Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Materialak+Teknologiak ikerketa taldeak zenbait almidoi motatan oinarritutako konprimatuak garatu ditu 3D inprimaketa bidez, terapia pertsonalizatuetarako, eta berretsi du farmakoa askatzeko modua doitu litekeela almidoi mota egokia eta konprimatuaren forma optimizatuz.
EHUtik jakinarazi dutenez, metodo tradizionalek parametro jakin batzuk dituzten sendagaiak sortzen dituzte, baina, kasu askotan, pazienteen banakako beharrak ase gabe, sendagai konbentzionalak helduen dosian oinarritzen baitira eta, beraz, paziente pediatrikoek eta adinekoek beren adinerako egokiak diren dosiak behar dituzte.
Gainera, zenbait paziente taldek dosifikazio forma espezifikoen alternatibak behar dituzte botikak ahotik errazago hartzeko. Ildo horretan, desintegrazio azkarreko konprimatuak aukera ona dira, berehala disolbatzen baitira mihian jartzean.
Enpresa farmazeutikoek gainditu behar duten beste erronketako bat da botika denboran modu kontrolatuan askatzea, batez ere, farmakoak izaera hidrofoboa duenean, hau da, uretan disolbatzen zaila denean.
Testuinguru horretan, «3D inprimaketaren teknologia teknika aurreratua da medikuntza pertsonalizaturako eta eskaripeko botikak askatzeko erabiltzen diren konprimatuak garatzeko», Kizkitza Gonzalez EHUko Materialak+Teknologiak taldeko kideak azaldu duenez.
«Lan honen helburu nagusia izan da farmako hidrofobikoak neurrira administratzeko almidoian oinarrituta 3Dn inprimatutako konprimatuak ekoiztea», gaineratu du lanaren egileak.
3D inprimaketa produktuak geruzaz geruza inprimatzean datzan teknologia da, non materialak metatzen baitira diseinu informatikoko softwareak diseinatutako eredu digitalaren arabera. Metodologia azkar eta erraz bati jarraituz, eta 3D inprimaketari esker, «gai izan gara hiru almidoi motatan –bi arto almidoi mota (arrunta eta waxya) eta patata almidoi mota bat– oinarritutako konprimatuak prestatzeko, zenbait geometriarekin eta botika ez disolbagarri batez kargatuta».
Hiru almidoi motek propietate erreologiko egokiak erakutsi dituzte, nahiz eta patata almidoiaren kasuan inprimatze prozesua neketsuagoa izan, haren propietateak zirela eta. Gainera, almidoi mota desberdinak uztartzen zituzten konprimatuak ere inprimatu ziren, eta kasu horretan, botika bi etapatan askatzea lortzen da.
EHUko ikertzaileak ziurtatu du lan hau «prozesu luze baten lehen etapa» baino ez dela, baina, adierazi duenez, «almidoiaz 3Dn inprimatutako konprimatuek etorkizun handiko propietateak erakutsi dituzte botikak askatzeko etorkizuneko aplikazio pertsonalizatuak lortzeko».