Joan den astean zaharren egoitzetako eta Osakidetzako langileak egoiliarrei txertoak jartzen hasi baziren ere, astelehen honetan hasi dira txertoak jartzen arrisku taldeko biztanleei Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Gripearen eta covid-19aren aurkako txertoak jasotzeko jada 63.000 hitzordu eman ditu Osakidetzak.
Rosana San Emeterio Portugaleteko Buenavistako Osasun Zentroko arduraduna da; Portugaleten bertan hasi da txertaketa kanpaina. Gogorarazi du 65 urtetik gorakoak, gaixotasun kronikoak dituzten herritarrak (diabetesa edota kardiopatiak, esate baterako), haurdun daudenak eta arrisku handiko pertsonak direla gaurtik aurrera txertatzera deituak. Nafarroaren kasuan, urriaren 10ean hasiko dira txertaketak, jada hitzordua hartzeko aukera irekita badago ere.
Gripeari dagokionez, urte osoan zehar kasuak egon direla adierazi du San Emeteriok, baina «abendutik aurrera intzidentzia igotzea» espero dutela azaldu du. Txertaketa kanpaina aurreikuspen horiekin lotuta dagoela azaldu du, «horrela, txertoak erreakzioa egiteko eta defentsak sortzeko denbora ematen du».
Lakuako Osasun Sailburu Gotzone Sagarduik, Onda Vascari eskainitako elkarrizketan, esan du zaila dela covidak izango duen bilakaera aurreikustea. Hala ere, gogorarazi du errutinetara eta barrualdeko jardueretara itzultzen garela orain, eta horrek «intzidentzia handitzea» ekar dezakeela.
Lehen mailako arretaz
Osasun Sailburuak lehen mailako arreta Lakuarentzat «lehentasuna» dela dio; eta horrela jasota dagoela 2021-2024 Osasun Esparru Estrategikoan. Azpimarratu du hau indartzeko lanean ari direla hainbat ikuspuntutatik: «Inbertsioak, zerbitzu-zorroa handitzea edo langile kopurua indartzea, besteak beste».
Profil jakin batzuen faltari buruz galdetuta, bereziki Familia Medikuntza eta Pediatriari, adierazi du egiturazko 196 plaza berri sortu direla azken horu urtean. «Profil jakin horren falta ez da Euskadin soilik gertatzen den arazoa». Eta aurreikuspenen arabera 2022rako 358 plaza berri gehiago egongo direla Lehen Mailako Arretan azaldu du.
Sindikatuekin elkarrizketari eustearen alde agertu da Sagardui, «profesionalentzat hain garrantzitsak diren gaietan akordioak lortzeko» beharrezkoa ikusten du elkarrizketa.