NAIZ

Abiatzear duten bira berrirako abestia sortu du Anestesiak: ‘Fenix’

Anestesia talde zarauztarrak ‘Fenix’ abestia aurkeztu du. Bi urtez atzeratu behar izan duten eta otsailaren 26an, Atarrabian, ekingo dioten Fenix Tour biraren abiapuntua da orain plazaratutako kanta.

‘Fenix’ abestia aurkeztu berri du Anestesia talde gipuzkoarrak. 2020an zuten egitekoa Fenix Tour bira, baina pandemiak birritan atzeratu du ekimena. Oraingoan bai, badirudi, eszenatokietara itzultzeko moduan izango da taldea, otsailaren 26an zita baitute Atarrabiako Totem aretoan.

Bi urteko itxaronaldi horretatik baina, atera dute uzta. Izan ere, abesti hau denbora horretan sortua da eta orain biraren abiapuntu gisa aurkeztu dute. Laukoteko kide den Mikel Kazalisek ‘Herriko Burdina’ webguneari adierazi dionez, abestiak «mezu oso berezia» du taldearentzat.

NAIZ Irratian iragan irailean egindako elkarrizketan Kazalisek berak azaldu zuen biraren izen horrek taldekideentzako duen esanahia. «Oso esanguratsua zen Fenix hegaztiaren metafora horrena, bere errautsetatik jaiotzen den txoria delako. Covid-19a baino lehenago, 2019an, minbizia pasa nuen nik. Urtea lehen diskoaren urteurrena ospatzen hasi genuen, kontzertu gutxi batzuk emanaz, baina areto guztiak leporaino beteta genituen kontzertuak eman baino hilabete dezente lehenagotik. Inoiz gertatu ez zaiguna. Formaz topera ginen eta taldekideei esaten nien, 30 urte hauetan emandako kontzerturik onenak izaten ari zirela. Baina nik, ordurako, eztarrian baneukan mandarina baten tamainako tumore bat».

Atarrabian Smog taldearekin batera arituko dira. Martxoaren 26an, berriz, Gasteizko Mendizorrotzan izanen dute kontzertua, apirilaren 2an Ondarroako Beikozini aretoan, maiatzaren 14an Miarritzeko Atabalen, eta maiatzaren 21ean Bilboko Kafe Antzokian 

Hodei Estebanek egindako bideoak lagunduta dator ‘Fenix’ lana.