Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Entrevue
Esti Markez
Musikaria

«Barkatu, baina disko bat egin dezaket, eskutik heldu gabe ibil naiteke»

Erabat berea den lehen lana argitaratu berri du, «Hitzekin jolasean». Mimoz zaindu du detaile bakoitza, eta hasi eta buka lan bat sinatzeak dakarren poza eta karga, biak sentitu ditu. «Mikel Markezen alaba» dela dioen pegatina kopetan sentitu izan du askotan. Hori ere bada, baina ez hori bakarrik.

Esti Markez.
Esti Markez. (Iratxe ETXEANDIA)

Bere lehen bakarkako diskoa besapean hartuta dator. Lehen zuzenekoak azaroaren 19an Aian; abenduaren 3an Aginagan eta abenduaren 10ean, Ahotsenean.

Orain bai, erabat zeurea den disko batekin zatoz. Desberdina izango da sentsazioa.

Oso desberdina, hau erabat nirea delako. Proiektu osoa zurea denean, karga handiagoa da. 

Baina nahiko argi erakutsi zenuen lehendabiziko diskotik zer bide hartu nahi zenuen. 

Bai, disko bat elkarbanatuta egiten duzunean, nahiz eta ‘Esti eta Mikel Markez’ izena eraman, jendeak pentsa dezake aitak egindako kantuak biok abestuta zirela. Eta, ez, bakoitzak bereak egin zituen. Nik uste artistarentzat ere garrantzitsua dela hori, nahiz eta ez litzaidakeen axolako aitaren kantuak elkarrekin abestuz disko bat atera izan banu. 

Disko hori kaleratu eta segidan hasi zinen kantu berriak sortzen edo motxilan gordeta zenituen batzuk?

‘Azal berritzen’ kaleratzean ez nuen ezer esku artean, baina, behin kontzertuekin martxan hasi ginenean, kantu berriak sortzen hasi nintzen. Hamar-hamabi kantu nituen sortuta eta sentitzen nuen etxean gordeta eduki baino disko bat egitea nahiago nuela. 

«Hitzekin jolasean» izena du diskoak eta hasi eta segituan hasten zara horretan. Baina abesteari garrantzia eman diozu. Zureak dira entzuten ditugun ahots denak?

Oraintxe bertan ez dakit zenbat koru dauden eginda, baina denak ez dira nireak: Danae Riañok eta Iker Laurobak ere hartzen dute parte. Baina justu honetan ez dut uste Danaek abesten duenik… hainbeste grabatu genituen, eta ez dut gogoan zeinek non zer abesten duen. Gero Josu Ervitik grabatu ditu bateriak eta gainerako ia instrumentu guztiak Iker Laurobak grabatu ditu, nahiz eta Danae Riañok joko duen baxua zuzenekoetan.

Eta Danae Riaño nola sartu da proiektuan?

Musikenen ikasten du eta gitarra, pianoa eta baxua jotzen ditu, oso ondo abesteaz gainera. Aurretik fitxatuta nuen eta proposamena luzatu nion; oso pozik nago baiezkoa eman zidalako.

Maitasunaren zera hori badago kanta guztietan; hitzekin soilik ez duzula jolastu esango nuke.

Uste dut asko idazten dudala maitasunaren inguruan, nahiz eta askotan ez den istorio pertsonaletan oinarritzen. Pertsona bat ikusten dudanean sortutako zerbaitetatik abiatuta edo bi pertsona ikusi eta haiek sortzen didaten sentimenduan oinarritu daiteke nire abesti bateko letra. Uste dut oso garrantzitsua dela maitasuna, eta ez naiz bikote maitasun harreman ohiko batez ari.

«Banan-bana» kantua bideokliparekin etorri da. Badu ereserki kutsua, denak elkarrekin abestera gonbidatzen gaituena.

Ez dakit nola egiten den abesti itsaskor bat. Batzuk badira eta beste batzuk ez, jakingo banu nola egiten diren, denak egingo nituzkeen horrela. Baina, bai, esan didate kantu hau hor geratzen dela. 

Bideoklipa Aiora Poncek egina da, aurrekoa ere bai. Bi giro desberdin erakutsi dituzue.

‘Hitzekin jolasean’ izena izango zuenez diskoak, lehendabiziko bideoa haren inguruan egitea erabaki nuen; erabaki oso zaila. Abestiari sortutako abestia da, abesti horri kantatu niolako letrak idazterakoan. Sorkuntzan aske, naturan, arnasten… horrela nahi nuen irudikatu bideoa eta Aiorak oso ongi ulertu zuen zer nahi nuen. 

‘Banan-bana’, berriz, maitasun kantu bat da eta hori erakutsi nahi nuen. Baina ez nuen nahi pertsona osorik ikustea. Maitasuna ez da beti begiradekin transmititzen, ukitzean ere transmititzen da eta hor jarri nahi izan nuen fokua.

Aurpegirik ez zaio ikusten, gainera, zurekin dagoenari.

Askok galdetuko du zein ote den.

Baina ‘zein da’ nominatiboa baino, zer figura ordezkatzen duen da nire galdera; anaia, aita, bikotea, lagun bat…

Ez nuen bikote harreman tipiko bat erakutsi nahi. Erronka bat izan zen bideoa egiterakoan, bururik ezin zelako erakutsi eta pertsona garaia izan behar zuelako, ondorioz. Baina Aiorarentzat izan zen gehiago erronka hori niretzako baino.

«Onena» kantuaren erritmoa gustatu zait. Nork hartzen du kantua erritmo horretan egiteko erabakia? 

Nik egin ditut abesti guztiak eta hau ere bai, eta erritmo horretan sortu nuen. Ekoizpenean, ordea, Iker Laurobaren laguntza handia izan dut eta berak esan zidan bateria batekin egin ordez, perkusioarekin egingo zukeela. Eta estilo horretara eramaten hasita, mandolina sartzen da. 

Entzun izan duzu Latinoamerikako musika edo nondik etorri zaizu ideia?

Ez dakit nondik sortzen ote den, baina diskotik alaien abesten dudan abestia da. 

Alaia Martinen hitzak dituen abestia da.

Egia esan, letra hau idazten hasi nintzen eta zeharo blokeatu nintzen. Idazten nuen dena desegiten nuen, ez ninduen ezerk konbentzitzen. Alaiari laguntza eskatu nion hartara, ezin nuelako jarraitu. Inoiz pasatu ez zaion gauzarik onena dela dio abestian, ‘Alai-ismoa’ du kantuak.

Pixkanaka zabaltzen ariko da zure musika ere, ezta?

Bai, pixkanaka, banaiz eta banabil. Egia esan, covid-19a iritsi zenean-eta, zortea izan genuen eta kontzertu dezente eman genituen. Egia da gure kontzertuak eserita izateak ere gauzak erraztu ditzakeela, gure estiloa kontuan izanda, ez baitziren dantzan hasteko ekitaldiak.

Orain nola nahi duzu jendea zure kontzertuetan, zutik ala eserita?

Bada, estreinako Aiako kontzertuarekin sekulako zalantza izan dut horrekin. Pentsatzen uzteko luzapenak eskatzen eta guzti ibili naiz. Aiakoa eserita izatea erabaki dut, gaueko 22.30ean, azaro erdialdean, hotza gainean dela… Eserita izango da.

«Ametsez ezin da bizi» kantuan Eñaut Elorrietarekin batera abesten duzu. Bere kolorea gehitzen du, baina zer abestu behar zuen esan zenioten edo kantua erakutsi eta modu askean abestu zezan utzi?

Berak nahi duen moduan egiteko aukera izan zuen. Melodia bat bazuen eta egia da nik nire ahotsa grabatuta nuela batera abesten genuen zatietan; hala, horrek zerbait mugatzen du. Bion artean erabaki genuen gero zeinek nondik egingo zuen, hau da, nor doan gorantz eta nor beherantz eta halakoak.

Abestia zer ari da, harreman baten bukaeraz hitz egiten?

Pixka bat nahi duzu baina ezin da, hortaz ari da. Kantu goxoa izatea nahi nuen eta istorioak amaiera polita du, ez da tristea. Hoberako den zerbait izan delako abestiko amaiera eta amaierak ez dira beti txarrak izaten.

Entseguetan-eta nork hartzen du Eñauten papera?

Ikerrek, eta berak egiten du gora. Xuabe eta goxo abesten du, baina gora egiten du.

Kontzertuetarako amu bat bada bota diguzun hau.

Abesten duen unean denak puntuazioa ematen, kar-kar.

Entzulearen gaitzetako bat da, ezta?

Bai, eta musikarion artean gehiago. Joaten gara kontzertu batera eta segidan hasten gara, ‘baxua akaso gehiegi entzuten da’ edo ‘desafinatu egin du’, sufritu egiten dugu besteen akatsekin enpatizatuz. Ez da kritikatzeko helburuarekin egiten, hori onartezina da, baina nahi gabe ateratzen zaigun erreakzioa izaten da. Ahaztu egin behar da kontzertuetan gauza horiez, naturalak dira, gauza normalak, eta guk gozatu besterik ez genuke egin behar.

Garazi Esnaolak ere hartu du parte. Laurobaren bidez etorriko zela pentsatzen dut, biak Izaroren bandako kide direlako. Agendak ezkontzea ez da erraza izango...

Ikerren aldetik nahiko ondo, egiari zor. Izaro bere bira bukatzen dabil eta nik nirea hasten dudanerako bukatuta izango dute. Orokorrean entseatzeko ere hiru hilabete lehenago hasi behar izaten dugu data jartzen. 

Garazirekin lan egitea erraza eta ederra izan da. Orokorrean lan egin dudan guztiekin antzeko sentsazioa izan dut. Inor ez zaizu berea gainetik jartzen hasten, zuk eskatutakoa egiten dute lehendabizi eta gero, akaso, beren ikuspegia ematen dizute, hobetzeko asmoz. Bitamina jendea dira, eta halakoak ondoan izatea sekulakoa da. Garaziri abestia bidali nion eta bera etorri zen gero estudiora. Lau buelta eman zizkion kantuari, lauretan gauza desberdinak jo zituen eta gehien gustatzen zitzaidana aukeratzeko esan zidan. Partiturarik ere ez zuen erabili.

Esaten dituzun gauzen artean, harreman batean zure buruarekin gehiago konektatzen ikasten duzula diozu.

Alaiaren hitzetatik abiatzen da esaldi hori. Gehiago konektatzen duzu, jakina. Harreman denak bihurtzen baitira norberarekiko harremanak. Edozein harreman klasetan zure burua begiratzea ere garrantzitsua da, askotan ez gara jabetzen nolakoak garen. Txakurrak ez badizu kasurik egiten beti builaka ari zarelako, bada, akaso arazoa zugan dago.

Kantu bat betetzea baino hustea zailagoa izaten da askotan.

Bai, hala da. Gauzak gehitzeko joera dugu eta zerbait oso beteta dagoenean kantua borobilagoa den ustea. Baina, batzuetan, eskuetatik joaten zaigu eta ‘gutxiago gehiago da’ hori gogoan izan behar da.

Minen aingura altxatzea garrantzitsua dela aipatzen duzu kantu batean, baina ez dakit askotan ez ote zaigun aingura hori hondoan geratzen altxatu gabe. 

Nik uste hori ere badela zure buruaren lagun izatea, ezta? Lagun izango bagina, agian ez zen aingura hori hondoratuta izango. Osasun mentalaren inguruan egindako abesti bat da, ikusten nuelako nire ingurua osasun mentalarekin kili-kolo zebilela. Pixka bat penatuta eta pixka bat munduarekin haserre nengoen une hartan. Askotan ez gara konturatzen, itsu gaudelako, non gauden eta zer daukagun inguruan. Hori oso zaila da eta triste zauden egun batean mila aldiz esanda ere triste jarraituko duzu. 

Albokoa gaizki ikusten dugunean ere zenbat kostatzen zaigun ausardia hartu eta esatea.

Pila bat. Baina zure buruari ere esan behar diozu ‘kito’, laguntza behar duzula. Zenbat kostatzen zaigun laguntza eskatzea eta behar dugula onartzea. 

Eta hori guztia doinu alaietan kontatzen diguzu.

Bai, buelta bat ematen saiatzen naiz beti horri. Aurreko diskoko ‘Oroitzapenek esnatu naute’ kantuaren letra berez tristea da, baina nik egoera zail bat gainditu izanari jarri nion melodia hori. Hartara, kasu honetan ere alai egiten saiatu naiz. Pentsatu nahi dut gaizki bazaude eta lagunen babesa baduzu, hor badagoela argi izpi bat.  

Arkaitz Miner aritu da harien sekzioarekin, baina grabaketa ere oso ongi egina dago.

Sekulako lana da. Arkaitz sekulako musikaria da eta sekulako lana egin zuen. Orkestra moduko bat irudikatzen nuela esan nion eta honekin etorri zitzaidan. Ikusten nuen baina hau irudika nezakeena baino mila aldiz hobea da. 

Aitarekin duzun konplizitatea ere agerikoa. Bakoitzak bere hartualdia egin zuen edo elkarrekin?

Nik nire kontura egin nuen abestia eta berak bueltan duo hori bidali zidan. Esan zidan asko gustatzen zitzaiola sortu nuena eta nik bere duoa gogoko nuela. Eta ea grabatuko zuen esanda baiezkoa esan zidan; lehendabizi nik grabatu nuen eta gero berak.

Aiakora behintzat gonbidatuko duzu, ezta?

Bai, bai. Egia esan, aita abeslari fina dela denok dakigu, baina duoak egiten duen abilezia, sekulakoa da. 

Baina bakoitza bere bidetik.

Bai eta nire buruari erakutsi diodana besteei helarazi nahi diet disko honekin. Mikel Markez da nire aita eta noski asko lagundu didala, babestu nauela eta gauza on pila bat eman dizkidala. Eta horrek pegatina bat kopetan izatea dakar, ‘Mikel Markezen alaba’ jartzen didala dirudiena, eta niretzako luxua da bere alaba izatea, baina mundu guztia horri buruz galdezka izatea, ea berak lagundu didan eta abar. Barkatu, baina disko bat egin dezaket, eskutik heldu gabe ibil naiteke. 

Aurreko diskotik hona, gainera, gehiago nabari daiteke. Aurrekoan, akaso, ekoizle paperetik zertxobait gehiago lagunduko zizulako. Oraingoan ez.

Bai eta orain ere laguntza izan dut. Aita izan da diskoa entzuten lehenengo pertsona eta izan ditudan zalantzetan beti izan dut bere laguntza. 

«Zerotik» kantua dator eta «zerotik hasi gaitezen berriro» dio. Zuk izan duzu zerotik hasi beharraren sentsazioa?

Pixka bat zerbait berria eta zerotik hasi dudanaren sentsazioa bai. Aurreko diskoak ez zuen honekin zerikusirik, ezta gutxiago ere, eta nire bidea eta nire musika estiloa bilatzen saiatu naiz. Hala ere, letra hori errefuxiatuen inguruan pentsatuz idatzi nuen. 

Bizitzan zerotik hastea posible ote da?

Zenbat familiak alde egiten dute beren herritik zerotik hasi asmoz eta zeron jarraitzen dute, edo dena galdu eta negatiboan geratzen dira. Hortik abiatuta sortu zen abestia, egoera horiek barrua mugitzen didatelako eta oso gaizki pasatzen dudalako horien aurrean. Eta, galderari erantzunaz, bai, badago beti zerbait hoberik, ez bada iristen ere, izan esperantza.

Bukatzeko, «Nahi eta ezin». Nahi eta ezin edo komeni ez?

Bada, biak. Genero biolentziaren baitan irudikatu nuen abestia, bikoteko batek bestea jotzen duenean. Zenbat emakumek pairatu behar du hori? Kantu hau bada tristea eta tristea izatea nahi nuen, iruditzen baitzait ez doala ezer hobera gai honetan bizi garen gizartean. Beti berdinetan gaude eta nahikoa da.