Eskalatzailea izateaz gain, bidaiaria ere bada Itziar Zabala. Horrela, bi zaletasunak uztartuta, herrialde asko bisitatu ditu, eta, Naiz Irratiko ‘Bidaiari’ saioan, dastatutako azken arroka, eta bertako parajeak ditu hizpide. Afrikaren bihotzean dago Tanzania, eta kontinenteko aintzira handienez inguratuta dago, Kilimanjaro sumendiaren magalean, sabanaz inguratuta.
Hara joateko aitzakia eskalada izan ez arren, estuki lotu zitzaion bidaia herrialdeko bloke ederretara. Izan ere, Climbing For a Reason proiektuarekin egin zuten topo berak eta bikotekideak: «Txiletarrak dira Lucho, Javiera eta Mateo, eta, urtero, bi bidaia egiten dituzte: lehena beren jatorrizko herrialdean, eta, bigarrena, berriz, nazioartean. Gizarte-lana egitea dute xede, bertan integratu eta eskaladako baliabideak bermatuta».
Hala, dinamika hori hainbat herrialdetan gauzatu dute, Pakistanen edo Amazonas oihanean, kasu. Eskalatu bai, baina arrazoi batengatik. Zein da, bada, proiektua Tanzaniako Musoma herrixkan egiteko zergatia? Oro har, umeak «egoera larrian» daudela ikusi zuen Zabalak; horrez gain, zukua atera dio egitasmoak umezurztegiaren inguruan dagoen harriari, eskalatzeko paradisu bihurtzeraino: baldintza pribilegiatuak ditu Musomak, granito trinko eta gogorreko milaka arroka birjinez inguratua bizi baitira bertan.
Hori horrela, egitasmoan parte hartzeko proposamenari baiezkoa eman eta crowfounding-a ipini zuen martxan bikotekideak bidaia hasi aurretik: eskalatzeko materialaz gain, eguneroko premiak asetzeko baliabideak eskuratu zituzten horrela.
«Lasaitasuna behar dute animaliek»
Umezurztegira ailegatu aurretik, ostera, Dar es Salamen lur hartu eta hiriko kaosetik ospa egin zuten ziztu bizian, Serengeti Parke Nazionaleko parajeetan murgiltzeko, haran amaigabean. Bizilagun du Kenyako Masai Mara eta bertan topa daitezke bost handiak: lehoia, lehoinabar, elefantea, afrikar bufaloa eta errinozeroa. «Zorte handia behar duzu animaliak ehizan ikusteko, zorionez. Zorionez diot animaliek, horretarako, beren espazioa behar dutelako, lasaitasuna, eta hori gauez egiten da». Eguzkia ezkutatzen denean, ezin da inor sartu bertan, Parke Nazionala izanik, neurriak zorrotz betetzen baitituzte, jasangarritasunaren alde eta, nabarmenki, beherantz egin duen isileko ehiza babesteko.
Dena dela, guztia ez zen liluragarria izan Zabalarentzat: «Marra oso fina da: turistari guztia ematen saiatzen dira gidariak. Horrez ez du esan nahi bidetik atera behar denik autoa animalia ikusteko. Zure propina da beren soldata». Bide beretik, haur asko ikusi zituzten bidean diru-eske: «Turistari itxoiten ari ziren. Umeak erabiltzen dituzte dirua lortzeko».
Musoman murgildu ziren, ondoren, giro turistikotik urrun kokatutako Jipe Moyo Centerren: hiru urtetik, hogei urtera bitarteko 67 ume eta bost moja bizi dira bertan, Sister Chacharen zuzendaritzapean, eta ez dago adin-tarte zehatzik bertatik irteteko. Horrela, egitasmoaren bidez, jolastokiko rokodromoa probatu zuten eta baita bertako arrokak ezagutu ere. Lucho arduratu zen bideak irekitzeaz, eta «indar zein energia handia» behar delakoan da eskalatzailea, «berak hain denbora gutxian egindakoa egiteko».
Aste osoa igaro zuten umeekin, granitoz inguratuta, eta beren etxearen bueltan biltzen diren harri blokeei beste irakurketa bat ematen ikasi dute haurrek, proiektuari esker. Guztia ez zen eskalada, ordea, dantzatzeko edo haurrekin herrira erosketak egitera joateko tartea hartzen baitzuten. Gabonak ere bertan igaro zituzten eta familia txiki bat osatu zuten oso denbora tarte laburrean.
Hazi bat erein zuen bidaiariak, umeekin batera, eta, egun, sugandilen pareko ibiltzen dira gora eta behera. Umezurztegiko haurrek beren inguruko arrokei nola, eskaladari bestelako irakurketa eman nahi, entzule?