Neona talde usurbildarrak bere debuteko lana kaleratu du 2022an, ‘Mundu berri bat’ deitzen dena. Natali proiektutik eratorri eta bide berri batetik joan asmoz sortu da Neona, nahiz eta aurreko taldeko kide gehienek bertan jarraitzen duten.
Funky, r&b edota popa bezalako estiloak lantzen dituzte, ahotsari garrantzia emanaz, baina teklatuak protagonismo dezente hartzen duelarik. Izan ere taldekide berrienak, Oihana Rodriguez zumaiarrak, konposatzerako garaian eta kantuei buelta bat ematerakoan pisu handia izan duela kontatu zigun Natali Izagirrek MusikHaria saioan egin zuen bisitan. Hala, kanturen batzuetan Michael Jacksonen doinuak etorriko zaizkigu gogora, haren etapa desberdinetan.
Bederatzi abestiz osatutako lana da ‘Mundu berri bat’, hein batean etxean egosia, Andoaingo Garate estudioetan grabatu baitute Kaki Arkarazoren gidaritzapean. Kantu ia denak euskaraz, baten bat ingelesez, eta, tartean, Jon Basagurenen kolaborazio bat ere izan dute.
Lehendabiziko aurkezpen kontzertuak egin dituzte, Orion, Gasteizen eta Mutrikun. Gasteizkoan, gainera, Gasteizko Txosnetako banden lehiaketa irabazi eta aurtengo Gasteizko jaietan kontzertua eskaintzeko aukera izango dute usurbildarrek. Maiatzaren 21ean Lazkaon eskainiko dute datorrena, 27an Tolosako Bonberenean izango dira eta ekainaren 9an Donostiako DOKA aretoan.
Entzun eta gozatu Natali Izagirrerekin diskoari buruz izan genuen elkarrizketaz.