NAIZ

Baratzeak lantzen dituztenek minbizia izateko arrisku gutxiago eta osasun mental hobea dute

Ikerketa baten arabera lorezaintzak eta baratzeak landatzeak minbizia izateko arriskua gutxitzen du eta mesede egiten dio osasun mentalari. Colorado Boulder Unibertsitateko zientzialari talde batek zuzendu du ikerketa, eta Bartzelonako Osasun Globaleko Institutuak ere parte hartu du.

Gizon bat baratzean lanean, Burlatan.
Gizon bat baratzean lanean, Burlatan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Lorezaintzak eta baratzeak landatzeak minbizia izateko arriskua murrizten eta osasun mentala hobetzen laguntzen du, Bartzelonako Osasun Globaleko Institutuaren (ISGlobal) parte hartzearekin Colorado Boulder Unibertsitateko zientzialari talde batek egindako ikerketa baten arabera. Ikerketa horren jakitera eman duenez, baratzean dabiltzanek zuntz gehiago jaten dute, jarduera fisiko gehiago egiten dute eta estres eta antsietate maila baxuagoa dute. Ikerketa «Lancet Planetary Health» aldizkariak argitaratu du.

«Aurkikuntza horiek agerian uzten dute komunitateko lorezaintzak eragin nabarmena izan dezakeela minbiziaren, gaixotasun kronikoen eta osasun mentaleko nahasmenduen prebentzioan», nabarmendu du Jill Litt ikerketaren egile nagusi, ISGlobaleko ikertzaile eta Colorado Boulder Unibertsitateko Ingurumen Azterlanen Saileko irakasleak.

Littek gaixotasun-arriskua murrizteko modu eskuragarriak, eskalagarriak eta iraunkorrak bilatzen jardun du, batez ere errenta baxuak dituzten komunitateen artean. «Zoazen lekura zoazela, jendeak esaten du lorezaintzak zerbait daukala, eta horrek hobeto sentiarazten dituela», azaldu du ikertzaileak.

Behaketa-ikerketa txiki batzuek erakutsi dute baratze bat landatzen duten pertsonek fruta eta barazki gehiago jateko eta pisu osasungarriagoa izateko joera dutela, baina ez dago argi pertsona osasuntsuenek baratze bat landatzeko joera duten edo lorezaintzak osasunean eragina duen. Litt-en arabera, hiru ikerketak bakarrik aplikatu zuten ausaz kontrolatutako saiakuntza bat, baina bakar batek ere ez zuen arreta espezifikorik jarri lorezaintza komunitarioan.

Horregatik, ikertzaileek Denver inguruko (Colorado, Estatu Batuak) 291 heldu batu zituzten, lorezaintzan aritzen ez zirenak eta 41 urteko batez bestekoarekin; haietatik erdia baino gehiago zetozen diru-sarrera txikiko etxeetatik. Boluntarioen erdiak lorezaintza komunitarioko taldeari esleitu zizkioten, eta beste erdiak, berriz, urtebete itxaron behar zuen baratze bat landatzen hasteko.

Bi taldeek aldizkako inkestak egin zituzten jaten zutenari eta osasun mentalari buruz, gorputz-neurketak egin zizkieten eta jarduera-monitoreak eraman zituzten. Hala, ikertzaileek ikusi zuten lorezaintza-taldeko partaideek, batez beste, kontrol-taldekoek baino 1,4 gramo zuntz gehiago kontsumitzen zutela egunean, hau da, % 7 gehiago.

Egileek diotenez, zuntzak eragin sakona du hantura- eta immunitate-erantzunetan, eta eragina du alderdi guztietan: elikagaiak metabolizatzeko moduetan, hesteetako gure mikrobiomaren osasunean eta diabetesarekiko eta minbizi mota batzuekiko sentikortasunean. Gainera, talde horren jarduera fisikoaren mailak ere gora egin zuen, 42 minutu astean.

Ikerketan parte hartu zutenek ikusi zuten estres-mailak eta antsietateak behera egiten zutela.
«Baratzera zure elikagaiak leku lasai batean lantzeko asmoz bazatoz ere, zure bizilagunaren lursailari begira hasten zara eta teknikak eta errezetak partekatzen dituzu, eta denborarekin harremanak loratu egiten dira», gaineratu du Littek. «Ez dira fruta eta barazkiak bakarrik. Beste pertsona batzuekin batera aire zabaleko espazio natural batean egotea ere bada kontua», gaineratu du.