Larunbatean sare sozial «justuagoak eta osasungarriagoak» ahalbidetzen dituen fedibertsoa (unibertso federatua) delakoari buruzko jardunaldi bat egin zen. Abaraska taldearen eskutik teknologia berritzaile honi buruzko hitzaldiak eta mahai-inguruak izan ziren Badalaben, Errenterian. Topaketa hauek antolatu dituen talde honek software librea, euskara eta fedibertsoa sustatzen ditu.
Herrialde katalanetatik etorritako Rita Barrachinak eta Marcel Costak katalunian 2008tik aurrera egin diren egitasmo ezberdinak aurkeztu zituzten. Esaterako, LaLoka elkartea, Anartist, Fediliburuxka (fedillibret) eta beste batzuk. Ondotik, ‘Argia’ hedabideko kideak diren Asier Iturraldek eta Axier Lopezek azaldu zuten zer bide urratu duten komunikazio etikoaren esparruan, azkenerako fedibertsoarekin lotuz auzia. Burujabetza teknologikoaren inguruan aritu ziren eta azaldu zeintzuk izan diren hedabidean emandako «hausnarketak, aldaketak eta kontraesanak».
Arratsaldeko saioan alderdi praktikoak hartu zuten segida: fedibertsoaren erabilera eta ezagutzari buruzko ariketak, Abaraska taldearen bizipenen partekatzea eta etorkizunean heltzeko erronken plazaratzea, besteak beste.
«Jardunaldi honetan ateratako ondorio nagusia da fedibertsoaren erabilera gehiago sustatu behar dela eta horretarako ezinbestekoa dela komunikazioan eragiteko gaitasuna dutenek parte hartzea, kazetariak eta hedabideak», adierazi dute ohar baten bidez.
Abaraskak euskarazko sare sozial libre eta ireki gehiago eskaintzen ditu: Peertube.eus bideoentzako, Pixelfed.eus argazkientzako, Lemmy.eus foroentzako eta Paperjale.eus liburuentzako. Denak euskaraz, irekiak eta software librearekin eginak. Fedibertsoaren parte direnez, webgune batekoak zein bestekoak beraien artean jarraitu daitezke, baita beste sare sozial libreetakoak ere.
Izan ere, Fedibertsoa, hainbat protokolo libre eta irekien bidez, beraien artean konektatuta dauden webguneen eta zerbitzuen sare deszentralizatua da. Protokolo horiek plataforma desberdinen arteko komunikazioa eta elkareragina ahalbidetzen dute, zerbitzari zentralizatu baten beharrik gabe.
«Fedibertsoa erabiltzaileen aukeratzeko askatasunaren ideian oinarritzen da. Beraz, haien beharretara eta lehentasunetara hobekien egokitzen den plataforma aukeratzeko aukera ematen die», azaltzen dute. Aipatutakoez gain, Fedibertsoa osatzen duten plataformen artean, Mastodon ere badago.
«Laburbilduz, fedibertsoa gaur egun Interneten nagusi diren plataforma komertzialen, zentralizatuen eta pribatiboen alternatiba librea da, aniztasun eta deszentralizazio handiagoa eskaintzen duena. Horrelako ingurunea bereziki aproposa da euskaldunontzat, gure hizkuntza ohiturak garatzen laguntzen digulako: euskaldunok euskaldunokin hitz egiteko aukera gehiago, webguneak eta aplikazioak euskaraz eta abar», adierazi dute.