CONTENU SPONSORISÉ

Ekitaldiz beteta datoz aurtengo Bergarako jaiak

Aurtengo Bergarako jaiak ekitaldiz beteta datoz. Udalak eta Jai Batzordeak prestatutako egitarau zabalari beste zenbait eragilek antolatutako ekitaldiak gehituko zaizkio, maiatzaren 26tik 30era bitartean.

Bergarako plaza kolorez eta musikaz beteko da txupinazoarekin batera.
Bergarako plaza kolorez eta musikaz beteko da txupinazoarekin batera. (Gorka RUBIO | FOKU)

Pentekoste jaiei hasiera emateko ardura izango dutenak zaintzan aritzen diren emakumeak dira, jai batzordeak aitortza berezia egin nahi izan baitie, jaietako espazioa ere baliatuz. Beraiek botatako txupinazoak eta Bitorianatxoren jaitsierak abiatuko ditu aurtengo jaiak, ostiral honetan (maiatzak 26) arratsaldeko 20:00etan, Bergarako Musika Bandaren kalejiraren aurretik.

Jai Batzordeak prestatutako egitarauak kultura eskaintzan egingo du azpimarra. Horrela, zuzeneko kontzertu ugari izango dira: ‪Delirium Tremens (ostirala 26); J Martina (larunbata 27); Goxua'n Salsa (igandea 28); Joselu Anaiak (astelehena 29); eta Bankako menditarrak eta Trikidantz (asteartea 30).‬ Baina horrekin batera ez dira faltako kirola, gastronomia eta beste hainbat ekitaldi, adin eta gustu guztietako pertsonek lekua izan dezaten.

Horrela, aipatzekoa da zapatu arratsaldean egingo den erraldoi, buruhandi eta kilikien kalejira, bertan elkartuko baitira Castelló, Sestao, Iruñea, Deustu eta Bermeotik etorritako 40 bat erraldoi.

Astelehenean, maiatzak 29, kuadrillen eguna ospatuko da –olinpiada eta bazkaria barne–, eta asteartean, ume eta helduen eguna.

Xaxau jai herrikoien konpartsak 15 urte

Egitarau ofizialarekin batera, aurten 15 urte betetzen dituen Xaxau jai herrikoien konpartsak ere ekitaldi ugari antolatu ditu, urte hauetan guztietan egin duen moduan, jai herrikoi eta parte hartzaileak bultzatzeko asmoarekin. Konpartsak antolatutako ekitaldiak txosnaguneko ohiko lekura itzuliko dira (Bideberrira), Zubieta eta Masterreka kaleko lanak amaitu ondoren.

Xaxauk antolatutako egitarauan, aipatzekoak dira txupinazoaren aurretik izango diren ikasle bazkaria eta elektrotxarangaren irteera. Gauero, bestalde, kontzertuak izango dira txosnagunean, baita eguerditan herri bazkariak ere: larunbatean preso eta iheslarien aldekoa, eta igandean Txomingero bazkaria.

Urteurrena ospatzeko, konpartsak argazki erakusketa izan du Pol Pol tabernan hilabete osoan, eta jai hauetan txosnagunean ere ikusgai izango da. Gainera, Xaxauren omenez abesti bat prestatu dute Bergarako Musika Bandarekin elkarlanean.

Jai espazioak inklusiboak eta indarkeriarik gabekoak izan daitezen neurriak hartu dituzte aurtengo jaietan. Hala, prebentzio lanak egitearekin batera, eraso egoerak kudeatzeko bitartekoak eskaini eta arreta gunea jarriko dute. Era berean, larunbat arratsaldean Martxantera talde feministak Guateke more ibiltaria egingo du, txosnagunetik abiatuta.

Erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Arrano taberna, Bergara Pneumatikoak, Bergarako Udala, Garaje Murillo, Lakota Ferreteria, Pol Pol Taberna, Txipi ventanas, UNED Bergara, Zumelaga Jatetxea.