Goierri Valley: berrikuntza, enpresen kudeaketan ere bai
Eskualdeko enpresen elkarteak «Erakunde arinak» izeneko proiektua jarri du abian, enpresen kudeaketan berrikuntza txertatuz, erakunde «arinagoak, malguagoak eta berritzaileagoak» lortzeko.
«Berrikuntza» kontzeptua teknologiari lotu izan zaio ia beti, baina gaur egungo egoera aldakorrari aurre egiteko, inork ez du zalantzan jartzen berrikuntza enpresen kudeaketan ere txertatu beharra dagoela. Lan horretan buru-belarri ari da Goierri Valley, Gipuzkoako eskualde horretako enpresen elkartea.
Goierri Valley erakundea duela bost urte sortu zen, Goieki garapen agentziaren eskutik, tradizio industrial handiko eskualde horretan enpresen lehiakortasuna bultzatzeko. Dagoeneko 72 enpresa biltzen ditu, 8.100 langiletik gora –kanpoko lantokiak kontuan hartu gabe– eta 4.407 milioi euroko fakturaziora iristen da.
Elkartean enpresa handiak daude: Euskal Herrian hain ezagunak diren CAF, Irizar, Ampo, Indar, Orkli, Jaso, GH edo Transbiaga, besteak beste. Eskualdeko konpainia traktoreak dira, baina badira enpresa txiki eta ertainak ere; hain zuzen, enpresa handien hornitzaileak.
Batzuen eta besteen arteko lankidetza bultzatzeko sortu zen, beraz, Goierri Valley elkartea, modu horretan industria-ekosistema lehiakor bat eraiki ahal izateko.
Bost urteotan garatu dituen proiektu asko prozesu teknologikoen berrikuntzan oinarritu dira, enpresen oraingo eta etorkizuneko beharrei erantzuna eman eta agertoki desberdinetan prest egoteko.
Aurten, aldiz, berrikuntza enpresen kudeaketan ere txertatzeko proiektua jarri du abian, gaur egungo egoera berrietara arinago egokitu daitezen. Proiektu hori Gipuzkoako Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren “Gipuzkoako enpresa sarearen aukerak, balio diferentziala eta iraunkortasuna sustatzeko programa”ren bidez finantzatua izan da.
Elkarteko proiektuen kudeatzaile Ane Urteaga Armendarizek dioenez, «pandemia garaian ikusi zen enpresei kosta egiten zitzaiela egoera berrietara egokitzea, erabakiak hartzea». Egoera hori nolabait bideratzeko, Goierri Valley erakundeak «Erakunde arinak» izeneko proiektua jarri du aurten martxan, enpresen kudeaketan berrikuntza txertatuz, erakunde «arinagoak, malguagoak eta berritzaileagoak» lortzeko.
Pentsaera aldatu
Baina hori guztia gauzatu ahal izateko, Ane Urteagak nabarmendu duenez, ezinbestekoa da «pentsaera aldatzea, printzipioak eta baloreak aldatzea. Ez da nahikoa, adibidez, tresna informatikoa aldatzea; hori azaleko gaia da, eta erroetara joan behar da, askotan enpresaren baloreak berak baitira egoera berrietara egokitzeko muga».
Pentsaeraren aldaketa hori izan daiteke, hain zuzen, enpresen barruan «erresistentzia» handienak aurkitzen dituen arrazoia. Horregatik, proiektua faseka garatzen da; lehenik eta behin, lortu daitezkeen emaitzak ezagutaraztea eta «kontzientziazio» lana eginez. Horren ondotik, «karakterizazio» fasea egiten da, enpresa bakoitzaren argazkia ateratzeko; hau da, nolakoa den eta nolakoa izan nahi duen jakiteko.
Behin karakterizazioa egin ondoren, bide-orri bat lantzen da, aldaketa erraztu dezaketen balore berriak lantzeko. «Karakterizazio fasean argi ikusi da enpresa askok gaur egun dituzten baloreak –lanaren kontrola, lan-egonkortasuna, epe motzeko perspektiba…– mugatzaileak direla eta beste batzuk txertatu behar dituztela: adibidez pertsonen konpromisoa, proaktibitatea, formakuntza edo egokitzeko gaitasuna», dio Urteagak.
Proiektuaren arduradunak gaineratu duenez, enpresa gehienei oso interesgarria iruditu zaie planteamendua, baina denbora faltagatik ezinezkoa zaiela parte hartzea argudiatu dute. Hala ere, Ane Urteagak nabarmendu duenez, «kudeaketan egon daitezkeen arazoak dira, hain zuzen, denbora falta horren arrazoiak, eta horixe da zuzentzen lagundu nahi duguna».
Proiektuak taldekako fasea burutu du maiatzean eta hemendik aurrera enpresa bakoitzarekin fase indibiduala jarriko du martxan, azarora arte luzatuko dena. Hala ere, ekainean sentsibilizazio kanpaina berri bat egingo dute, interesa duten enpresa guztiek parte hartzeko beste aukera bat izan dezaten.