Grooming-a, Internet bidezko jazarpen sexuala ahalbidetzen duen prozesua
«Groomig»-a heldu batek adingabeko baten kontra aurrera eramaten duen manipulazio psikologikoko prozesua da, haren kontrol emozionala eskuratu eta bere nahi sexualak lortzeko. Mcsonrisas hezkuntza proiektuak #txartelgorriadigitala ekimena jarri du abian arazoari aurre nola egin ikasteko.
Zibersegurtasunerako hezkuntza lantzen duen Mcsonrisas proiektuak #txartelgorriadigitala ekimena ipini du abian, haur eta nerabeei sare sozialetan eta online jolasetan pederasten hurbilpenak antzematen laguntzeko. Ingelesez grooming esaten zaio prozesu horri eta, tamalez, gero eta gehiago entzuten da gure artean.
Zehazki, grooming-a heldu batek adingabeko baten kontra aurrera eramaten duen manipulazio psikologikoko prozesua da. Helburua adingabeen kontrol emozionala hartzea da, helduen nahi sexualak lortzeko. Eta pentsa litekeena baino ohikoagoa da.
Mcsonrisas proiektuaren web atarian aipatzen da, esaterako, Unicefek 2021eko azaroan ezagutzera eman zuen makroikerketa bat (“Teknologiaren eragina nerabezaroan”). Bertan, adingabeen %10ek Interneten helduen proposamen sexualak izaten dituztela egiaztatu zuten. Baita adingabeen %20 Internet bidez ezagututako pertsona batekin kalean gelditu direla noizbait, eta adingabeen %20ek sexu asmoak dituzten helduekin ohiko kontaktuak izaten dituztela.
«Guk ere gure buruari galdetzen genion ea gauza orokorra zen. Eta Unicefena irakurri genuenean konturatu ginen arazo orokorra dela. Horrek ez du esan nahi pederasta pila bat dabiltzala Interneten, baina bai pederasta bakoitzak biktima ugari dituela. Pederasta berbera agian saiatzen da 30, 40 edo 200 umerekin. Horrek sentsazioa eman dezake pederasta asko egotearena. Kasuak asko egon daitezke baina pertsona berberarengatik dira», azaldu digu Julen Linazasoro Mcsonrisas proiektuaren sortzaile eta arduradunak.
Prozesu bat
Hala ere, garrantzitsua da grooming-a prozesu bat dela ulertzea, pederastek adingabeen konfiantza irabazi behar dutelako lehenik. Eta horregatik, prozesu horretako faseak ezagutzea komeni da, balizko arazoari garaiz heltzeko eta ondorio larrienak ekiditeko.
Mcsonrisasen arabera, bost dira grooming kasu baten aurrean egon gaitezkeela adierazten duten alarma seinale nagusiak: pertsona batek –ezezaguna bada are gehiago– plataformatik atera eta elkarrizketak beste nonbait, mezularitza app batean adibidez, jarraitzeko eskatzea; elkarrizketa horiek sekretuan mantentzeko eskatzea; online jolasetan edo sare sozialetan opariak edo dirua bidaltzea; familiari buruzko informazio pribatua eskatzea; eta sexualak edo ez-sexualak diren argazki, bideo edo bideo deiak eskatzea.
Martxan ipini duten kanpainari jarraituz, alarma seinale horietakoren bat ikusitakoan #txartelgorriadigitala atera eta hurbilpen hori mozteko garaia litzateke. Baina askotan, jokaera horiek identifikatzea ematen duena baino zailagoa da gaztetxoentzat.
«Askotan, ikastetxeetara joaten garenean, batez ere Lehen Hezkuntzako ikasleekin, ikusten dugu TikTok-en sartzen direnean edo bideo jokoetan dabiltzanean nola ezezagunen kontaktuak jasotzen dituzten. Eta guri erakusten digute askotan nola komentatzen duten zerbait, gauza positibo bat bezala ikusten dutelako. ‘Joe, komentario bat egin didate’ edo ‘jarraitzaile gehiago ditut’ diote, baina gu konturatzen gara komentario horiek irakurtzerakoan badaukatela atzean bestelako helburu bat», ipini digu adibide moduan Julen Linazasorok.
Edo alarma seinale konkretuei helduta, beste adibide bat jarri du: «Irakurri ditugun ikerketa guztietan, agian ez beti denak, baina antzeko metodoak agertzen dira beti. Bat, adibidez, izaten da duten erlazioa sekretuan mantentzearena. Lagunak balira bezala hitz egiten hasten dira, edozein aplikaziotan, eta gero bide pribatuago batera igarotzen saiatzen dira, bai Telegram, bai Whatsapp edo halakoetan. Beti eskatzen dute erlazioa sekretuan mantentzeko. Horretarako hainbat bide egon daitezke. Adibidez, gazte baten paperean ari bada, esango dio ‘ez esan inori zeren nire gurasoak enteratzen badira ez digute utziko jarraitzen, edo arazo handi batean sartuko nauzu’. Hor, gaztetxoak ez du ezer esango, pentsatuz besteari fabore bat egiten ari zaiola, baina azkenean bestearen manipulazioan erortzen ari da. Bestalde, hori egiten dute Signal, Telegram edo Whatsapp pribatuagoak direlako eta ez dutelako horrenbesteko arrastorik uzten. Sare sozialetan, aldiz, egiten ditugun iruzkin denak erregistratuak geratzen dira».
Helburu nagusia adingabeek alarma seinale horiek ezagutzea da, harreman arriskutsuak ekiditeko. Horretarako, Mcsonrisas-ek bi modu desberdinetan ematen ditu bere ikastaroak. Lehen Hezkuntzan, “pederasta" edo "helburu sexual" hitzak ez dituzte aipatzen, eta familia bakoitzaren esku uzten dute horiek egoki iruditzen zaien moduan aipatzea. Ikastaroetan, "txartel gorri digitala" merezi duten jarrera eta ekintzetan zentratzen dira. Bigarren Hezkuntzan jada dena argi eta garbi azaltzen dute, nerabeek ondo ezagutu ditzaten online munduan egon daitezkeen arriskuak.
Prebentzio lana
Gurasoen kasuan, kezka nagusia izaten da nola jokatu seme-alabaren bat Internet bidezko sexu jazarpena sufritzen ari dela susmatuz gero. Mcsonrisas proiektuaren web atarian, adibidez, eskuragarri dago Incibek, Espainiako zibersegurtasun institutuak, egiten duen gomendio sorta: egindakoa egin duela adingabeari babesa eskaintzea; zuhur jokatu eta egoera ahalik eta lasaien kudeatzea; gertatutakoaren informazioa biltzen saiatzea posible den bitartean; xantaiarik ez onartzea mehatxuak jaso arren; poliziaren aurrean salaketa jartzea; eta laguntza psikologikoa bilatzea, ondorioak larriak izan daitezkeelako.
Aholku horiek denak garrantzitsuak diren arren, Julen Linazasorok behin eta berriro errepikatzen du gakoa hezkuntzan dagoela, gaztetxoei Interneten eta sare sozialetan ibiltzeko beharrezkoa den heziketa ematean.
«Hori da askotan ez duguna egiten. Alde batetik, heldu asko ez direlako kontziente zer arrisku dauden, eta horregatik askatasun handia ematen diete haur eta gazteei; eta bestetik guraso askok uste dutelako guraso-kontrolak jarrita dituztelako jada ez dagoela arriskurik. Baina ez da nahikoa, heziketa bat behar da ulertzeko zergatik dauden jarrita guraso-kontrol horiek, zeintzuk diren arriskuak… Hain zuzen ere, haur eta nerabeek ez dutelako gaitasun hori arriskuak antzemateko, ikusi ere ez dituzte egiten, eta horregatik oso garrantzitsua da heziketa lan bat egitea», aldarrikatu du.