Sumy SADURNI (AFP)

Zanzibar, kitesurf egiteko paradisu tropikala

Zanzibar txoko turistikoa da aspaldidanik, baita urpekarien topaleku ere, baina azken urteotan kitesurfa egiten dutenak erakarri ditu bereziki, haize boladen eraginez. Paje, adibidez, ezagun bihurtu da kitesurflarien artean.

Kitesurflarien topaleku bihurtu da Paje.
Kitesurflarien topaleku bihurtu da Paje. (Sumy SADURNI | AFP)

Tanzaniako ekialdeko kostaldean, Indiako Ozeanoan, hantxe dago Zanzibar artxipelagoa, Zanzibar, Pemba eta beste irla batzuez osatutako uhartedia. Zanzibar uharteak 90 kilometroko luzera eta 30 kilometroko zabalera du (eremu zabalenean), eta mundu mailan oso ezaguna da harea zuriko eta ur gardeneko hondartza ikusgarriak eskaintzen dizkielako turistei.

 

Hala ere, azken urteotan kitesurflarien topagune bihurtu da, haize boladek bultzatuta bertaratzen direnen paradisu tropikala. Hamaika dira, bai, irlako hondartza liluragarriak, baina bada bat, kostaldeko hego-ekialdean, kitesurfalariak bereziki erakartzen dituena: Paje. Arrantzaleen herri txiki eta lasaia da Paje. Haizeak etengabe astintzen du itsasertza eta, gainera, tenperatura tropikal ezin hobea da: ura 27 gradu inguruko tenperaturan egon ohi da.

Urtaroen ezaugarri bereziak

Abendutik martxora eta uztailetik irailera bitarteko hilabeteak dira egokienak uhartean katesurf egiteko, haizearen presentzia bermatuta omen dagoelako. Hala ere, kontuan izan behar da haizeteen ezaugarriak aldatu egiten direla urtean zehar. Urtaro bakoitzak ezaugarri bereziak ditu. Ekainetik irailera bitartean gerturatzen direnek “kusini” izenarekin ezagutzen den cross-shore haizeak bultzatuta egingo dute hegan. 15 eta 20 korapilo arteko indarrarekin jotzen du, hegoaldetik. Aldiz, abendutik otsailera arte, “kaskazi” haizea da nagusi, indar berdina baina norabide aldakorragoa duena.

Zalantzarik gabe, Pajek -Afrika Ekialdeko hondartzarik ederrenetako bat izateagatik ezaguna- hasiberriak zein beteranoak erakartzen ditu, batez ere, bere ur zapalari eta sakonera gutxiko aintzirei esker. Horrez gain, beste ur kirol batzuk egiteko ere leku aproposa da, hala nola urpekaritza, paddelboarda, snorkela, windsurfa eta baita arrantza ere.

Gainera, hondartzan bertan maila guztietako kitesurf ikastaroak eskaintzen dituzten klubak daude. Eta, seguruenik, bertako irakasleak dira gidari fidagarrienak informazio zuzena jasotzeko haizearen norabidearen inguruan, edo adituen≠ei bakarrik gomendatzen zaizkien arrezifeei buruzkoak.