Testua: Nagore BELASTEGI Argazkiak: Jagoba MANTEROLA / FOKU

Allotzeko urtegia: Nafarroak ere badu hondartza

Windsurfa, paddle surfa eta bela ez dira itsasoko kirolak soilik. Izan ere, marea eta olatuetatik urrun horietan trebatzea errazagoa da. Horretarako aukera ematen du Allotzeko urtegiak, Lizarratik kilometro gutxira, udan nafarren hondartza bilakatzen denak.

Ez da ezinbestekoa itsasotik gertu bizitzea hondartzaz gozatzeko. Izan ere, Nafarroak badu Euskal Herriko hondartzarik ederrenetako bat, Karibearekin alderatu daitekeena eguzkiak gogor jotzen duenean duen ur turkesagatik. Arabarrek Garaiora jotzen duten bezala, nafarrak Lizarratik 15 minutura, Deierri eta Gesalatz udalerrien artean, dagoen urtegi honetara joan daitezke egun beroetan freskatzera edota ur kirolez gozatzera. Izan ere, kirolen bat egin nahi izanez gero, Allotzen bertan ikastaroak ematen dituzte, eta materiala alokatu daiteke, norberak eraman ezean. 1930ean eraiki zuten, 930 hektarea ditu eta 84 hektometro kubiko ur pilatu ditzake. Iazko bero boladan oasi modukoa izan zen askorentzat, lehortearen ondorioz ura ez xahutzeko eskatu zutenean urtegi hau zelako freskatzeko biderik errazena.

Nafarroako urtegirik garrantzitsuenetakoa da uraren kalitateagatik. Urtegia oso handia izanik jarduera desberdinak aldi berean egitea ahalbidetzen du -bela, windsurfa, pedalontziak, piraguismoa, paddle surfa, arrantza eta parapentea-, eta bainurako bi gune prestatu dituzte: Leraten eta Ugarren. Goi-denboraldian, prestatutako gune horietan dauden aparkalekuetara sartzeko erreserba aurrez egitea ezinbestekoa da, autoa ezin baita edonon utzi eta horrela lekua izango duzula ziurtatzen duzu. Gainera, prezio sinbolikoa da; Iruñeko Gaztelu plazako parkingean ordu erdiz autoa uztean ordaintzen denaren truke egun osoa igaro daiteke Allotzen, 1,50 eta 3,50 euro arteko prezioa baitu. Jende kopurua nolabait kontrolatzeko kobratzen dute, debekatuta baitago autoa parking berezi horietatik kanpo uztea, eta doan izango balitz edonon aparkatuko luketelako bisitariek. Aparkalekuen ordutegia 9.00etatik 21.00etara artekoa da, eta egun osoz edo ordu batzuz erreserba daitezke.

Horrez gain, egun ederra igarotzeko zerbitzuak dituzte hondartzek, hala nola komunak, dutxak, itzalkinak eta mahaiak. Leraten, gainera, parkea eta taberna daude, inguru hau baita jende gehien erakartzen duena. Leraten dago, hain zuzen, Nafarroako Bela Eskola, Aritzaleku kanpinaren alboan, eta hor kontratatu daitezke bestelako kiroletarako ikastaroak ere. Ura bare egoten den arren, haizeak gogor jo ohi du, eta horregatik da leku aproposa hainbat kiroletan trebatzeko, itsasoko arriskuetatik urrun.

J.B.

Allotzen beste balio garrantzitsu bat zaindutako ekosistema duela da. Izan ere, azken urteetan saiakera handiak egin dira ingurunea zaintzeko eta bisitariek hura errespeta dezaten. Inguruari buruzko informazio guneak ere badaude hondartzetan, eta turismo bulegoko langileak bertan egoten dira bisitariei gomendioak eta azalpenak ematen, urtegia nola zaindu jakin dezaten.

Eguraldi onak bainu bat hartzera bultzatzen duenez sasoi jendetsuena uda den arren, urte osoan bisita daiteke urtegia naturagune hau ezagutzeko. Izan ere, oinez ibiltzea gustuko dutenentzat ere aproposa da; urtegia osorik inguratu daiteke Lerate eta Ugar bailaretatik igaroz eta inguruan dauden herri txikiak ezagutuz. Udazkenean zainzuri soro eta mahastiek edertutako paisaia koloretsuak aurkituko ditugu.

Gertu dagoen Iturgoienera joanez gero, Trinitateko baselizara igo daiteke, eta bertatik irudi panoramiko ederraz gozatu. Allotz eta Lakar herriak batzen dituen errepidetik joanez gero, berriz, Egiarteko Andre Mariaren eliza erromanikoa dago, Deierri Ibarreko altxorretako bat, magiaz eta misterioz betea, Hirugarren Karlistaldiko Lakarko guduaren lekuko izan zena.