Zapiain sagardotegia da XXII. Gipuzkoako Sagardo Lehiaketako irabazlea. Bertako sagarrarekin egindako sagardoa goraipatzea da sariketaren helburua eta aurten 20 sagardogilek hartu dute parte. Berrikuntza moduan, Sagardo Bereziei aparteko aipamena egin zaie. XXII. Gipuzkoako Sagardo Lehiaketa/Gipuzkoako Foru Aldundia Sariak txapelketaren sari banaketa ostiral goizean egin da Gipuzkoako foru jauregiko tronu aretoan.
Ekitaldian parte hartu dute Markel Olano diputatu nagusiak, Xabier Arruti Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendariak, eta lehiaketan parte hartu duten sagardotegi guztietako ordezkariek. Jose Antonio Garmendia, Nekazaritzako Sustapen eta Osasuneko Atalburuak aurkeztu du sari banaketa. Epaimahaiak Zapiain sagardo ekoizle irabazleak egiten duen sagardoaren kalitate analitiko eta organoleptikoa jarri du balioan.
Markel Olanok azpimarratu du lehiaketa honen helburu nagusia dela bertako sagarrarekin egindako sagardoa, Euskal Sagardoa jatorri-izendapenera bideratutakoa, balioan jartzea, sustatzea eta saritzea. «Sagardoa, txakolinarekin eta gaztarekin batera, Gipuzkoako produktu izarretako bat da, bere balio kultural, gastronomiko eta ekonomikoa dela-eta», azaldu du Olanok.
Xabier Arruti zuzendariak, berriz, sagardogileen lana goraipatu du: «Gure sagardogileek atsedenik gabe egiten duten jarduna aitortzeko helburuarekin egin zen lehen aldiz txapelketa hau duela 22 urte, eta egun ere lan hori balioan jartzen jarraitzen dugu». Berrikuntzaren eta kalitatearen alde egin duten bidea ere azpimarratu du zuzendariak.
Herrialdeko 20 sagardogile lehiatu dira XXII. edizio honetan eta iaz bezala, aurten ere, lortutako puntuazioaren arabera bi kategoriatan banatu dira sagardoak: urrea jaso dute 72 puntutik gora lortu duten sagardoek, eta zilarra 65 eta 72 puntu artekoek. Jarraian, urre kategoria lortu duten sagardoen artean bigarren dastatze-fase bat egin da eta txapelduna aukeratu da.
Hori horrela, Sagardo Lehiaketako 2023ko edizioan hamabi izan dira 65 puntutik gora lortu dituzten sagardo ekoizleak: zilarra Oiharte, Petritegi, Saizar eta Zelaiak. Eta urrea, berriz, Aburuza, Akarregi, Alorrenea, Altzueta, Begiristain, Isastegi, Lizeaga eta Zapiain sagardotegiek. Saritu guztiek euren botiletan, datorren urte osoan, zigilu akreditatibo bat eramateko aukera izango dute, urrezko eta zilarrezko sailkapena erakutsiko duena.