JURGI FERNANDEZ OSTOAGA - SALTO TRAINING

Jarduera fisikoaren eguna

Lehengo astean gure sektorean garrantzitsua den egun bat izan dugu, hala nola Jarduera Fisikoaren eguna, apirilaren 6a. Egun honetan hedabide ezberdinak jarduera fisikoari buruz, kirolari zein ariketa fisikoa egitearen onuraz, maiz aritzen dira. Kasu honetan, eskema labur batean islatu nahi dugu jarduera motak pertsonaren osotasunean dituen onurak. Alde batetik, onura fisikoak daude, hipertentsioa, diabetes II-a, bihotzeko gaixotasunak, hezur hausturak... ekiditen laguntzen dutenak eta aldi berean sistema kardiobaskularra zein muskuloeskeletikoa indartzen laguntzen dutenak. Bestetik, onura psikologikoak daude, estresa, adikzioa, depresioa, antsietatea, memoria galtzea... saihesten, kontrolatzen eta gainditzen laguntzen dute eta hauen eragileak indartzen dituzte, hala nola autoestimua, harreman sozialak eta autokonfiantza.

Gainera, talde kirolek edo lehia duten jarduerek interakzioa eta harreman sozialak bultzatzen dituzte. Aspektu hau oso garrantzitsua da edozein adinetako pertsonentzat, bai hezkuntza prozesu gisa (galdu, irabazi, lehiaren kontzeptua... bizitzeko), bai kohesioa eta talde lana bultzatzeko (enpresetan edo programa inklusiboetan, adibidez), eta, nola ez, dibertsioa eta ongizatea bultzatzeko (bakardadea pairatzen duten gazte/helduekin, adibidez).

Aipatutako onura hauek edozein jarduera burutzean lortu ditzakegu, jarduera fisikoak berak duen ezaugarria baita, baina denek ez dute maila bereko eragina izango. Paseatzera irteteak eta indarreko saio gidatu batek ez du eragin berdina izango sistema muskulueskeletikoarekiko, edo ‘spinning virtual’-eko saioak eta dantzako taldekako saioak ez ditu harreman sozialak era berean indartuko. Beraz, pertsona bakoitzak, bere ezaugarri eta helburuekin, bere bidea topatu behar du, jarduera fisikoa egunerokotasunean txertatuz eta norbere osotasunean zoriontsuagoa eta osasuntsuagoa bihurtuz.