NAIZ

Bordeleko Cité du Vin museoa Dantz Point-a bihurtu da

Dantz-ek, proiektuen laborategia eta musika elektroniko eta abangoardiakoaren kultur marka, nazioarteko lehen Dantz Point ekitaldia egin du Bordelen. Dantz-ek eta enologiari buruzko Cité du Vin-ek indarrak batu dituzte ezohiko emanaldi digital bat eskaintzeko. Saioa Youtuben dago ikusgai.

Dantz-eko Youtube kanal ofizialean ikusgarri dago Bordelen egin berri den ekitaldia. Bertan ikusleek musika elektronikoaz eta abangoardiakoaz gozatu dezakete, dronezko irudi, bideo eta plano ikusgarrien bidez espazio kultural eta arkitektonikoki garrantzitsua bistaratzen duten bitartean. Emanaldiak Amentiaren musika du, hots, elektronikako DJen bikote frantziarrarena.

Bordelez aparte, aurten hainbat ekitaldi izango dira Atenas, Lisboa, Amsterdam eta Euskal Herrian zehar.

Eta zein da emanaldi hauen asmoa? «Espazio enblematikoak balioan jartzea eta kulturaren digitalizazioa sustatzen duen ekimen malgu eta berritzaileak egitea» dio Dantz laborategiak. Horretarako, Bordeleko Cité du Vin museoa ere Dantz Point baten agertoki bihurtu zen egun batez, ‘ardoaren hiria’ Bordeleko gune kultural ezagunenetako bat izanik.

Horretarako Gipuzkoako Diputazioaren Mundura dirulaguntza, eta Euroeskualdea  eta Europar Batasunaren babesa jaso dute. Dantz dituen proiektu artistikoak nazioartean erakusteko izan da atzerrian egin duten lehen ekitaldia.

Dantz proiektu laborategi eta marka kultural bat dela dio, elektronika eta abangoardiako musika ardatz bezala eukiz. Sei urte dira jada hainbat ekimen eta proiektu garatzen, hala nola bost jaialdi eta 50 Dantz Point ekitaldi baino gehiagok beraien erreferentzia marka bat bezala posizionatzen lagundu dute, artista komunitate zabal bat sortuz eta tokiko, estatuko eta nazioarteko hainbat eragileekin batera.

Dantz Point musika elektroniko eta abangoardistako saioak leku enblematikoetara eramatera bideratutako ekimen artistikoa da. Saio hauek zuzenean grabatzen dira eta hainbat online plataformatan transmititzen dira. Hori bai, tokiko zein nazioarteko hainbat lekutan egiten dira. Helburu nagusia musika, teknologia berriak eta berrikuntza kulturala erabiltzea da, espazio enblematikoetan balioa jartzeko eta abangoardiako musika garatzeko, hainbat diziplina uztartuz, hala nola arkitektura edo ondarea.

Musika elektronikoko DJ bikote frantsesa da Amentia, Raphaëlek eta Etiennek osatua. Musika emozioen eztanda bat da haientzat, eta bere erro klasikoei eta Estrasburgon piano-jotzaile eta perkusio-jotzaile gisa jazza praktikatzen emandako urteei esker, elektronikara jauzi egin dute Amentia sortzeko. Eskola zaharreko melodia hipnotizatzaileekiko eta sintetizatzaileekiko pasioz, bikoteak eskala eta unibertso musikalen harmonizazio ausarta du.