NAIZ

Erregai garbien nazioarteko lehiaketa bat irabazi dute EHUko bi ikaslek

EHUko Ingeniaritza Kimikoko 3. mailako Aritz Fraga eta Aimar Martin ikasleek 1. postua lortu dute ‘Egoera egonkorreko simulaziorik onena’ kategorian Aveva Prozesu Kimikoen Simulazioko Nazioarteko Lehiaketan.

Asier Aranzabal irakaslea Aimar Martin eta Aritz Fraga ikasleekin batera.
Asier Aranzabal irakaslea Aimar Martin eta Aritz Fraga ikasleekin batera. (Unai ZORRIKEYA | FOKU)

Aritz Fraga eta Aimar Martin EHUko ikasleek emaitza bikaina lortu dute Aveva Prozesu Kimikoen Simulazioko Nazioarteko Lehiaketan. Gaur egun EHUn Ingeniaritza Kimikoko Graduko 3. maila egiten ari diren ikasleek lehenengo postua lortu dute ‘Egoera egonkorreko simulaziorik onena’ kategorian.

«Prozesuen eta Produktuen Ingeniaritza irakasgaian ikasitakoa praktikan jartzeko gogoa. Gauzak teorikoki eta ikasgelako lanekin ikustea ondo dago, baina pausoa emateak eta benetako ‘arazo’ bati aplikatzeak bultzatu gintuen», esan du Aimar Martinek.

Lehiaketa 3 atal edo kategoriatan banatzen da, eta horietako bakoitzaren irabazleak 1.000 dolarreko diruzko sari bat jasotzen du. Lehiaketa hiru hilabetetan zehar egiten da –urtarrila, otsaila eta martxoa–, bakoitza hilabete desberdin batean. Hiru kategorietan puntuaziorik edo notarik onena lortzen duen taldeak irabazten du lehiaketa, bai eta 3.000 dolarreko saria edo Aveva barruan praktikak egiteko aukera ere.

Lehiaketa Ameriketako Estatu Batuetan eta Europan egiten da. Europa mailan lortu dute garaipena, bada, unibertsitateko ikasleek kategorietako batean: ‘Egoera egonkorreko simulaziorik onena’. Poza, harridura eta sinesgaiztasuna sentitu zuten. «Ez genuen espero irabaztea, batez ere simulagailu aurreratuek nola funtzionatzen zuten ikusteko eta enpresek gaur egun proposatzen dituzten proiektuak nolakoak diren ikusteko egin genuelako proiektua», azaldu du Aritz Fragak. «Hau irabazteak etorkizuneko beste proiektu batzuekin aurrera jarraitzera bultzatzen gaitu», gehitu du.

Konposatu bat (lehengai gisa), prozesuen simulagailu baten laguntzaz, produktu bihurtzeko prozesu kimiko industrial bat aurrez diseinatzeko proiektu baten inguruan garatzen da irakasgaia. 15 astez egiten da, eta haren bideragarritasun ekonomikoa ere ebaluatu da. Ikasleek Belbin metodologiarekin sortutako taldeetan lan egiten dute –taldeen errendimendua handitzeko teknika bat da hori–.