Jurgi Fernandez Ostoaga - Salto Training

Zer da «kardio» entrenamendua?

Jarduera fisikoan barneratzen den edonork ‘kardio’ hitza erabili edo entzun du. Hitz hau oso zabalduta dago egungo gizartean; pisua galtzeko entrenamendu oso ona dela, bihotza indartzeko lan aparta dela edota soilik bizikletara, korrika egitera edo eliptikara lotuta dagoen entrenamendua dela entzutea ere ohikoa da. Baina ba al dakigu benetan zertan datzan ‘kardio’ hori?

Lehenik eta behin, hitza ez dugu oso gustuko; aurreko artikuluetan ere aipatu izan dugu, gure ustetan, jarduera orok indarraren mendekotasuna duela, eta hitz horrek normalean indarraren eta lan metabolikoaren artean muga bat jartzen du. ‘Kardio’ bereziki lan metabolikoa edo eskakizun aerobiko altua duen jarduera motari deitzen zaio, muskulu handiak mugiarazten dituena eta denbora luzez mantendu daitekeen ahalegina izanik. Hori dela eta, jarduera ziklikoekin lotuta dago, ariketa mota horietan denbora luzez mantendu daitezkeelako ahaleginak, eta ahalegin hori norberaren gaitasunetara erregulatzea nahiko erraza baita. Jarduera horien eredu, spining saioak, paseoak, korrikaldiak, eliptikako saioak… ditugu.

Jarduera mota horiek oso erabiliak dira jarduera fisikoan hasiberri direnentzat. Esan bezala, burutzeko errazak dira, eskura daude eta askotariko onurak dituzte osasunean. Horien artean, aurretik aipatutakoak ditugu, baina ez dira baliabide bakartzat hartu behar. Osasun maila egoki bat izateko eta patologiak ekiditeko, ez da nahikoa jarduera metabolikoak egitea, indar-entrenamenduarekin osatzea ezinbestekoa da. Jarduera ‘aerobikoak’ gorputzeko muskulaturaren garapena ez dute indar-lan espezifikoak bezala garatzen, estimulu muskularra ez delako hain aberatsa eta horrek entrenamendua hankamotz uzten du.

Laburbilduz, ‘kardio’ lana gorputzeko sistemen garapenerako oso egokia dela esan daiteke; bereziki aparatu kardiobaskularrerako. Hala ere, aproposena indar-lanarekin osatzea da, lokomozio-aparatuari estimulu egokia emateko eta osasun-maila orekaz hobetzeko.