NAIZ

Atacamako basamortua, zabortegi bihurtutako ekosistema ahula

Erabilitako arropa piloek, hondatutako autoek eta mundu osotik datozen pneumatikoek kutsatzen dute Atacamako basamortu zabala. Txileko iparraldean, oreka hauskorreko ekosistema planetaren zabortegi bilakatu dute.

Milaka hondatutako auto pilatu dira Atacamako Los Verdes sektorean.
Milaka hondatutako auto pilatu dira Atacamako Los Verdes sektorean. (Martin BERNETTI | AFP)

Duen edertasun eta soiltasunagatik liluratzen duen paisaia da Atacamako basamortukoa. Ingurune horretan agertu ziren hondakin orban horiek, basamortuko hainbat lekutan, gizakiok 100.000 kilometro koadro baino gehiagoko lurralde honekiko dugun mespretxua agerian utziz.

«Mundu osoko eskrupulurik gabekoak dira zaborra hona botatzera datozenak (...). Jada ez gara bertako ‘atzeko patioa’ soilik, munduaren ‘atzeko patioa’ baizik, okerragoa dena», salatu du Patricio Ferreira Alto Hospicioko alkateak. Santiagotik 1.800 kilometro iparraldera dago herria eta hura inguratzen duten muinoetatik behera botatzen dituzte tonaka erabilitako arropa.

Ondoan dagoen Iquiquen ere milaka auto baztertu eta meatzaritzako ibilgailuen pneumatiko zaharrak pilatzen dira, besteak beste. Hainbeste dira, non ‘etxebizitza informalen’ hormak eraikitzeko ere erabiltzen diren. Jantziak eta ibilgailuak Iquiqueko Zona Franca delakotik sartzen dira Txilera, Hego Amerikako zergarik gabeko merkataritza zentrorik garrantzitsuenetako batetik, hain zuzen ere. Iaz, Aduana Zerbitzu Nazionalaren arabera, 46.287 tona arropa erabili sartu ziren Txilen 49,6 milioi dolarren truke. Diru-sarrerak %50 baino gehiago hazi ziren 2018arekin alderatuta.

Zofritik milaka auto ere iritsi ziren Txilera, gehienak bolantea ezkerraldean zutela. Han egokitzen dituzte eta auto horietako asko Perura, Boliviara eta Paraguaira esportatzen dira. Baina askok Atacamako kale eta muinoetan amaitzen dute. Los Verdes sektoreko udal biltegian, Iquiqueko iparraldean, kaleetatik erretiratutako 8.400 auto pilatzen dira.

Kontzientzia globalik eza

Basamortuaren eta inguruetan bizi direnen hauskortasunak bultzatuta, Paulina Silva abokatuak salaketa jarri zuen Txileko Estatuaren aurka, arropa eta zabor mendiek ingurumenean eragiten duten kalteagatik. «Arduradunak aurkitu behar ditugula iruditu zitzaidan», azaldu dio AFPri.

Paulina Silva abokatua, Atacamako arropa piloetako batean. (Martin BERNETTI/AFP)

Alkandora eta blusek osatutako muinoak daude, batzuk berriak eta etiketarekin, haurtxoen jantziak, prakak edo zapatak. Pneumatiko-pilak ere badaude, irudi postapokaliptikoa sortzen dutenak. Gaur egun, Txileko zonalde txiroenetako bat da, ia 160.000 biztanleetatik laurdenak ez du edateko urik.

«Migratzaile asko dago, pobrezia handia, drogazaletasun handia, eta ez dago inor (defentsarako) ekintza horiek koordina ditzakeenik», dio Silvak bere ingurumen gurutzadari buruz. Eskaeran satelite bidezko irudiak erantsi zituen, arropak botatzeko tokien hazkunde esponentziala erakusten dutenak. Era guztietako elementuen beste zabortegi erraldoi batzuk ere aurkitu zituen bilaketan.

«Hau ez da Alto Hospicioko jendearen eta Txileko iparraldekoen hondakina. Kontzientzia globalik ezaren, erantzukizun etikorik ezaren eta ingurumenaren babesaren kontua da», erantzun du Ferreira alkateak. Txilera sartzen den arropa erabiliaren erdia baino gehiago baztertu eta basamortuan uzten da. Ezkutatzeko, erre eta lurperatu egiten da, ingurumen arazo larriagoa sortuz, isuri toxikoengatik.

«Behin garbitu genuen eta beste sektore bat kutsatzen ari zaizkigu. Arazoa eragiten duen kausarekin nola amaitzen dugun da kontua. Zer egiten du munduak honekin? Zer egiten du Txilek honekin?», galdetu du Alto Hospicioko alkateak. Silva abokatuaren ustez, Txileko Estatuaren erantzukizuna da zabor eta arropa muino horiek egotea: «Zaintza betebehar bat dago».

Mauricio Oviedo epailea Txileko Lehen Ingurumen Auzitegiaren titularra da, bertan ari dira tramitatzen Silvaren salaketa. Oviedo arropa baztertzeari arazo integrala ematearen aldekoa da: «Iruditzen zait Txileko Estatuak, bere osotasunean, (...) arazo honi modu sistemiko batean begiratu beharko liokeela».

Basamortua ez dago horren hutsa

Duela zortzi milioi urtetik gutxienez, Atacama munduko basamorturik idorrena da. Euria fenomeno arraroa da bertan, zonarik lehorrenean 20 milimetrotik beherakoak izaten dira urteko prezipitazioak. «Basamortu mota honetan prezipitazio maila oso baxua da. Oso basamortu hiperidor gutxi dago munduan», azaldu dio AFPri Pablo Guerrerok, Concepcion Unibertsitateko Botanikako akademiko eta Ekologia eta Biodibertsitate Institutuko ikertzailea denak.

Milaka pneumatiko Atacaman, Autobide Panamerikarretik gertu. (Martin BERNETTI/AFP)

Kostaldetik gertu dauden zonalde batzuetan, lainoaren eraginak ekosistema «oso hauskorra» garatzea ahalbidetu du. Ekosistema horretan, kutsaduraren, klima-aldaketaren eta giza kokaguneen ondorioz, hainbat kaktus mota desagertu dira. Baina badira basamorturako beste arrisku iturri batzuk ere: kobrearen eta litioaren meatzaritza handia, dagoen ur apurra oso intentsiboki erabiltzen duena; eta hondakin igorpen handia egiten duena.

Basamortua «meatzaritzarako leku gisa ikusten dute soilik, minerala ustiatzeko eta baliabideak atera edo poltsikoak betetzeko», kexu da Carmen Serrano, Antofagasta hiriko Sustrai Endemikoak erakundeko kidea. Antofagasta munduko meatzaritzaren hiriburutzat jotzen da. «Ez dago hain mortua ez den basamortu baten kontzientzia hori», gaineratu du Serranok.