NAIZ

Hego Amerikako dinosauroen aitzindari zaharrena aurkitu dute Brasilen

Hego Amerikako dinosauroen aitzindari zaharrenaren fosila topatu dute Brasileko aztarnategi batean. Aztarnategiak 237 milioi urte inguru dituela kalkulatzen dute adituek, beraz, Hego Amerikako zaharrena da.

Brasilen aurkitu duten dinosauroen arbasoaren ilustrazioa.
Brasilen aurkitu duten dinosauroen arbasoaren ilustrazioa. (Caetano SOARES | Universidad Federal de Santa Maria)

Orain arte topatutako Hego Amerikako dinosauroen aitzindari zaharrenaren fosilaren aurkikuntzaren berri eman zuten UFSMko ikerlariek, iragan den asteartean, ‘Gondwana Researc’ aldizkari zientifikoaren bitartez. Fosila 237 milioi urte inguru dituen Rio Grande do Suleko, Brasilgo, aztarnategi batean topatu dute, Hego Amerikako zaharrenean.

Santa Mariako Unibertsitate Federaleko paleontologoek azaldu dutenez, exhumatutako fosilak dinosauroen eta beraien hurbileko senideen berariazko ezaugarriak zituen. Hori horrela, aurkikuntzak erregistro brasildarreko hutsune bat bete du eta, hortaz, frogatuta gelditu da dinosauroen aitzindariak adituek orain arte uste zutena baino milioi bat urte lehenagotik bizi zirela Hego Amerikan.

Fosilak 11 zentimetroko luzera duen femurra du. Horrek esan nahi du espezieak, guztira, metro bateko luzera zuela eta, gainera, fosilari ‘Dinosauromorpha’ izeneko taldeari esleitzen zaizkion ezaugarri anatomikoak atzeman dizkiote. Talde honetan dinosauroak eta haien arbasoak sartzen dira.

Hego Amerikaz bestalde, dinosauroen beste arbaso batzuk topatu izan dituzte Tanzanian eta Zambian, ziurrenik Brasilen aurkitutakoa baino zaharragoak. Hala ere, ikerketa batzuek zalantzan jartzen dute Afrikako aztarnategien antzinatasuna, kalkulatutakoa baino «gazteagoak» direla iradokiz.

Brasilgo aztarnategi hau balio fosilifero handiko gunea da. Izan ere, narrasti handien hainbat hezurdura topatu dituzte bertan, tartean, Prestosuchus chiniquensisena, krokodiloaren ahaidearena, zeinak 7 metro luzeko gorputza zuen.

Konparaketan, topatu duten espeziearen femurrak 11 zentimetro eskas dituenez, zientzialariek uste dute Mesozoiko aroan izaki erraldoietara eboluzionatu aurretik, dinosauroen ahaideek «erronka zenbakaitzei» aurre egin beharko zietela bizirauteko xedez.