Amets ilunen mundutik dator Otoi taldearen bideoklip berria

Iazko urte bukaeran ezagutu genuen Otoi proiektua eta ia urtebete beranduago argitaratu du bere lehen diskoa, ‘Tophus’. Urtzi Izaren barruan dagoen musika bezala aurkeztu zuten Otoi eta, ordutik hona, diskoaz gainera, hainbat bideoklip ere aurkeztu dituzte, hau azkena, ‘Uko’.

Urrian zazpi abestiz osatutako ‘Tophus’ lana kaleratu zuen Otoi taldeak, Urtzi Iza bilbotarraren proiekturik pertsonalenak. Aurretik beste hainbat taldetan ibili ostean, beste bide batzuetan barrena abiatu eta Eten Espazio Sonoroa martxan duela, barru-barrutik sortuako abestiak plazaratu ditu 2022 honetan Izak. 

Oraingoan hirugarren single bat aurkeztu du, bideoklip eta guzti, ‘Uko’ deituriko abestia. Ukazioaren inguruan hitz egiten du, bizitzan askotan gauzei muzin egin behar zaiela aipatuz, eta horri guztiari Antton M.G. Ayastuyk eman dio ikus-entzunezko forma. Artisau pieza moduan zabaldu dute, 3-D teknika erabiliaz amets baten adierazpen bisuala dela esan dute Otoi taldekoek. Kantua iluna da eta Ayastuyk sortutako estetikan argitasuna egon arren, bere irudimenetik jaio den izaki bitxi horrek iluntasunera bideratzen gaitu. Aipatu, Ayastuy besteak beste Lukiek taldeko kidea ere badela eta haien iruditeria sortzeaz gainera, Kyxo edota Huntza taldeen sorkuntzetan ere hartu duela parte.

Zuzenean urriaren 24an aurkeztu zuten diskoa Bilboko Kafe Antzokian eta data gehiago iragartzeko zain gaude orain. Bitartean, diskoaz eta orain arte publikatu dituzten ikus-entzunekoez gozatzeko aukera dugu.