NAIZ

Aztik lehen aldiz erregistratu du hegaluze baten neguko migrazio ibilbidea

Marka elektronikoen erabileraren bidez, Azti zentro teknologikoak bi urtez jarraian hegaluzearen migrazio osoaren lehen ebidentzia zientifikoa lortu du. Teknologia horrek hainbat aldagai neurtzea ahalbidetzen du, hala nola zein sakoneratan murgiltzen den, tenperatura edo argiaren intentsitatea. 

Atlantikoko hegaluze batean marka elektroniko bat sartu ahal izan den lehen kasua da.
Atlantikoko hegaluze batean marka elektroniko bat sartu ahal izan den lehen kasua da. (@azti_brta)

Aztik lehen aldiz erregistratu du hegaluze baten migrazio-ibilbidea neguan. Zehazki, marka elektronikoak erabiliz, hegaluze baten migrazio osoaren lehen ebidentzia zientifikoa lortu du bi urteetan, eta horrek hibernazioaren helmugari buruzko informazioa eskaini du, zentro zientifiko eta teknologikoak astearte honetan ohar batean jakinarazi duenez.

Aztik gogoratu du duela zenbait hilabete, Estatu frantseseko Vincent Galland ontziak hegaluze ale bat harrapatu zuela Irlandako hegoaldean. Arrainak 85 cm neurtzen zuen, 11,6 kiloko pisua zuen eta bere erraietan marka elektroniko bat zuen ezkutatuta, miaketarako gailu txiki bat, bi urte lehenago Iñigo Onandia itsas ikertzaileak bere aita Romanen ontzian jarri zuena, Bilboko Abratik 12 milia iparraldera.

Berreskuratu ondoren, marka Azti laborategietara bidali zuten, eta ikertzaileek ohartu ziren lehen aldiz hegaluze baten migrazio-ibilbidea erregistratuta geratu zela, bi urtez jarraian.

«Atlantikoko hegaluze batean marka elektroniko bat sartu ahal izan den lehen kasua da, eta urtebete baino gehiago geroago berreskuratu da. Horri esker, espezie horri buruzko informazio ezezaguna lortu dugu. Bagenekien udazkenean eta udaberrian desagertzen zela, baina ez non hibernatzen zuen», azaldu du Iñigo Onandia Aztiko arrantza kudeaketa iraunkorrean adituak.

Zehazki, erabilitako marka elektronikoak hainbat aldagai neurtzea ahalbidetzen duen teknologia du, hala nola arraina zein sakoneratan murgiltzen den, tenperatura edo argiaren intentsitatea. Horrela, zentro teknologikoko adituek hegaluzearen migrazio-ibilbidea kalkula dezakete. 

Ildo horretan, bildutako datuek agerian uzten dute, esate baterako, udan Bizkaiko golkora egindako bisitak, eta horrek atun zuriaren bizi-zikloari buruzko ezagutza zientifikoa areagotzen laguntzen du.

Aztik markatutako hegaluzearen ibilbidea. (@azti_brta)

«Neguan, hegaluzeak Atlantikoko oso urruneko zonaldeak bisitatzen ditu (mendebaldean), non sakonera handian bizi baita (ehunka metrora arte; han, tretza bidez arrantzatzen da); Bizkaiko golkora egiten duen bisitan, berriz, gainazaletik gertu barreiatzen da, eta hor beita bizia, kaza eta arraste pelagikoa erabiliz harrapatzen da», gehitu du Aztiko ikertzaileak.

Arrantzaren kudeaketa hobetzea

Marka berreskuratzeko jarduera Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordea (ICCAT) Atlantikoko atunzuriaren inguruan garatzen ari den markatze programaren parte da, Batzordeak eta Europar Batasunak finantzatuta.

Ekimen horren esparruan, Azti ari da hegaluzearen markatze elektronikoaren programa gidatzen, beste ikerketa erakundeekin lankidetzan. Horretarako, ezinbestean, arrantzaleek ere parte hartu behar dute, eta zentrora bidaltzen dituzte arrantza kanpainetan berreskuratutako marka elektronikoak.

Trazabilitaterako teknologia hori modu kirurgikoan ezartzen da arrainen peritoneoan, eta aukera ematen du ingurunearen jarraipen zehatza egiteko eta egindako ibilbidearen estimazioa egiteko. Horrenbestez, Azti eta antzeko zentroek espezieen biologiari eta ekologiari buruzko datu independenteak lortzen dituzte, arrantzaren kudeaketa hobetzen laguntzeko.

«Populazioaren egituraren eta migrazioen definizio zehatza garrantzitsua da ebaluazioan dagoen ziurgabetasuna minimizatzeko eta, ondorioz, arrantza kanpainen kudeaketa hobetzeko. Hori dela eta, arrainak markatzea eta berrarrapatzea bezalako metodologiak balio handiko pieza dira atunaren eta antzeko espezieen inguruko ezagutza zientifikoa hobetzeko, balio handiko espezieak izanik Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza ekonomiarako», nabarmendu du Onandiak.