NAIZ

Komuneko papera, gazteen suizidioaren prebentziorako tresna berria Japonian

Gazteen suizidioaren prebentziorako komuneko paperean mezu lasaigarriak idatzi dituzte Japonen, unibertsitateetako komunetan jartzeko. Mezuetan suizidioaren prebentziorako zenbakia ere jasotzen da.

Japonian suizidioaren prebentziorako komuneko paperean idatzitako mezuak.
Japonian suizidioaren prebentziorako komuneko paperean idatzitako mezuak. (AFP)

Gazteen arteko suizidio datuak geroz eta altuagoak eta kezkagarriagoak bihurtzen ari dira mundu osoan zehar. Hori dela eta, Japoniako hainbat unibertsitatek ekimen irudimentsu bat jarri dute abian gazteen suizidioa prebenitzeko: komuneko paperean mezu lasaigarriak idaztea.

Mezu ezberdinak daude komuneko biribilki bakoitzean, horietako bat da, adibidez: «Egun zailak pasatzen dituzu, eta dena ondo joatea nahi duzu» . Mezu lasaigarriez gain, hitz egiteko gonbita ere jasotzen dute letra urdinek biribilki zurietan: «Ez duzu zertan dena azaldu… baina zergatik ez pixka bat?».

Yamanashiko agintariek mota honetako 6.000 biribilki baino gehiago banatu zituzten urrian, bertako 12 unibertsitatetan zehar, prebentziorako tresna gisa funtzionatu dezakeelakoan.Osasun mentaleko aditu batek idatzi ditu mezuak, eta ondoan, suizidioaren prebentziorako telefono zenbakia ere badago jasota; baita komuneko paperean inprimatutako «katuen irudi lasaigarriak» ere.

«Komunetan soilik daude. Pentsatzen dugu komunean pasatzen ditugun momentuetan etorri daitezkeela ideia larrienak burura, eta horregatik daude bertan», azaldu zuen astelehenean Kenichi Miyazawa proiektuaren arduradunetako batek.

Beste herrialde askoren gisara, Japonian ere covid-19ak eragindako pandemiaren boladan erregistratu zen suizidio kasuen gorakada. 2020an, 500 haur eta nerabek baino gehiagok egin zuten beren buruez beste, 2016an egin zutenen bikoitza, Osasun ministerioaren arabera.