Joseba Salbador Goikoetxea

Mendiko, ardoa egin eta saltzeko modu jasangarria

Imanol Ibero mahastizainak ardo eta olio ekologikoak ekoizten ditu Oibarren, teknika tradizionalak erabiliz, eta haren arreba Maitek Iruñeko dendan saltzen ditu, granelean, ontzien berrerabilpena sustatuz.

Maite Iberok bere anaia Imanolek Oibarren egiten duen ardoa granelean saltzen du Azpilagañako dendan.
Maite Iberok bere anaia Imanolek Oibarren egiten duen ardoa granelean saltzen du Azpilagañako dendan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Gero eta upategi gehiago dira produktu kimikorik gabeko mahastiak lantzen dituztenak. Hauen artean dago Nafarroako Oibar herriko Mendiko upategia. Baina kasu honetan, jasangarritasuna ez dute produkziora soilik mugatu, salmentara ere zabaldu nahi izan baitute.

Imanol eta Maite Ibero anai-arrebak dira gaur egun Mendiko upategiaren eta dendaren arduradunak. Biak jarraipena ematen ari dira bere aita Vitorrek hasitako proiektuari. «Gure aitak 90eko hamarkadan ekin zion mahastiak landatzeari, eta ekologikoaren aldeko apustua egin zuen –azaldu du Imanolek– ez zegoelako gustura ohiko nekazaritzak zeraman bidearekin. 14 hektarearekin hasi zen».

Upategia 2000. urtean zabaldu zuen, eta handik bost urtera Imanol eta Maite seme-alabak sartu ziren proiektuan erreleboa hartzeko asmoz. «Hala ere, gaur da eguna gure aitak, jubilatuta egon arren, gurekin lanean segitzen duena».

Imanolek argi dauka lurrari lotutako ardogintza egin nahi duela. «Gu saiatzen gara gure ardoa mahastietatik datorren mahatsaren ondorio ahalik eta zuzenena izatea, eta horretarako hartzidurak guztiz naturalak dira».

Mendiko upategiko produkzioa batez beste 50.000 litro ingurukoa da. Gehienbat ardo beltza egiten dute, garnatxa, cabernet sauvignon, tenpranillo eta syrah mahats motak erabiliz. Horrela, aurten lau ardo mota egin dituzte: urtekoa (“Oraina” izenekoa); haritzezko upeletan zazpi hilabetez ondutakoa (“Oreka”); bederatzi hilabeteko kriantza (“Memoria”) eta hartzidura malolaktikoa upelean egindako edizio berezi bat (“Ikimilikiliklik” izenekoa). Horiekin batera, aurten ardo gorria botilatzera ere animatu dira.

Ardoa, eguneroko elikagaia

Modu batera edo bestera, Imanolek eta Maitek argi daukate ardoak eguneroko elikaduraren osagai bat izan behar duela, eta horregatik modu ahalik eskuragarrienean eskaini nahi diote herritarrari.

Orain dela hamar urte denda zabaldu zuten Iruñeko Azpilagaña auzunean, bai ardoa eta bai Nafarroako barazki, lekale eta fruta ekologikoak modu zuzenean herritarren eskura jartzeko.

Han ardoa soltean (granelean) saltzen dute, garai batean egiten zen moduan, alde batetik modurik jasangarriena delako, eta bestetik merkeagoa ere bai. «Normalean saltokietan beira, kartoia eta plastiko asko erabiltzen da, eta guk hori guztia aldatu nahi dugu. Ontziratu gabe erosten baduzu, ardoa bakarrik eramango duzu etxera, ez plastikorik, ez beirarik, ez etiketarik».

Horrela, ardoa altzairuzko barriketan daukate, eta jendeak etxetik ekarritako garrafoi edo botiletan eraman dezake etxera. Horrez gain, bost, hamar edo hamabost litroko “Bag-In-Box” ontzietan ere eraman dezakete. Guztira, produkzioaren %60 saltzen dute ontzi horietan edo granelean, eta gainerako %40 bakarrik botilan.

Ardoarekin batera, haiek egindako olioa ere saltzen dute. «Ayesa herrian hiru olibondo sail ditugu, desagertzeko arriskuan zeudenak eta berreskuratzea lortu dugunak, eta horiekin gure olio propioa egiten digute».

Merkaturatze lanetan lagungarri gisa, Mendiko upategia Biba Ardoak kooperatibako kide ere bada, batez ere ostalaritzan eta elkarteetan bertako ardoen kontsumoa sustatzeko.