatzen da, obra bat publikatzen duzunerako beste bat egiten ari zara eta, orduan, kaleratu nahi duzu sortzen ari zaren hori, baina aurrekoa ere behar den moduan aurkeztu behar duzu», esan du.

Debuteko lanarekin industriaren barruan dagoen guztia ezagutzeko aukera izan du eta «harrituta» geratu dela aipatu digu abeslari gazteak. «Marabunta handia da, nik uste baino askoz ere handiagoa. Hala ere, oso pozik nago diskoak izan duen harrerarekin, oso harro nagoelako egin genuen lanaz. Harrera kaskarragoa izan balu ere, berdin-berdin pozik egongo nintzateke. Hortaz gain, zenbat eta gehiago kantatu, orduan eta gehiago gustatzen zait sortu genuen hura. Urte honetan egindako ibilbidearekin pozik nago», azaldu du.

Musikaren industriari kritika

«Ya verás la que te espera» eta «nunca serás la primera» esaldiak jasotzen ditu kantu berri honetan; industriaren atzaparrak ikusi zituen unea jasotzen du nolabait ‘Ay pequeña’ abestiak:

«Abesti hau esaldiz josita dago eta ia denak esan dizkidatenak dira, baina badaude tartean nik nire buruari esaten dizkiodanak ere. Inguruan sumatzen dudan horrek guztiak eragiten du nik nire buruari halakoak esatea. Ikusiko nuela zer zetorren esan zidaten eta nik ere nire buruari esan izan diot. Baina, ‘lehenengoa ez zara izango inoiz’ hori dagoen lehiakortasunari kritika egiteko erabili dut. Ez dut batere atsegin emakume artiston artean sortzen den lehiakortasun hori, askotan medioek egiten dituzten konparaketen ondorioz sortzen dena, eta gorroto ditut. Nik nire gisara mundu honetan dabiltzan emakumeak ez ditut lehiakide bezala ikusten, ahizpa bezala baizik. Ahizpatasunetik ulertzen dut musikagintza. Lehiakortasun hau gorroto dut».

Baina bada esaldi bat benetan gogorra dena, guztien artean nabarmentzekoa, «tu talento es cosa nuestra» esaten duena: «Ez didate literalki esan, baina bai zeharka. Diskoa atera nuenean, industriako jende garrantzitsuak nire taldekideei idazten zien esanez ea nola lortu zuten ni mugitzen ari nintzen inguruan mugitzea, baina niri zuzenean sekula ere ez dira ausartu ezer esatera. Eta horrek sekulako amorrua sortzen dit. Batzuetan ahazten zaizu zure inguruan lanean dabiltzanak zuk sortzen duzun musikagatik daudela hor, baina hori da inurri bat bezala sentitzen naizelako, lanerako prest. Iruzurti moduan ere sentitzen zara batzuetan. Musikaririk gabe ez legoke industriarik, baina ahaztu egiten zaigu».

Estiloz asko aldentzen da ‘Ay pequeña’-rekin. «Elektronikoagoa, ilunagoa, ‘malaostia’ gehiagorekin… Ez dakit nola esan. Baina horrela izatea nahi nuen eta horregatik sentitzen dut halako bertigo bat. Guztiz kontziente naiz aldaketaz eta iluntasunerako bira honetaz, baina barruan zerbait sortzen du». Izan ere, ‘Al día siguiente’ diskoan argitasun handia dago eta baita naif puntu bat ere. Kasu honetan, berriz, bere burua babestu eta ahalduntzeko kantu gisa har daiteke abestia, arriskuak hartu dituena, bai hitzengatik eta baita musikagatik ere.

Bideoklip eta guzti aurkeztu du kantua eta «dena lerro berean» doala kontatu digu Lukinek. Marc Borras eta Ana Maria Burgos izan dira ikus-entzuneko piezaz arduratu direnak eta gauza desberdin asko ikusten dira: zientzialariak gozoki batzuk sortzen, Anne bera buruz behera, sokekin lotuta habia batean…

«Inozentziarena nigan inposatzen saiatu dira; nire musika estiloari eta mundua ikusteko moduari atxiki izan diote; arma bat bezala erabili dute, nahiz eta ni askotan ez naizen horrela sentitu»

Irudien esanahia ere azaldu du Iruñeko abeslariak: «Zientzialari horiek paternalismoa gorpuzten dute eta bereziki musikaren industrian aurkitu dudan paternalismoa. Gozokien zera hori metafora moduan ulertu behar da, umetasunaren kontua eta inozentziarena nigan inposatzen saiatu direlako, nire musika estiloari eta mundua ikusteko moduari atxiki izan diotelako, arma bat bezala erabili dute, nahiz eta ni askotan ez naizen horrela sentitu. Ume txiki baten pare tratatu naute askotan eta nire obra horrela ikusi dute, eta horri kritika bat egin nahi izan diot. Eta habiarena nire burua galduta topatu dudalako izan da».

Berria bidean

Disko baten atzean dagoen lanari buruz ere gogoeta egin du Lukinek: «Urtebete pasatzen duzu diskoa idazten, ekoizten, konposatzen… Tira, eta nik urtebete, baina beste batzuek askoz ere gehiago, eta gehienez hiru hilabeteko bizitza izaten du diskoak. Egunero ehunka abesti ateratzen dira eta zaleek oso azkar kontsumitzen dute guztia; orduan, zuk egindako lan horrek iraungitze-data oso laburra duela jabetzen zara. Eta horrek zer pentsatua ematen du. Ez da larritzen gaituen zerbait, baina bai kezkatzen gaituena. Oso zaila da hor mantentzea eta merkatuak ez irenstea. Artista eta lagun askorekin hitz egin dut gaiaz. Eta nola konpontzen duzu arazo hau? Ez dakit erantzuten. Baina nire kasuan disko bat egitearen helburuetako bat kontzertu bat nire kantuekin eskaintzea zen, bertsiorik eta halakorik egin gabe, eta horrekin pozik nago. Berriz ere gauza bera errepikatuko nuke, diskoaren formatua gogoko dudalako: abestiek zentzu bat izatea, artea lantzea, kontzeptu baten bueltan lan egitea, eta halakoak».

Lan berrian buru-belarri dabil, nahiz eta lehendabizikoaren aurkezpen kontzertuak izango dituen 2022an ere. «Etapa berri batean sartuta nago, ilunagoa dena, eta sortu ditudan abestiak bide horretatik doaz. Iluntasun hori besarkatzen dute; nire izateko moduaren beste alde bat eta bizitzarekiko dudan ikuspegi desberdin bat erakusten dut. Bide hori esploratu nahi dut eta orain iluntasunaren momentua etorriko da; gutxika joango gara abesti berriak erakusten. Aldi berean, ‘Al día siguiente’ diskoaren aurkezpen kontzertuekin jarraituko dugu eta udan izango dira hainbat kontzertu».