Epaimahaiak ostegun honetan aho batez ebatzi duenez, Nekane Balluerka, UPV/EHUko Psikologia Klinikoa eta Osasunaren Psikologia eta Ikerketa Metodologia Saileko katedraduna eta UPV/EHUko errektore ohia, izango da 2021eko Euskadi Ikerkuntza Sariaren irabazlea. Jokin Bildarratzek, Lakuako Hezkuntza sailburuak, eman dio saridunari lorpenaren berri, telefonoz.
Lakuako Hezkuntza Sailak urtero antolatzen du Euskadi Ikerkuntza Saria. Urte bakoitietan Gizarte Zientzien eta Humanitateen arloko profesionalen lana aitortzen du sariak; urte bikoitietan, ostera, Zientzia eta Teknologia modalitatean egiten da deialdia.
Hezkuntza Sailak azaldu duenez, Euskadi Ikerkuntza Sariaren helburu nagusia «jarduera zientifikoa sustatzea» eta EAEko zein EAEtik kanpoko «ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea eta bultzatzea» da. Dena den, EAEtik kanpoko ikerlariak sarituak suerta daitezen, horien lanak hertsiki lotuta egon beharko dira edo eragin «oso positiboa» izan beharko dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Sariarekin, besteak beste, Balluerkak Diseinuaren eta Datuen Analisiaren arloan egindako ekarpenak aitortu nahi izan dituzte. Ekarpen horiek, Bildarratzen gidaritzapeko sailak azaldu duenez, Gizarte eta Osasun Zientzietan ikerketak burutzeko, bai eta neurketa tresnak kultura artean egokitzeko metodologiaren arloan balio izan dute.
Ikerketa arloak
Ondoko arloak landu ditu Balluerkak bere ikerketetan: ebaluazio psikologikorako tresnak lantzeko metodologiak garatzea, kulturen arteko egokitzapenerako; maila anitzeko analisi ereduak aplikatzea fenomeno psikosozialen azterketara; eta esku-hartze programak diseinatzea, ezartzea eta ebaluatzea psikologiaren hainbat arlotan.
Gainera, Lakuako Hezkuntza Sailaren aburuz, azterlan horietatik eratorritako aplikazioek haur eta nerabeen ebaluazio ekitatiboa eta alborapenik gabea ahalbidetu dute.
Balluerkaren lan zientifikoaz gain, beste ezaugarri batzuk goraipatu ditu epaimahaiak: «Bere ikerketa karrera nabarmena; lidergo zientifikorako duen gaitasun bikaina, gorabidean den ezagutza eskola baten bultzadarekin; eta jokabide zientzien metodologiari buruzko bere ikerketak Euskadin izan duen eragin handia. Balluerka doktoreak ekarpen sendoa egin dio bere ezagutza eremuan zentratutako elkarteak sortzeari ere, bai EAEn, bai Espainian eta bai Europan».