Javi Rivero
Cocinero

Euskal-norvegiar gastronomia

Igande on, familia eta lagunak! Banator, orain ere, abentura txiki bat kontatzera. Duela hilabete eskas eman nizuen Cadizen egindako euskal gastronomiaren jardunaldien berri. Gaur, lerro hauek Norvegiako Bergen hiritik idazten ditudalarik, hemen bizitakoak azalduko dizkizuet. Hiri ederra eta bitxia da, non kulturak, gastronomiak eta bertako jendeak badituen esatekoak.

Gastronomia aitzakiatzat harturik, talde jator batek osatu du bidaia. Zortzi lagunek defendatu dugu euskal gastronomia, eta etxean bizi dugun ohituraren bat edo beste. Haritz Rodriguez (CiderZale), gure bidaiako kapitainetako bat eta hona etortzeko gonbita egin zigun pertsona, sagardoan aditua izateaz gain, sagardoaren nazioarteko komunitatean errespetua dioten laguna da. Eta hau izan da benetako arrazoia. Euskal Herriko gastronomia defendatzera etorri garen arren, ez da euskal gastronomia jardunaldi bat izan, sagardoaren nazioarteko topaketa bat baizik. Bide batez, jakina, gure sukaldea aurkeztera deituak izan gara.

Sagardo topaketa honetan, hitzaldi ezberdinak egiteaz batera, oso ezaguna den sagardo sariketa ospatzen da: Nordik International Cider Awards. Zortekoak gu, gurekin bidaiatzen zuen Zapiain sagardotegiko Ionek, Joanes De Zapiain Sagardoak, sariketa irabazi baitu bere kategorian. Eta, era berean, Petritegi etxekoa, zaporezko kategoriako irabazlea izan da; eta Bizioko lagunak, kategoria irekian urrezko domina lortu du. Zorionak, beraz, Ioni eta Zapiain etxea osatzen duen familiari, eta baita Petritegiri eta Bizioko lagunei ere. Biba zuen sagarrak eta sagardoak! Gure lagun minak diren Bizio sagardogileak zortekoak izan dira, beren lehendabiziko aldian finalera sailkatzera lortu dute eta. Hau guztia gertatu da munduko 240 sagardo baino gehiagoren arteko lehian, non 40 pertsonez osatutako epaimahai profesional batek erabaki duen zein sagardo diren onenak mundu mailan.

Dena den, esan bezala, gu kozinatzera etorri gara. Bertako sukaldaria den Morten-ekin (Bergenen izan den lehen Michelin izarrarekin) batera eskaini dugu euskal-norvegiar menua. Gau bikain hau igaro aurretik, ordea, lan franko izan da, eta une dibertigarri ugari. Esate baterako, maleta barruan leherturik iritsi zen geurekin ekarri dugun gildaz beteriko potea. Gilda olio arrastoa utziz sartu ginen hotelean, argi geratu zedin nondik gentozen eta zein den Euskal Herrian gozatzen dugun zapore eta usainetako bat. Promozio ekintza bortitza izan zitekeen, baina ez; aberia ederra, maleta barrukoa. Arropa erdiak hoteleko harraskan garbitu behar izatea eta maletak zakarretara botatzea izan da, beraz, Bergen hirira iristeko gure modua.

Egun horretan bertan, erakustaldia egin behar genuen tokia  bisitatu ostean, zerbait afaltzera joan ginen. 16.30etik gaua zelarik, txoko bat bilatu eta bertan jatea zaila bilakatu zitzaigun. Toki askotan gaueko 19.00-19.30ean ixten baitituzte sukaldeak. Hemen oparo gosaltzen du jendeak, eguerdi partean mokadu txiki bat hartzen du, eta goiz afaltzeko ohitura dute. Guk, honen berri handirik gabe, lortu genuen halako batean afaltzeko txoko bat 19.30ak pasatxo zirela. Tabernan sartu eta musikarik ez zegoen; lau pertsona liburu bat irakurtzen... eta gu. ‘Kraft beer house’ batean geunden, artisautzako garagardoen tabernan. Hitz egiteko gure ozentasunaz ohartuta piztu zuten musika. Beraien lasaitasun unea aztoratu genuen. Guk afaldu eta gero beste 6-8 lagun sartu ziren tabernan. Eta ‘bingo musikatuan’ parte hartzera gonbidatu gintuzten. Esperientzia berezia, guztiz. Hurrengo egunean ere hara bueltatu ginen. Orduan, tribial musikatua izan zen jolas kolektiboa. Bizi beharrekoa, ulertzeko zer den.

Jardunaldiek aurrera egiten zuten heinean, guk gure jakiak prestatzen eman genituen bi goiz. Gure eskaintzak, Mortenekin batera, zentzua izan zezan, Euskal Herriko lau koloreko saltsa ezagunetan oinarritzea erabaki genuen. Mezu zuzena, potentea, eta gure gastronomiako edonoren ordezkaria izan zitekeena: saltsa berdea, zuria, gorria eta beltza. Perrexilaren berdea, arrain gelatinaren zuria, piper txorizeroaren eta tipula gorriaren saltsa gorria eta, azkenik, txibi tintaren beltza. Lau saltsa hauek prestatu ditugu bidaia honetan. Eta erakustaldian eskaintzeko garaian, euskal-norvegiar gastronomia lantzeko asmoz, euskal eta norvegiar produktuen arteko nahasketa planteatzea erabaki genuen. Saltsa berdea legatzarekin, pil-pila hango ‘hallibut’ arrainarekin (fletana ere esaten dioguna). Arrain hau, tamaina handiko erreboilo eta platuxaren arteko lehengusu bat da. Honen azal eta arraspetatik gelatina atera eta pil-pilean prestatu dugu. Beraz, pil-pilaren platerean bi kulturak nahasi ditugu. Bizkaiko saltsa gorria, Norvegian oso ohikoa den arbi mota batekin eta hirugiharrarekin atera dugu. Betiko bakailaotik at, haragi pixka bat eskaintzearren. Hemen ere, bi kulturak nahasiz. Azkenik, Norvegian daukaten barazkien kultura uztartuz eta, gurea alde batera utzi gabe, txibiak tintan eskaini ordez, porruak prestatu ditugu, tinta saltsarekin eta sagar krema pitin batekin. Arrotza egingo zaizuen arren, zin dagit jendeari gehien gustatu zaion platera izan dela. Horretaz aparte, Mortenek beste hiru plater hotz atera zituen, Zapiaineko Ionek hiru sagardo ezberdin; Norvegiako beste hiru sagardo ere izan ziren, gorrotxa gozoak; eta gildak, Idiazabal gazta eta abar.

Jendeak gozatu du gure kulturaz eta, egia esan, Norvegiako taldeak emandako erraztasun guztiei esker, erakustaldia bikain atera zen. Guretzat oso ohikoak diren saltsak, egunero gozatu ditzakegunak modu batez edo bestez, izugarrizko nortasun altxorra dira. Hemen ikusi dut, zein ideia sinpleen bitartez azaldu daitekeen nolakoa den gure kultura gastronomikoa. Elkarrekin partekatzea, talde lana, produktu eta prozesu sinple baina kutunak, pazientziaz ondutakoak (sukaldeko ordu luzeez ari naiz) izan dira bidaia honetako klabeak. Norvegian inoiz baino gehiago sentitu dut euskal gastronomia defendatzeko ardura eta ohorea. Gure historia margotu duten lau saltsa hauek defendatzea, erronka ederra izateaz gain, zaila ere badelako. Mokadu bakoitzean bi elementu soilik eta zapore garbiak nahikoa izan behar zuelako, Norvegia barrutik eta kanpotik etorritako gonbidatu guztiak gurearekin maitemintzeko. Lorerik gabeko platerak eta saltsa perfektuak behar zuten izan, sinplea eta sakona zen mezua ondo uler zedin. Lau kolore. Munduan, beste inon ez bezala, sukalde nortasun eta mota bat ordezkatzeko. Denbora luzez gure amek eta amonek egin izan duten bezala, beste mila kolore gehituz Euskal Herriko pantone gastronomikoari; gisatzea, maitasun eta denbora kontua izan delako beti. Horrela izaten jarraitu dadin nahi dugu guk. Eta batzuetan, horregatik, gure ideiek atzerrian oihartzuna duten momentuan sentitzen dugu, harrotasunez, gure egiteko moduak oso gureak direla. Sarritan gertatzen denez, etxe bat geure etxea dela ohartzeko, etxetik alde egitea bezalakorik ez dago.

Bergenen etxean sentitu gara. Norvegiarrek ere hala sentitu dute Euskal Herria, sukaldean, etxeko gela garrantzitsuenean topo egin dugulako. Esperantza dugu berriz ere tarte luzeak igaroko ditugula sukaldean. Etxeko eta etxean sentitzeko. Bai Norvegian, bai Cadizen. On egin!