NAIZ

Txinan aurkitutako arrain-fosilek gizakiaren bilakaera argitzen lagundu dute

Duela 440 milioi urteko fosilek arrainak giza espezieraino eboluzionatzeko moduari dagokionez «hutsune nagusietako batzuk betetzea» ahalbidetu dute.

Txinako aintzinako arrainen irudikapena.
Txinako aintzinako arrainen irudikapena. (Heming Zhang | AFP)

Txinako bi aztarnategi handitan 2019an aurkitutako arrain-fosilek gizakiaren bilakaerari erantzun berriak emateko gai izan dira.

Aurkikuntzei esker, giza gorputzaren egitura ugari arrainen antzerakoak direla jakin da, eta horiek duela 440 milioi urte bizi ziren espeziekin lotu daitezke, Txinako Zientzien Akademiako Ornodunen Paleontologia Institutuko eta Paleoantropologiako ikertzaileek azaldutakoaren arabera.

‘Nature’ aldizkari zientifikoan argitaratu dute artikulua, eta bertan adierazten dute «arrainetik gizakirako eboluzioan zeuden hutsune nagusiak bete» ahal izan direla.

Chongqing aztarnategiko aurkikuntzen artean, besteak beste, akantodioen familiako arrain fosil bat zegoen. Arrain horiek, hegatsen inguruko hezur-egitura dutenak, masailezurra eta bizkarrezurra duten egungo izakien arbasotzat hartzen dira, gizakiaren kasuan bezala.

Txinan aurkitutako fosilak. (Heming Zhang / AFP)
Txinan aurkitutako fosilak. (Heming Zhang / AFP)

2013an, zientzialariek 419 milioi urteko beste arrain fosil bat aurkitu zuten Txinan. Haien arabera, aurkikuntza horrek gezurtatu egin zuen hezur-eskeletoz (osteiktioz) hornitutako arrain modernoek marrazo baten antzeko eta egitura kartilaginosoa zuen arrain batetik eboluzionatu zutela zioen teoria zaharra.

Orain aurkitutako izaki berriak, Fanjingshania izenekoak, arrain horrek baino 15 milioi urte gehiago ditu, ikerketaren arabera.

«Anatomia ezagutzen den masailezurra duen arrainik zaharrena da», adierazi zuen Zhu Min ikerketa taldeko arduradunak prentsari.

«Fosilen aurkikuntza ikaragarria da», esan zuen John Long AEBetako Ornodunen Paleontologia Elkarteko presidente ohiak. «Horrek zalantzan jartzen du masailezurra duten animalien eboluzioaren historia goiztiarrari buruz genekien ia guztia», ondorioztatu zuen.