NAIZ

NAIZ eta 40 Minutu Rock, taupada berean elkar batuta

Otsailaren 25ean Durangoko Landakon ospatuko den 40 Minutu Rock jaialdiak eta NAIZek hitzarmena sinatu dute. Sarrerak agortuta, bertaratzen diren guztiek abantailak izango dituzte eta azken aukera bat ere egon da kanpoan geratu zirenentzat.

40 Minutu Rock lan taldeko Anes Baños, Aitor Gonzalez, Andrea Aragon eta Aitziber Areitio, Asier Iñigo NAIZeko marketing arduradunarekin.
40 Minutu Rock lan taldeko Anes Baños, Aitor Gonzalez, Andrea Aragon eta Aitziber Areitio, Asier Iñigo NAIZeko marketing arduradunarekin. (Aritz Loiola | FOKU)

40 Minutu Rock bueltan da. Hiru urteko etenaldiaren ondoren indarberrituta dator hurrengo otsailaren 25ean Durangoko Landako Gunean ospatuko den musika jaialdia. Etenak, gainera, ez du ordura arte erakutsitako indarrik makaldu. NAIZ eta 40 Minutu Rock elkar batu dira berriro eta 8.000 lagunek sarrerak agortu zituzten otsailaren hasierarako. 

Desagertzeko bokazioz jaiotako jaialdi honek, tamalez, jarraipenaren beharra du oraindik. Espetxe politika ankerraren ondorioak pairatzen jarraitzen dute oraindik orain euskal presoen senide eta lagunek. Bihotz taupada bateratu bat da, haratara, 40 Minutu Rock, eta NAIZek bat egin du berriro ekimenarekin.

Bi aldeek sinatutako akordioari esker, hainbat abantaila izango dituzte bertaratzen direnek. Esate baterako, NAIZen gazte harpidetza jasoko du opari hilabetez Landakora gerturatzen den orok (harpidetza aktibatzeko jarraibideak jasoko dituzte sarrera erosi duten guztiek). Halaber, kontutan izateko datu bat ere bada ondokoa: NAIZeko harpidedun guztiek sarrera prezio erdian eskuratu ahal izan dute, hartara, ehunka harpidedun joango dira Durangora.

Maila informatiboan interesa pizten duen hitzordua da, halaber, 40 Minutu Rock. Hartara, NAIZ Irratiak saio eta despliege bereziak egingo ditu jaialdiaren egunean bertan, eta Landakon bildutako giroari buruzko kronika eta argazkiak ere ikusgai izango dira NAIZen.

Azken aukera

Azken ohar gisa, zehaztu oraindik sarrerarik ez zuten lagunek azken aukera bat ere izan zutela horiek eskuratzeko. NAIZeko sare sozialetarako jarraitzaileentzat azken orduko zozketa bat egin zen (10 sarrera bikoitz) ostegun honetan, NAIZeko Instagram, Twitter eta Facebook-eko kanaletan.  

Egun osoko egitaraua izango dute Durangora bertaratzen diren zaleek, goizeko 10.30ean zabalduko baitira ateak. Musika eskaintzaren parte izango dira, besteak beste, Merina Gris, Rotten XIII, Bulego, Skabidean, Dupla, Bengo, Huntza, Lukiek, Perlata, Unidad Alvaesa, Brigade Loco, Iheskide edo Ginger. Alboko karpan ariko dira KSKA + Azken Erromantikoak, Pary&tiza, Lietako esan digluten eta DJ Reimy. Goizaldera arte luzatuko den jaia bi eszenatokitan banatuko da eta hamahiru talderen zuzenekoez gozatu ahal izango da goizaldera arte luzatuko den elkartasun jaialdian. Azkena izatea besterik ez da falta.