Andoni URBISTONDO

Castro Valnera, Bilbo Handiko askatasun haize

Castro Valnera ez dago Euskal Herrian, baina Euskal Herriko mendizale askoren bisita jasotzen du. Bilbo Handiko milioi pasa biztanleen askatasun haize iturria da, Bizkaiko hiriburutik ordubete eskasera baitago autoz 1.718 metroko mendi puska hau. Amildegi ikaragarria du.

Amildegi ikusgarria du mendi honek.
Amildegi ikusgarria du mendi honek. (Andoni Urbistondo)

Castro Valnera Kantabriako Mendietako tontorra da eta mendikate horretako ekialdeko muturrean altxatzen da. Euskal Herrian mendebaldeen dagoen Karrantza bailaratik nahiko gertu. Euskaldunok Pirinioetara joateko joera handia izaten dugu, han 2.000 eta 3.000 metrotik gorako mendi asko daudelako aukeran. Castro Valnera ez dago Pirinioetan, baina Pirinioak urruti geratzen zaizkionari aukera onak eskaintzen dizkio. 1.718 metrorekin, urrun dauka 2.000 metroko langa, baina inguruan 1.500 metrotik gorako dozena pasa mendi ikusgarri ditu.

Euskal Herriko hiri eta eskualde biztanletsuenetik nahiko gertu dago Castro Valnera. Bilbotik Lunada bailarara ordubete pasa baino ez dago, autoz, eta horrek mendigune hura Bilbo Handiko arnasgune nagusi bilakatzea ekarri du. Bizkaiko mendizale askok ondo ezagutzen dute ingurua, hainbat aisi aukera eskaintzen dituelako. Nafarroa edo Huescako Pirinioak askoz urrunago dituzte, hiru ordu edo gehiago autoz, egun osoko irteera hortaz. Lunadara eta Castro Valnera egun erdikoa ahalbidetzen du.

 

Andoni Urbistondo

Ibiltzeko paradisua da Lunada inguruko mendi gunea: Cubada Grande, Pico de la Miel, Pico Lusa... 1.500-1.600 metroko mendi asko daude. Pico del Fraile ikusgarria ere bai, Lunada mendate gainean, baina gailurrean Espainiako Aire Armadaren gune bat dagoelako, bertaratzea mugatuta dago. Ohiko udazkenetan Lunadako mendiak dagoeneko zuriz jantzita behar lukete, baina aurten euriz eta elurrez urri izan da, eta tenperaturaz bero. Etorriko da negua eta, beti etortzen delako, mendi-eskia gustuko dutenentzat txoko maitatua da Lunada eta Castro Valnera. Elur toki ezin egokiagoa da, ipar-mendebaldeko erauntsietan metroka neurtzen baita elur geruza han.

Castro Valnera eta Pico de la Miel beste ur banalerroan kokatzen dira. Alegia, iparrera isurtzen diren urak Kantauri itsasora doaz, Kantabriako Pas eskualdean barrena. Lerro zuzenean 35 kilometro eskas daude itsasoraino gailurretik. Hegora doazen urak Mediterraneoan itsasoratzen dira, Ebro ibaiaren bidez. Kokapen horrek zizelkatu ditu mendi hauek milaka urtetan, eta aintzat hartzeko moduko ohar pare bat jakinaraztea komeni da.

Castro Valnera mendi erraza da egun argietan, zorua lehor antzean dagoenean. Lainoa edo euria denean, edota elurra eta bisutsa badira, kontuz ibili behar da. Burgos aldetik egiten da igoerarik ohikoena. Hego isuria samur samarra da, ordu pare bateko bidea eta 600 metro pasatxoko desnibela. Castro Valnerak, dena den, 1.700 metro pasa ditu, eta iparrera amildegi handia dauka. Beldurtzeko modukoa, egiari zor, 1.400 metro beherago baitaude Kantabriako Pas bailarako lehen etxeak. Gailurretik zulo handia sumatzen da, eta zorua irristakorra dagoenean oso tentuz ibili behar da. Iparrerantz amiltzea heriotzaren parekoa izan liteke. Elurra lodi dagoenean, ondo egonkortuta, eta material egokia erabiliz gero, arriskua neurrikoa da.

 

Geologikoki eremu aski interesgarria da Lunada aldea. Glaziar egitura agerikoa da bi isurietan. U hizkiaren itxurako bailarak erakusten digu hori, milaka urte batzuk atzera glaziarrak Pas bailararaino iristen baitziren. Burgosko Espinosa de los Monteros herriraino ere bai, Lunada mendatetik 10-12 kilometro hegora. Glaziar haiek han bizi izan zirenen egunerokoa moldatu zuten, eta egun, erliebe aztarnei esker, milaka urte atzera paraje haiek nolakoak ziren jakin dezakegu.

Bista itzelak Azaroko lehen egunean elur arrastorik ez da Castro Valneran, zoritxarrez. Ibilbide zirkularra egingo dugu: Collado de La Canal izeneko bailaran barrena igo, Castro Valnera gailurrera, eta Valnera bera eta Pico de la Miel banatzen dituen Piluca lepotik itzuli, aparkalekuraino.

Bideak galbiderik ez du. Bernacho aparkalekuko pista ondoan ezkerrera non hartu behar den markatuta dago, seinale zuri-hori eta zuri-berdeekin. Pagadi dotorea zeharkatzen da hasieran, baina belazeak azkar irabazten dio tokia zuhaitzari. Klima gogor samarra den seinale. Collado de la Canal delakora iritsiko gara, 45 minututan (1.410 metro), Cubada Grande (1.605 metro) eta Castro Valnera (1.718 metro) banatzen dituen lepoa. Bideak modu bitxian egiten du maldan gora, xenda sigi-sagatsuan, eta azkar Castro Valnerako menditzarra agertuko zaigu begien aurrean. Batere misteriorik gabe iritsiko gara tontorrera, azken pausoetan besoak eta hankak erabiltzeko beharrean izango bagara ere.

 

Andoni Urbistondo

Gailurretik bista itzelak daude: Cubada Grande hegora, Europako Mendiak mendebaldera, Santander Kantabriako hiriburua eta Kantauri itsasoa iparrera, eta Pico de la Miel ekialdera. Urrunean garbi sumatzen dira, besteak beste, Gorobel, Gorbeia eta Anbotoren silueta dotorea. Begiradak, baina, ipar isurira amiltzen den zulora ihes egiten du, benetan ikusgarria delako: 1.400 metroko zuloa Pas bailararaino, eta belar malkartsuetan barrena. Ipar aurpegian dozena erdi bide daude mendiko eskia egiteko, edota pioleta eta kranpoiekin igotzeko. Zenbaitetan, maldek 55-60º desnibela izan ditzakete, eta jarduera hori egiten bada, arreta handiz ibili behar dela esan beharrik ez dago.

Castro Valnera garaiera handiko mendia da, eta handitasun horren erakusle da bere goragunea (goraguneak tontor batetik ondoan dagoen bestearekiko igoera aldea neurtzen du), Burgos probintzian goragune handiena duen mendia izanik. Aldiz, Burgosko 15 mendi Castro Valnera baino garaiagoak dira, horietako gehienak Iberiar Mendietan.

Itzulerako bidean arreta apur bat jarri behar da Castro Valnera eta Pico de la Miel gailurren artean kokatzen den La Piluca lepora iritsi arte. Handik Bernacho aparkalekuko pista ikusten da, eta autoraino itzuli beste lanik ez zaigu geratuko. La Piluca lepotik gertu dagoen harrespila batean eskuinerantz egin behar da (zuzen jarraituz gero Pico de la Miel inguratzen da, Lunada eski-estazioraino). Aparkalekurainoko xenda zikin samarra dago tarteka, baina ordu erdi pasatxoan egiten da, erraz.