NAIZ

Googlek euskarazko emaitzak eman ditzan eskatzeko kanpaina abiatu dute sarean

Nabigatzailea euskaraz konfiguratuta izanez gero, bilaketaren emaitzak euskarazkoa behar luke izan, baina hori ez da errealitatea, hainbat erabiltzailek sarean hasi duten kanpainak salatu duenez. Katalanarekiko diskriminazioa ere salatu dute.

Googleren diskriminazio linguistikoa salatu dute sareetan.
Googleren diskriminazio linguistikoa salatu dute sareetan. (Rolf VENNENBERND | EUROPA PRESS)

Google bidez euskaraz egindako bilaketen lehenengo emaitza hizkuntza horretan izan dadin, eta ez gaztelaniaz, kanpaina abiatu dute hainbat erabiltzailek sareetan. Salatu dutenez, euskararekiko diskriminazioa da eta konponbidea bilatu dezan eskatu diote bilatzaileari.

«Google maitea. Nire hizkuntza nagusia euskara da. Atsekabetuta nago orain dela gutxi, nire bilaketetan, maiz, informazio beraren gainetik, gaztelaniazko orrien estekak jasotzen ditudalako euskaraz. Azter dezakezu hau? Eskerrik asko», da sareetako hainbat erabiltzek Google nabigatzaileari zuzendu dioten mezua.

Eskaera katalanek hasi zuten, gauza bera gertatzen baita euren hizkuntzarekin. Batzuei, Google bilatzailearen Twitter kontuak erantzun egin die eta bilaketa eleaniztunei dagokienez «gauzak hobetzeko» lanean ari direla esan diete. Gainera, arazoaren adibideak bidaltzeko eskatu die enpresak erabiltzaileei.

Adibiderik argiena Wikipediarena da. Katalanarekin bezala, bilaketa euskaraz egin ondoren lehenengo emaitza euskaraz beharko luke izan, baina gaztelaniazko bertsioaren artikulua agertzen da.