«Kindchenschema», zergatik eta zertarako eragiten digute samurtasuna kumeek?
Animalien kumeek eta gizakien umetxoek samurtasuna sortzen duten gugan, baina zergatik? Giza jarreraren inguruko datu bitxiak topatu dituzte urteetan zehar ikerketa ezberdinetan, hausnarketarako aukera ere ematen dutenak.
Imajinatu txakurkume bat pilota batekin jolasean, katutxo bat zure altzoan urruma egiten, ahate txikiak amaren atzetik korrika, umetxo bat helduek aspaldian atzean utzi zuten inozentzia begietan...
Zergatik pizten dute guregan samurtasuna haur txikiek eta kumeek? Zientziak badu galdera horren erantzuna. Izan ere, ikerlariak konturatu dira samurtasunak burmuinean aktibitate berezi bat sortzen duela, eta hori jakinda aspalditik erabili izan da publizitatean; samurtasunak saldu egiten du.
1930ean Konrad Lorenz austriarrak Nobel Saria irabazi zuen gizakien portaerari buruz egin zuen ikerlanari esker. Ordura arte argitaratutako ikerketa guztiek erreferentzia egiten zioten kindchenschema-ri (umetxoaren eskema), alegia, ugaztun jaioberri askok buru handia, begi handiak eta sudur txikiak dituzte, eta horiek zaintzeko beharra pizten dute.
Lorenzek iradoki zuen jarrera hori ez dela ikasi dugun zerbait, biologikoki barnean dugun zerbait baizik. Hau da, gizakiek kume bat zaintzeko eta elikatzeko beharra dute, kume hori aurretik sekula ikusi ez duen arren.
Lorenzen ustez, gizakien jarrera hori ez zen zerbait ona, giza senaren akatsa baizik
Kindchenschema-ren ezaugarri fisikoak desagertu egiten dira handitzean. Hala ere, Lorenzek, nazi sutsua zenak, uste zuen gizakien jarrera hori ez zela zerbait ona, giza senaren akats bat baizik. Bere ustez, gizakiek euren kumeetaz bakarrik zaindu beharko lukete.
Lorenzen ideiari jarraituz
Ideia horri tiraka, ondoren beste ikerlari askok jarraitu dute kindchenschema aztertzen. Daniel Kruger Michiaganeko Unibertsitateko psikologoak uste du samurtasunak hautespen naturalarekin duela zerikusia, eta horrek espezie desberdinen anatomia eta jarrerera moldatu duela.
Jaio eta berehala autonomoak izateko gai dira espezie asko. Adibidez, hegazti batzuk lumekin jaiotzen dira eta denbora gutxian ikasten dute hegan egiten. Ugaztunak, berriz, nahiko babesgabeak dira hasierako etapan eta gurasoen zaintza luzea behar dute bizirauteko. Krugerrek uste du ugaztunak argiagoak direla, baina garunak garatzeko denbora gehiago behar duetla.
Krugerren lankidea den Stephanie Prestonek azalpen bat du honetarako. Bere hitzetan, ugaztunek umetokian daudela ezin dira gehiago hazi. Garunak neurri jakin bateraino hazten da amaren erditze-kanaletik pasatu ahal izateko. Behin kanpoan, burmuina ez dago guztiz garatuta eta horregatik behar dute gurasoen laguntza. Hala, kindchenschema agertzen da kumeek gurasoen beharra dutenean bizirauteko.
Jarrera ez da berdina espezie guztietan. Ardiak taldetan bizi dira, eta artaldeko eme haurdun guztiek ia batera erditzen dute. Euren kumeek kindchenschema-ren ezaugarriak izan arren, amek euren kumea bakarrik zaindu ohi dute. Arratoiek, berriz, ez dituzte kumeak aldi berean izaten eta laborategian frogak egin dituztenean, beraienak ez diren kumeak ere zaintzen dituztela ohartu dira, gizakiek bezala.
2009an argitaratutako ikerketa batetan erresonantzia magnetikoaren bidez lortutako irudiak erabili ziren. Helduek haurrak ikusten zituztenean garunean ematen zen aktibitatea monitorizatu zuten; irudi batzuetan kindchenschema handitzeko edo txikitzeko eraldatu zituzten. Parte hartzaileek kindchenschema altua zuten haurrak politagoak zirela esan zuten, eta ultra-soinuek erakutsi zuten arretarekin eta sari bat lortzeko motibazioarekin zerikusia duten garuneko zatietan aktibitate gehiago piztu zela.
Garai berean, Morten Kringelbach neurozientifikoak beste ikerketa bat egin zuen eta antzerako emaitzak lortu zituen. Gainera, konturatu zen haur bat ikusteak burmuina estimulatzeaz gain, haren usainak eta barrearen hotsak ere eragin berdina zuela.
Ugaztunez aparte
Ugaztunek amaren beharra dute –espezie batzuetan aitaren beharra ere bai–, eta horregatik garatzen dira kindchenschema ezaugarriak. ¿Baina zer gertatzen da gainontzeko animaliekin? Badaude ugaztunak ez diren eta gurasoen beharra duten beste espezie batzuk. Krugerrek hori aztertu zuen ere bai. Ikerketa egiteko jaiotzean gurasoen laguntza behar duten eta segituan laguntzarik behar ez duten espezieak erabili zituen.
Parte hartzaileei galdetu zitzaien ea horiek besotan hartu eta laztandu nahi zituzten eta, kalean aurkituz gero, ea laguntzarik eskainiko zieten. Erakutsitako animaliei buruz ezer gutxi jakin ez arren, gurasoen laguntza behar duten espezieak politagoak bezala deskribatu zituzten, eta laguntza jasotzeko zein laztanduak izateko aukera gehiago zituzten.
Ikerlariek ondorioztatu zuten, beraz, kindchenschemak harremana duela jaiotzean gurasoengandik behar duten laguntzaren arabera. Gizakiez aparte, beste ugaztunek ere antzerako jarrera duten ezin da frogatu, ez baita inolako ikerketarik egin.
Egin diren ikerketek diote emakume eta gizonek erantzuna antzerakoa dela. Izan ere, parte hartzaileei galdetu izan zaienean emakumeek samurtasun puntuazio altuagoa ematen dute gizonek baino; baina garuneko eskarrenek beste gauza bat esaten digute. Desberdintasunak, ematekotan, kulturalak dira. Ikusi dute gizonak haurren zainketan inplikatuta daudenean, emakumeek duten erantzun berdina dutela.
Samurtasuna guraso izatearekin zerikusirik ez duela eta gizartean zabalduta dagoen zerbait dela jakinda, tresna boteretsu bat izan daiteke
2013ko ikerketa batetan haurren soinuak entzunarazi zizkioten parte hartzaileei. Barreak, berriketa alaiak eta estutasun oihuak. Horiekin batera, gizaki helduen, txakur eta katuen oihuak ere entzun zituzten. Haurren soinuek eragin zuten estimulo gehien, batez ere negarrek.
Haur bat inguruan izateak erne jartzen gaitu. 2012an hau neurtu nahi izan zuen Kringelbachek. Atenzio jokoetan jolasten jarri zituen parte hartzaileak umetxo baten negarrak, heldu baten negarrak eta txori baten soinuak entzun ostean. Haurra entzun zuten parte hartzaileak azkarragoak izan ziren.
Tresna boteretsu bat
Samurtasuna guraso izatearekin zerikusirik ez duela eta gizartean zabalduta dagoen zerbait dela jakinda, tresna boteretsu bat izan daiteke. Astelehen goizean haurtxo batzuen bideoa ikusi ostean, hobeto sentitu gaizteke. Era berean, lantokian txakurrak edo katuak izateak langileak bertan denbora luzeagoz gelditu nahi izatea eragin dezake.
Makina txanpojale batzuetan katutxoen irudiak jartzen dituzte jokalariei jolastera animatzeko
Mickey Mouse ospetsuak itxuran aldaketa handiak jasan ditu denboran zehar. Hasieran argala zen eta aurpegi zorrotza zuen. Gerora, kindchenschema duen pertsonai lodikote bilakatu zen.
Tresna hau gaizki erabilita arriskutsua izan daiteke. Makina txanpojale batzuetan katutxoen irudiak jartzen dituzte jokalariei jolastera animatzeko.
Samurtasunak kama muta eragiten du (hitz sanskritoa, nolabait ‘emozioa’ agertarazten duena, itzulpenik garbirik ez duen arren). Hori da sentitzen duguna aireportuan familia bat elkartzen dela ikusten dugunean, ezkontzetan diskurtso bat entzuten dugunean edo film batetan denbora luzez banatuta egon den bikote batek topo egiten duenan. Enpatiaren bat bateko errakzioa da. Horregatik, ikerlariek uste dute samurtasuna eta kama mutari buruz gehiago jakin heinean, horiei probetxua atera ahal izango diogula gizarteko hausturak konpontzeko.