NAIZ

Adimen Artifizialarekin aztertu dituzte iraganeko epidemiak, etorkizunekoak aurreikusteko

Herrialde Katalanetako bi unibertsitatetako ikertzaileek 1918ko kolera, izurria eta gripeari buruzko artxiboko datuen analisi masiborako Adimen Artifiziala erabili dute. Proiektuaren helburua da iragarpen eredu berriak bilatzea eta epidemien ondorioek denboran duten iraunkortasuna ebaluatzea.

1918ko gripe pandemiaren aurkako behin-behineko ospitale bat Kansasen (AEB). (N.A. USA)
1918ko gripe pandemiaren aurkako behin-behineko ospitale bat Kansasen (AEB). (N.A. USA)

Covid-19aren lehen kasuak argitaratu aurretik, Kanadako konpainia batek garatutako Adimen Artifizialean oinarritutako algoritmo batek detektatu zuen Txinako Wuhan hirian hedatzen ari zen birus berri bat zegoela. Etorkizuneko epidemiak iragartzeko aplikatutako teknologia berrien potentzialaren erakusgarri, Universitat Oberta de Catalunyako (UOC) eta Universitat de les Illes Balearseko (UIB) ikertzaile talde batek adimen artifiziala erabili du eredu berriak ikertzeko eta osasun krisien ondorioen denboran iraunkortasuna ebaluatzeko.

«Covid-19ak eragindako osasun krisiak agerian utzi du epidemien iraunaldia. Badakigu etorkizunean gehiago egongo dela, baina ez dakigu nolakoak izango diren. Aldiz, informazio erabilgarri asko dugu iraganekoei buruz», azaldu du Joana Maria Pujadas Morak, UOCeko Arteen eta Humanitateen Ikasketetako irakasleak, eta gai horri buruzko Epi-Desigual ikerketa proiektuaren ikertzaile nagusietako batek.

Pujadasek zuzentzen duen taldeak adimen artifiziala erabiltzea proposatzen du, ikaskuntza automatikoaren bidez (machine learning) eta hizkuntza naturalaren prozesamenduaren bidez (natural language processing), datu historikoak masiboki aztertzeko. «Gizarte zientziak –eta, besteak beste, demografia historikoa– ezinbestekoak dira iragarpenean eta epidemien aurkako borrokan aurrera egiteko, baita haien ondorioak balioztatzeko ere», dio ikertzaileak.

Espainiar Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak finantzatutako Epi-Desigual ikerketaren esparruan, 1820 eta 1960 bitartean argitaratutako egunkari ofizialen eta egunkarien testu informazioak aztertuko dira. Testu horiek kolera, 1918ko gripea eta izurria Katalunian eta Balear Uharteetan dute oinarri. «Iragana da etorkizuneko osasun krisiak aurreikusteko proba bankurik onena. Zoritxarrez, aurrerantzean ere agertuko dira, globalizazioaren, gizakien eta animalien arteko elkarreragina areagotzearen, urbanizazioa handitzearen eta klima aldaketaren eraginez», azpimarratu du UOCeko ikertzaileak.

Gaur egun, proiektuan parte hartzen duten hamalau ikertzaileek eskura duten artxiboko informazio guztia biltzen dute, gero aztertu ahal izateko. Proiektuak hiru urteko iraupena izango du eta, amaitu ondoren, emaitzak lehen mailako zientzia aldizkarietan zabalduko dira, beste argitalpen eta hedapen ekintza batzuen artean.

Aurresateko gaitasuna hobetzea eta iraunkortasuna zehaztea

Ikerketa proiektu honen helburua bikoitza da. Alde batetik, iragarpen ereduetan eta epidemien garapenean berrikuntzak sartu nahi ditu. Bestetik, epe labur, ertain eta luzeko epidemien ondorioen iraunkortasuna ebaluatu nahi du desberdintasun sozioekonomikoari dagokionez, kontuan hartuz osasunarekin eta portaera demografikoekin zerikusia duten desberdintasunak genero ikuspegitik. «Zehaztu nahi dugu, adibidez, nola eragiten dioten pandemiek jaiotza tasari», zehaztu du Pujadasek.

Azken helburua da Administrazio publikoei erabakiak hobeki hartzen laguntzea, epidemien aurkako borrokan neurri egokiak eta eraginkorrak aplikatu ahal izateko. Era berean, osasunarekin zerikusia duten politika publikoek desberdintasun ekonomikoak murrizten laguntzea da helburua.

Era berean, proiektuaren emaitzak lagungarriak izango dira datuen analisiaren paradigma berrirako; paradigma horrek errealitatea ulertu nahi du datu kopuru handietatik abiatuta. Autore askok uste dute EPI-Desigual bezalako ikerketa zientifikoek egungo zientzian nagusi den arrazoibide induktiboa ordezkatuko dutela.