Ostegunean, Kongresu espainoleko osoko bilkurak Ciudadanosen mozio bat onartu zuen, Gobernuari musukoaren erabilera barnealdeetan kentzeko eskatuz, espazio sanitario eta soziosanitarioetan izan ezik. Bi urteko pandemiaren ondoren, musukoak barrualdean kentzeak eztabaida sortu du alderdi politiko eta osasunaren profesionalen artean.
PSOEk Ciudadanosen proposamena babestu ostean, Vox ere alde agertu zen eta erabakiari data jartzeko eskatu zuen Aste Santua epemuga jarrita, turismoa erakartzeko asmoz. Hainbat hedabideren arabera, Carolina Darias ministroak apirilaren 12a du buruan eta baliteke egun horretatik aurrera maskara barruko espazioetan derrigor ez izatea.
Gotzone Sagardui Lakuako Gobernuko Osasun sailburua «zuhur» izatearen alde agertu da eta «adituei» entzuteko eskatu du, edozein erabaki hartu aurretik.
Katalunian, Josep Maria Argimon Generalitateko Osasun kontseilariak ziurtatu du Osasun Ministerioa «estutuko» duela musukoak ikastetxeetan kentzeko, eta ez du baztertu neurri hori Katalunian aplikatzea, Madrileko Gobernuaren adostasunik gabe.
Asteazkenean Toledon egingo den Osasun Sistema Nazionalaren (CISNS) Lurralde arteko Kontseiluan gai horri heltzea aurreikusten da, Emiliano Garcia-Page Gaztela-Mantxako presidenteak, bileraren anfitrioiak, aurreratu duenez.
Inzidentzia tasa altuak
Estatu espainoleko Immunologia Elkarteko presidente eta Valdecillako Immunologia Zerbitzuko burua den Marcos Lopez Hoyosen ustez, «goizegi» da barruko espazioetan musukoa erabiltzeko derrigortasuna kentzeko, eta oraindik covid intzidentzia tasa «oso altuak» daudela gogorarazi du.
Izan ere, gaur egungo balio epidemiologikoak aurreko olatuetan izaten zirenean «ez ziguten ia etxetik irteten uzten», azpimarratu du Lopez Hoyosek, eta gaineratu du birusaren aurkako protokoloa aldatu berri dela, kasu arinetan eta sintomarik gabekoetan berrogeialdiak eta detekzio probak kenduz.
Era berean, ohartarazi du Aste Santua iristean areagotu egingo dela sozializazioa eta horrekin batera segurtasun neurriak ez direla hainbeste beteko, eta horrek kasuen kopurua handitzea ekar dezakeela; beraz, data horretara covid kasu gutxirekin iristea espero du.
Osasun Publikoko zuzendari nagusia den Reinhard Wallmannek ere hitz egin du gaiaz. Protokoloa «nahikoa» izatea espero du, baina ez du baztertzen, birusaren beste aldaera bat sortzen bada, segurtasun neurriak eta kasuen zaintza berriro indartu behar izatea.
«Dugun itxaropen nagusia da urtaroko arnas gaixotasun bilakatzea, batez ere neguan agertuko dena eta udan atseden pixka bat hartzeko aukera emango duena», esan du.
«Ez da gripea, baina tratatzeko eta kasuak monitorizatzeko modua gripearen antzekoa da», zehaztu du Wallmannek azken bi urteetan ikusi den bezala, birus honekin «ezustekoak egon daitezkeela» ohartarazi ondoren.